Mondragon Unibertsitateak ez du zalantzarik utzi gaur arratsaldean Iturripen jokatutako derbian. Bergararen aurka jokatu dute norgehiagoka, eta markagailuan nagusitasun argia erakutsita, 90-67 emaitzarekin lortu dute garaipena.
Hasieratik erritmo bizia ezarri du etxeko taldeak. Lehen laurdenean, 19-11 eta bigarrenean, 27-23 aldeak zabaltzen joan dira, atsedenaldira 46-34ko emaitzarekin iritsiz. Hirugarren laurdenean Ointxeko gizonek, diferentzia areagotu dute, 72 – 49 eta azken laurdenean errentari eutsi diote, garaipena zalantzarik gabe eskuratuz. Partiduko jokalaririk nabarmenena Txomin Ayastui izan da, 22 punturekin; 6 errebote batu eta 20ko balorazioa lortu du, taldearen erasoan gako nagusi bilakatuz.



















