Mondragon Unibertsitatea eta Eroskik ‘Data Analytics’i buruz akordioa egin dute

0
314

Testua eta argazkiak: Mondragon Unibertsitatea.

Digitalizazioaren agerpenak enpresa-agerleku berri bat ekarri du, non datuak masiboki sortzen diren. Hori dela eta, datuen emaria interpretatzeko eta horien balioa ateratzeko gai diren langile kualifikatuak txertatu behar izan dira taldeetan. Datuen analisiak erabakiak hartzeko aukera ematen die enpresei, betiere merkatuarekin eta bezeroen portaerarekin lotutako aldagai asko kontuan hartuta. Randstad Research zentroak egindako txosten baten arabera, bost urtetan 400.000 lanpostu inguru sortuko dira datuen zientziarekin lotuta.

Errealitate horretan, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak eta Eroskik lankidetza-hitzarmen bat sinatzea erabaki dute, arlo horretako prestakuntza, transferentzia eta ikerketaren inguruan. Hitzarmen horri esker, profil profesionalak garatu ahal izango dira datuen zientziaren esparruan. Gainera, Mondragon Unibertsitateak Bilboko bere egoitzan eskaintzen duen Business Data Analytics graduan aktiboki parte hartu ahal izango du Eroskik eta ezagutza hori Eroskiren negozio-prozesuetara transferituko da.

“Izaera kooperatiboa duten bi erakunderen arteko aliantza naturala da, eta lehiatzeko abantailak eraikitzeko elkarlanerako esparru berri bat finkatu du, bi erakundeetako pertsonen gaikuntzan eta garapen integralean oinarrituta”, nabarmendu du Eroskiko gizarte-arloko zuzendari nagusiak, Iñigo Eizaguirrek.
Bestalde, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekano Lander Belokik azpimarratu duenez, “lankidetzak gure ikasleen prestakuntza-prozesua indartzen du datuen azterketa aurreratuaren esparruan, konpondu beharko dituzten eta bereganatutako ezagutzak praktikan jarri beharko dituzten benetako kasuei eta erronkei irtenbideak emanez”.

Azken finean, bi urte inguruko iraupena izango duen hitzarmen honen bitartez, bi erakundeek profesionalen prestakuntza sendotu nahi dute datuen kudeaketari eta azterketari dagokionez, arlo horretan sortuko diren erronkak identifikatuz. Hitzarmenak are gehiago gerturatuko ditu unibertsitatera enpresa-ehunaren benetako beharrak, eta hura negozioak eraldatzeko palanka bat izatea ahalbidetuko du, gaur egungo ingurune ekonomikoan lehiakortasuna areagotuz. Gainera, hitzarmenaren ondorioz, Mondragon Unibertsitateak konpromiso hau hartu du: ezagutza transferitzeko, datuen esparruan transferentzia-proiektuak egiteko eta Eroskiren negozio-prozesuetan data analyticsen erabilera-kasuak garatzeko konpromisoa.

Gaur egungo erronkei erantzutea
Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak Business Data Analytics gradua du martxan. Gradua ASFABRIKen eskaintzen da, Mondragon Unibertsitateak Zorrotzaurreko uhartean duen egoitzan. Datuen azterketa aurreratuari buruzko gradua aitzindaria da Euskadin. Enpresen eta gizartearen premiei erantzuten die, gaur egun prestakuntza-gabeziak dituzten eskaera handiko profiletan.

Gradu horretan, ikasleek benetako erronken bidez ikasten dute, hau da, datu asko erabiltzen dituzten enpresek (Eroskik, adibidez) aurkeztutako erronken bidez. Hitzarmenaren bitartez, graduko ikasleek praktikan jarri ahal izango dituzte bereganatutako ezagutzak, eta Eroskik hainbat irtenbide sortzaile lortu ahal izango ditu planteatutako erronkei aurre egiteko.

Horrela, Mondragon Unibertsitateak unibertsitatearen eremutik erantzungo die behar berri horiei, berriz ere kalitatezko prestakuntzarekiko konpromisoa erakutsiz. Izan ere, prestakuntza horrek gazteen laneratzea eta Euskadi lehiakorra izaten jarraitzea bermatzen du.

Jatorria
Duela hiru urte, bi erakundeek lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten barneko ekintzailetza-programa bat bultzatzeko, lehiakortasunaren aldeko beren estrategia sustatzen duten berrikuntza-proiektuetarako. Horretarako, EROSKIk eta Mondragon Unibertsitateak talentua unibertsitatetik enpresara transferitzeko plan bat garatu zuten hainbat arlotan, hala nola berrikuntza-proiektuen kudeaketan, “design thinking” metodologietan eta “open innovation” berrikuntza irekiko plataformetan.

Beren kooperatiba-kulturarekin bat etorriz, EROSKI eta Mondragon Unibertsitatea elkarlanean aritu dira azken urteetan, bazkide diren bezeroek parte hartzeko bide berriak diseinatzeko, betiere “zurekin” belaunaldi berriko dendetan eskaintzen den arreta etengabe hobetze aldera. Gainera, Unibertsitate eta Enpresa arteko talde dualen bidez, hainbat bitartekaritza-proiektu egin dituzte. Horien artean, honako hauek dira nabarmentzekoak datozen hilabeteetarako: merkataritza elektronikoaren arloan zehaztutakoak, lotutako produktuak gomendatzeko eta iradokitzeko sistemak, muturreko freskotasuna fruta eta barazkien sailean, eta hobekuntza operatiboak dendetako kutxa-lerroetan.

Gainera, hitzarmen honen bidez, Mondragon Unibertsitatea potentzialtasuna duten pertsonak kudeatzera bideraturiko EROSKIren “SUMMA” programako bazkide-partner bihurtu da. Programa horren helburua da zuzendariak berrikuntza-eragile izan daitezela.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen