Mondragon [Testua: Ramon Ugalde Gorostiza]

0
2799

Argazkiak: RUG.

Nondik dator Mondragon izena? Arazoa ez dago hain garbi, ze gutxienez izen honen jatorriari buruz bi azalpen daude:

1.- Herri berriaren izena Alfontso X.ak asmatu zuen, errege haren borondatea izan zen.

2.- Izenak, ordea Dragoiaren historiarekin lotura zuzena du.

1.-Mondragon Alfontso Xaren asmakizuna

Hau da jende gehienak onartzen duen bertsioa.

Gaztelako Alfontso X. erregeak emandako “carta puebla” delakoan honako hau utzi zuen idatzita:
“Por saber que auemos de ffacer bien e merced a todos los pobladores de la puebla que es en Leniz que auie antes nombre Arressate a que nos ponemos nombre Montdragon.”
Duda barik hau izango da gure herriaren izenaz dagoen aipamen zaharrena. Hortik ondorioztatu da izena Alfontso X.ak asmatu zuela, eta gerotxuago Montdragon, tarteko “T” hori galduta Mondragon bihurtu zela, eta euskarazko aldaera Mondragoe/Mundraue.

Baina nondik etorri zitzaion Gaztelako erregeari izen hori jartzeko ideia Leintzaldean zegoen Arrasate herri koskorrari? Zeren Mondragon izena apartatu egiten da Gaztelako erregeek fundaturiko billak edo hiriak izendatzeko joeratik: Villanueva, Villarreal, Belmonte, Salvatierra, Miranda … Pamplona/ Nafarroako erregeek ere antzerako joera izan zuten herri berriei izenak jartzeko orduan: Nova Victoria, San Sebastian, Villanueva.

Izen arraroa denez nolabaiteko azalpena behar du eta historiadore batzuk aipatzen dute, Gaztelako Gortean Fernado III.aren erregealdian Proventzatik etorritako zaldun garrantzitsu bat zegoela Guillem de Mondragon (edo Montdragon) eta bere ohoretan otu zitzaiola erregeari Arressateri izena aldatzea. Horrela suertatuko zen? Izan ere frey Guillem de Mondragon hau San Juan ordena militarreko zaldun bat izan zen eta 1248an Consuegrako komendadorea zenean Turlequeri foruak eman zizkion. Baliteke horrela izatea eta agian horregatik Mondragoeko parrokia berria San Juan Bataiatzaileari eskaintzea Arrasateko Santa Marina ordezkatuz. Baina bestaldetik “carta pueblan” Mondragoeko fundazioa bermatzen dutenen noble eta elizgizonen zerrenda luzean ez da agertzen Guillem de Mondragon delakorik.

Beraz argi dago Mondragon izen berezia dela eta ez duela jarraitzen garai hartan herri berriei izenak jartzeko eredua. Hipotesi honetan sinesten dutenentzat dragoiarena geroago sortu zuten, Mondragon izena justifikatzeko asmatutako ipuina baino ez zen izango.

2.- Izenak lotura zuzena du Dragoiaren historiarekin

Dena dela izenaren jatorria azaltzeko beste historia bat kontatzen da, edo hobeto esanda kontatzen zen. Jose Migel Barandiaranek horrela jaso zion Berezibar jaunari Mondragon izenaren jatorria gure euskara jatorrean:
“Montekristo oiñ izena daukam mendixen dragoie aundi bat bizi zan antziñan. Dragoi au erriko mugaraño jatxiten zan egunero eta mugan artzen euen gizon bat, gero bere kobara eruen eta an jateko.
Zein gizon izan biezan dragoiak jan biebana jakiteko, aurreko egunian suertiek etaraten zien eta an urteten ebana, aura urrengo egunien dragoiak jan bier eban.
Baña ango jentiek ezin auen ainbeste gizon-jate ikusi eta dragoiaren bizitza amaituko auen gizonen bat noiz agertuko este zan, egunetik egunera itxoiten euzen.
Eta olan ebitzela egun baten gizon gazte indartzu bateri tokau jakon dragoiak bera jan bierra eta gizon arek suba ori akabetako asmua artu euen.
Urrengo eguna eldu zanien, gizon arek, Arrasate oiñdeittuten dauen panaderixako labian palanka bat berotu auen eta eskuan artuta dragoia etorte zan lekura fan zan.
Belaxe agertu zan dragoia bere bide nagusitik, bere bustanakin eiñdako bidetik.Bide au an dago ondiokan Arrasategaña deiketan jakon lekuen.
(Dragoia) Gizona euen tokira eldu zanian, betiko moruen, pozen-pozez eiñ euen salto aundi bat,gizona bere oiñpeian artzeko asmuakin baña gizonak atzeruzka ikara bat egiñaz,dragoia bere gañerutza jausi zanian, agotik sartu eutzen eskuetan euken palankia eta Dragoia ulu eta txillixo aundi bat egiñaz batera, jausi zan lurrera.
Orduen Dragoia eta gizona euzen tokira etorri ziran erriko gizon guztiak eta danen artien akabau auen dragoia.
Bertan emun eutzen lurperia oiñkaminua dauen lekuan eta ordutik aurrera asi ziran Dragoia bizi izen zan basuari “Monte del dragón” erderazko izenaz deiketan eta gero, Dragoia akabatu euelako erriari be izena aldatu eutzen Arrasate´ ren ordez Mondragón ipiñiaz.
Zertan geratuko gara, beraz? Izena Gaztelako erregearen kapritxo hutsa izan zen edo izena jarri zioten arrasatearrek zehaztu gabeko historiako momentu batean dragoi bat akabatu zutelako?

Arazo honetan hiru gauza daude ukaezinak:

1.- Dragoiak animalia mitolojikoak dira baina ez dira existitu
2.- Dragoiak bere buztanarekin ebakitako bidea hantxe dago
3.- Mondragon euskaraz Mondragoe idazten da eta Mundraue ahozkatzen da.

Mondragóneko euskal aldaeran bi elementu daude: Mun eta dragoe.

Mun/muna euskaraz da ezponda natural ba, ia bertikala eta zuzen samarra. Arrasaten badaukagu Munar eta Munapeta, eta Euskal Herrian zehar adibide ugari daukagu: Mundaiz, Munitibar, Munitxa, Munarriz …. Eta Olandixotik Arrasatera (Bolintxoko biribilera) jaisten den malda ere funtsean muna bat da, batez ere San Andresetik begiratzen badiogu.
Eta Dragoe zer?

Nire iritzian Dragoiaren historiaren (edo ipuiñaren) datu interesgarriena da Dragoiak bere buztanarekin egin zuela bidea: hau da Dragoiak Olandixotik Arrasate bitartean dagoen egia edo muna bere buztanarekin dragatu egin zuela. Bestaldetik Muru mendiaren ezaugarrietako bat da Arrasate aldera behinik behin arbel zimurtuaz osatuta dagoela eta higatzeko edo erosionatzeko oso errazak.
Izan ere “drag” oso lexema interesgarria da, leku-izen askotan azaltzen zaigu eta normalean material bigunetan garatutako prozesu higatzaile edo erosiboekin: Elorrion adibidez Mendraka auzoa dago arbeletan higatutako bi errekatxoen artean, Andrakas ere Bizkaian arbel mehetan itsasora jaisten den ibaitxoa. Errioxan Medrano eta bere ezaugarri geologiko nabarmena “barranco colorado” da. Leongo El Bierzon ere beste bailara sakon eta motza dago: Dragonte.

Bestalde badaude beste Mondragón batzuk Europan, Probentzakoan adibidez menditxo bat dago herriaren erdian eta bere inguruan harri handi solteak, eta Italiako Mondragonen ere antzerako egoera aurkitzen dugu : mendi ostean erosionatutako eremu sakon eta nahiko zabala.
Eta hara zer aurkitzen dugun DRAGetik pasatzen bagara TRAra: bi haize mota daude Mediterraneo inguruan Tramontana eta Mistral. Akademikoek esango dute Kataluniako tramontana “tras los montes”etik datorrela, bale … baina haize honen ezaugarrietako bat da Costa Bravako ondartzetan ildoak edo areka moduko batzuk egiten dituela. Eta Proventzako mistral haizearen ezaugarri nabarmena da bere indarrarekin arrokak gastatu egiten dituela. Seguru nago, bestalde Bizkaiko Tramon eta Tramoya abizenen jatorria horrelako elementu geomorfolojikoetan dagoela.
Inglesez ere drag aditza dugu eta drag marks elementu astun bat tarrasean eramatean material bigunetan geratzen diren markak baino ez dira.
Ideia berbera datorkigu ikusten ditugunean estradak, bi hormen artean dagoen bideak. Edo izen horretik oso gertu dagoen estarta edo estrata; buztinetan euriak egiten dituen areka estu eta nahiko sakonak.
Zer adieraziko luke DRAG lexemak? Maiz gerta daiteke akaberako G hori galtzea eta hasierako D, T bihurtzea.Geomorfologian prozesu higatzaile edo erosibo bat: material bigunetan egiten den erauzketa eta garraioa (arrankatu eta arrastratu) . Eta biologian? Euskeraz bi berba daukagu oso interesgarriak funtsean ideia bera adierazten dutenak: matraila eta andra. Erderaz oso esaldi interesgarria dago: “comer a dos carrillos”. MaTRAila euskaraz mejilla eta eta matrail hezurra hortz eta aginak dauzkana. Eta matraillekin zer egiten dugu ba? Janaria erauzi, eta urdailera garraiatu. Eta anDRAk zer egiten du erditzen denean? Barruan daukan seina alura ekarri (dar a luz) eta munduratu, berriro ere ideia berbera: erauzi eta garraiatu.
Eta sikologiara jotzen badugu hor daukagu maTRAKa: inoren gogoa nekatzeko jasaten den jardun gogaikarria. Ondoria beti da berdina: matraka jasaten duenaren gogoa higatu eta beste norabaitera joaten da, bere onetik irtenda.

Beste aditz interesgarri bat Mendrau da: omena pertsona baten fama ona da, eta mendrau fama ona kentzea baino ez da.
Eta zer imajinatzen dugu “andrajos” aditzen dugunean? Eta trakatan-trakatan hiru errege kantatzen dugunean?

Gaur egungo euskaran DRAG/TRAG ez da lexema produktiboa, ez da erabiltzen izen berriak sortzeko, eta Berezibarrek ere uste zuen Mondragon erderazko izena zela, baina arrazoi asko daude pentsatzeko euskal izen zahar baten moldaketa dela.
Askotan leku izen bat sortzerakoan lurralde bateko elementu esanguratsu bat, adierazgarri bat hartzen da zonalde osoari izena jartzeko. Adibiderako hor daukagu Gatzaga, edo Zubieta, edo Mendibe …
Eta gure herriaren izena azaltzeko hor daukagu Dragoiak bere buztanarekin irekitako bidea. Gaur egun mapak eta GPSa daukagu baina nola adierazi ezjakin bati non eta zer zegoen Arrasaten? Zein izan zitekeen Arrasateko leku bereziena, esanguratsuena gure herriari aparteko izaera ematen ziona? Inguru honetan non dago muna erosionatu bat? Dudarik ez Mondragoen. Nork edo zerk higatu zuen bide hori? Bidaiarien etengabeko ibilerak eta uraren etengabeko jarduerak Olandixotik Arrasatera.

Eta euskarazko hiztegietan ere badaude ideia hau indartzen duten hitzak: Elexpururen hiztegian, Dra-dra-dra: onopatopeia bat adierazteko azala gainekua kentzen jakon mugimendua. Dragatz: otea txikitzeko tresna bat, eta gurdiaren edo leraren atzeko partean jartzen diren urritza makilak. Draga: frenoa.
Eta Aramaion jasotako gabon kanta famatuan:

    Dingilin Dron
    Gaur gabon
    Sabela beteta
    daukat eta …

Seguru nago dingilin edatea dela eta dron jatea (modu konpultsiboan agian)
Trag/ drag ez dela erabiltzen jada izen berriak sortzeko esan dut arestian, baina nola deitzen zioten gure aitajaun- amandreek (euskararen barruko senari eusten ziotenek) exkabadoriari bere lobei azaltzeko? Tarrakatarie. Hor dauzkagu lau fonemok izen berri batean, hiztegietan azalduko ez dena. Tarrakatarie da gaur egungo dragoi azkarra, lur bigunetan bidea berehala zabalduko duena. Dragoiak ostera denbora gehiago behar du: Drag oi, edo ohi maiztasun handirekin errepikatzen den zerbait.

Eta honaino etorrita nik uste dut arrazoi asko daudela onartzeko Mondragon izena, edo antzerakoa 1260a baino lehenago erabiltzen zela, eta Alfontso X.ak gure herriari forua eman zionean aurretik zegoen izena piskat aldatu eta garai hartako gaztelerara moldatu baino ez zuela egin: Muna higatua Dragoiaren mendia bihurtuz.Halako zerbait somatu bide zuen Juan Carlos Guerrak iradoki zuenean Alfontso Xak Mondragon izena asmatu zuela bere grina latinzaleak bultzatuta eta bere poesiak egiteko galaiko portugesa erabiltzen zuenez belarrira goxoago egiten zitzaiolako.
Beraz Murugain ez da dragoiaren mendia. Dragoiaren mendia balitz oso-osorik izango litzateke Mondragoekoa baina zati txiki bat baino ez da, zati handienak Aramaio eta Atxabaltakoak dira.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen