Mondragon Unibertsitatea, Fabrikazioko Europako Master Bikoitza emango duen Estatuko unibertsitate bakarra

0
233

Testua: Mondragon Unibertsitatea.

Mondragon Unibertsitatea Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuak (EIT) antolatutako EIT Manufacturing Programan parte hartzen ari da (www.eitmanufacturing.eu). Programa horrek robotika jasangarriaren, fabrikazio gehigarriaren, akatsik gabeko fabrikazioaren, ekonomia zirkularraren eta digitalizazioaren arloetan Europako enpresen eta erakundeen lehiakortasuna sustatzea du xede. Hain zuzen ere, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak fabrikazio-proiektuan parte hartuko du hainbat ikerketa- eta prestakuntza-jarduerarekin, eta besteak beste, EIT Manufacturing Master Bikoitza jarriko du martxan, unibertsitatearen Robotika eta Kontrol Sistemak Masterraren ibilbide bat. Masterra 2021eko irailean hasiko da eta, lehen urtean, EITk beka emango die hautaturiko guztiei.

Programaren baitan, lehen prestakuntza-urtea Mondragon Unibertsitatean egingo da, eta bigarrena, berriz, Austriako Technische Universität Wien unibertsitatean, biak ere ingelesez oso-osorik. Masterrak berrikuntzari eta ekintzailetzari buruzko gaitasunak garatzeko 30 ECTS kredituko modulu bat hartzen du barne, eta munta bereko Master amaierako lan bat. Europako programa honetan parte hartzeko izena emateko epea irekita dago dagoeneko, eta zabalik jarraituko du martxoaren 10era arte. Master bikoitz hau egiteko eskaerak Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuak hautatuko ditu, eta aukeratutako hautagaien zerrenda apirilaren 10ean jakinaraziko du, hautagaien curriculuma, esperientzia profesionala eta prestakuntza-programarekiko lotura kontuan hartuta. Eskaerak helbide honetara bidali beharko dira: https://apply.eitmanufacturing.eu/. Lehenengo urtean, Europako partzuergoak beka emango die hautatutako parte-hartzaileei.

Mondragon Unibertsitatea: lehenengoa

Mondragon Unibertsitatea da Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuaren EIT Manufacturing Programan parte hartu duen Estatuko lehen unibertsitatea eta bakarra, bi faktore hauek direla eta: Mondragon Korporazioko kide delako (Europako EIT partzuergoko kide da) eta Unibertsitateak fabrikazioaren eta robotikaren arloko enpresen eta erakundeen beharrekin bat egiten duelako.

EIT Manufacturing Master Bikoitza programa garatzeko Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuak bi unibertsitate horiek hautatu izana (Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa eta Technische Universität Wien) ez da kasualitate hutsa. Bi erakunde horiek oso lerrokatuta daude enpresen premiekin, eta oso gertu daude antzeko ezaugarriak dituzten industriekin, ikasketen praktikotasunari, enpresekiko loturari eta prestakuntzari berari dagokienez.

EIT

Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutua (EIT) Europako elkarlaneko partzuergo bat da, 53 eragilek osatua (teknologia-zentroak, unibertsitateak, enpresak eta startup-ak); horiek berrikuntza sustatzen dute beren jarduera-eremuetan. Oro har, partzuergoak hainbat prestakuntza-, ikerketa- eta ekintzailetza-programa ditu martxan (osasunaren, energiaren eta fabrikazioaren arloetan, besteak beste), eta produktu, zerbitzu eta prozesu berritzaileen bidez Europan lehiakortasuna hobetzeko helburu estrategikoa du. Hau da, Europa sektore eta eremu estrategikoetan kokatzea du helburu, ekonomia gero eta globalizatuago batean, betiere merkatuko joerekin, Europak arlo bakoitzean dituen estrategiekin eta enpresen beharrekin bat datozen jardueren bidez.

EIT Manufacturing programaren kasuan, helburua da fabrikazio-prozesuetan berrikuntzak garatzea eta garapen berri horiekin jasangarritasuna eta efizientzia sustatzea Europan.

Epe ertain eta luzera, institutuak profesionalen harrobi bat osatu nahi du, Europan lehiakortasunaren hazkundea eta hobekuntza susta dezan, berrikuntzarekin bat eginik.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen