Mondragon Korporazioa eta ONCEk lankidetza hitzarmena berritu dute

0
593

“Prestakuntza, enplegua eta teknologia sustatuko” dituzte, desgaitasunen bat duten pertsonekin. Horrela, garbitegi industrialak, SmartHumanCities hiri atseginak edota etorkizuneko etxeak landuko dituzte batera.

Argazkia: ONCE-Mondragon.

Mondragon Korporazioak eta ONCE Gizarte Taldeak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute ekonomia sozial eta zirkularra “kontzeptuei bultzada handi bat emateko”.

Adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen zaintza funtsezko proiektua da, bereziki kontuan hartuta “bi enpresa-taldeek lehendik ere esperientzia dutela bizitegi arloan – azpimarratu dute Mondragon Korporaziotik- , bai eta etxerako irtenbide digital eta inklusiboen fabrikazioan ere; esaterako, inklusioaren zerbitzura jarritako berrikuntza domotikoan”.

Gainera, negozio jasangarriko ildo komunetan “laguntza emango dute, hainbat gairekin lotutako ekimenen bitartez: garbitegi industrialak, “SmartHumanCities” hiri atseginak edo etorkizuneko etxea”.

Bi konpainiek ematen dituzten zerbitzuen bidez, “pertsona guztientzako diseinua eta irisgarritasun unibertsala sustatzeko lankidetza programa bat osatuko da, eta eragin berezia izango du espazio birtualetan, eraikinetan, instalazioetan eta zerbitzuetarako sarbidean”.

Irisgarritasun teknologikoan jarriko du arreta, “ONCE Fundazioko teknikarien eta adituen aholkularitzapean, adineko pertsonek edo desgaitasuna duten pertsonek ondasunak eta zerbitzuak eskuratzeari dagokionez”.

Bestalde, pertsona guztiak erakartzeko, orientatzeko eta laneratzeko programak ezarriko dira, “kalitatezko enplegua lortzeko eta finkatzeko, gai horretan espezializatutako ONCE Fundazioko Inserta erakundearen laguntzarekin”.

Bi entitateen helburuetako bat erosketa “sozialki arduratsuak egitea da, eta, ildo horretan, Mondragonek kontratazio nagusi gehienetan eduki sozialeko klausulak sustatzeko aukera aztertuko du.

Baita ‘Gizarte Erantzukizuneko Kontrataziorako Foroan’ parte hartzeko aukera ere, edo bere zentroak edo unitateak “desgaitasunen bat duten pertsonekiko enpresa sozialki arduratsu gisa eta irisgarritasun unibertsalaren bidez egiaztatzeko aukera aztertuko du, BEQUAL zigiluaren bidez”.

Horrez gain, Txakur Gidariaren ONCE Fundazioarekin eta Gor-itsutasuna duten Pertsonei Laguntzeko Fundazioarekin lankidetzan, “sozialki erantzukizunez jarduteko ekintzak ere egingo” dituzte.

Nazioartean, berriz, bi erakundeek nazioarteko lankidetza programak bultzatu asmo dituzte, Latinoamerikarako ONCE Fundazioaren (FOAL) eta Mundukideren bitartez.

Oro har, “jasangarritasunaren, irisgarritasun unibertsalaren eta ekonomia sozialaren garapenaren irizpideei jarraikiz, bi erakundeek euren ahaleginak batu dituzte arlo horietako prestakuntza bultzatzeko, bereziki desgaitasuna duten pertsonengan pentsatuz”.

Miguel Carballeda eta Iñigo Ucin, hurrenez hurren, ONCE Gizarte Taldeko presidenteak eta Mondragon Korporazioko lehendakariak sinatu dute hitzarmena, Madrilen. Reyes Maroto Industria, Merkataritza eta Turismo ministroa ere bertan izan da.

Ucinek adierazi duenez, “iraganean elkarrekin lan egin duten bi erakunderen arteko lankidetza da, eta bien arteko adostasuna eta gaitasun handiak baliatu nahi dituzte helburu partekatu baten zerbitzura jartzeko: gizartearentzat enplegu inklusiboa sortzea”.

Bestalde, Carballedak azpimarratu duenez, “bi erakunde handiren arteko elkartasunak, baturak eta lankidetzak pertsona askoren bizi kalitatea hobetzea lortuko du, guztientzat berbera izatea helburu hartuta.Bidelagun onak gara, eta etorkizun inklusibo eta jasangarriago baterantz aurrera egitea dugu xede”.

Ministroa “pozik” agertu da “prestakuntzan, teknologian edo jasangarritasunean oinarrituta ekonomia soziala bultzatzeko Espainiako bi familia handienen arteko akordio baten amabitxia” izateaz.

“Herritarrentzat inpaktu positiboa” duen akordio garrantzitsua da, eta “behartsuenak indartzen ditu”, ministroaren hitzetan.

Espainiar estatua “indartsuago egiten dute eta pandemiaren ondorengo susperraldi ekonomikoaren protagonista egiten zaituzte; zuen erresistentzia frogatua zuen DNAn dago, Arrasatekoan eta Gizarte Taldekoan”.

Mondragon Taldearentzat eta ONCErentzat denera 139.082 pertsonak lan egiten dute, eta ekonomia horietan “liderrak dira”.

Enplegua sortu dute 139.082 langilerentzat espainiar estatuan lurralde osoan (2019. urte amaierako datua. Beraz, “enplegatzaile pribatu handienen ‘top ten’-eko bi konpainia dira.Hitzarmen honen bidez bien arteko lankidetza berritu, eta etorkizunean egingo duten baterako lana sendotuko da”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen