Argazkia: TUlankide.
Mondragonek urteroko Kongresua Donostiako Kursaal jauregian egin du aste honetan. ‘Indartu eta Sortu’ goiburupean, taldearen etorkizunerako garrantzitsuak diren “erabaki estrategikoak partekatzeko eta adosteko”.
Kongresuak, urtero bezala, Mondragonen proiektuaren izaera “sozioenpresariala izan du ardatz. Negozioen lehiakortasuna sendotzearekin batera, kooperatiben identitatea indartzea, gizartean inpaktu positiboa handitzea eta interkooperazioa bereizgarri den lehiakortasun aldagai hartuta jarduera berriak sustatzea izan dira Kongresuko mezu nagusiak”.
‘Indartu eta Sortu’ goiburuak, hain zuzen, “Korporazioaren erronka nagusia laburbiltzen du: gaur egungo proiektu kooperatiboak indartzea eta etorkizuneko aukerak elkarrekin sortzea”.
Leire Mugerza Garatek, Mondragonen Kongresuaren eta Batzorde Iraunkorraren lehendakariak, hasiera eman dio Kongresuari. Bere hitzaldian Batzorde Iraunkorraren kudeaketaren deskargua aurkeztu du, baita Zentro Korporatiboaren 2026rako aurrekontua eta finantzaketa-kuotak ere.
Mondragonek adierazi duenez, Mugerzaren hitzetan, “Kongresua ez da urteko jardueraren balantzea egiteko gunea bakarrik, baizik eta etorkizuneko norabidea elkarrekin adosteko espazioa ere bada”:
“Kongresuan orainaz hitz egin dugu, baina bereziki etorkizuna elkarrekin eraikitzeko beharrezkoak ditugun araudi aldaketak onartu ditugu. Mondragon osatzen dugunok errealitate oso ezberdinak bizi ditugu, baina denok partekatzen dugu izateko eta gauzak egiteko modu komuna, eta gaur, helburu horien berri eman dugu”.
Ondoren, Pello Rodriguez Zabaletak, Kontseilu Orokorraren lehendakariak, 2025eko ekitaldiaren balantzea aurkeztu du, eta Politika Sozioenpresarialaren lau ardatz estrategikoen garapena aurkeztu du.
Horien artean daude “konpromisoa eta nortasun kooperatiboa indartzea; etorkizuna duten negozioak indartu eta sustatzea; MONDRAGONen eragin soziala handitzea; eta kooperatiben arteko lankidetza sendotzea (interkooperazioa)”.
Aurkezpenean, gainera, ardatz horien barruan garatzen ari diren lehentasunezko hamabost proiektuen aurrerapen nagusiak partekatu dira.
Etorkizuneko negozioak bultzatzeko tresna berritua
Kongresuak interes estrategikoko ponentzia bat ere aztertu eta onartu du. Aurten, MONDRAGON Inversionesek kudeatzen duen Dibisioarteko Hedapen Fondoaren egokitzapena izan da aztergai.
“Tresna hori ziklo estrategiko berriaren erronketara egokitzea da helburua, etorkizuneko negozioen sorrera eta hazkundea modu eraginkorragoan sustatzeko”.
Horrela, Mondragon Inversionesen eginkizuna indartu da “kooperatiben garapena babesteko, eta, aldi berean, negozio berrien sorrera bultzatzeko tresna gisa sendotu da”. Bide horretatik, Interes Estrategiko Korporatiboko Proiektuak (IEKP) abiatu dira.
Helburua da “sektore berrietako ekimenak babestea eta enplegu kooperatiboa sortzea. Proiektu horietako batzuk Mondragoneko unibertsitate eta zentro teknologikoetako aktibo teknologikoetan oinarritutako enpresa berriak izango dira, beste batzuk, berriz, kanpoko enpresekin elkarlanean garatuko direnak”.
Dagoeneko hiru enpresa berri jarri dira abian: Orbik Cybersecurity, Amets Power Electronics eta Innkia, zibersegurtasuna, potentzia-elektronika eta adimen artifiziala bezalako sektore estrategikoetan. Eta Rodriguezek gehitu du “urtea amaitzerako Mondragon Inversionesen bitartez beste 3 negozio berri abiatzea helburua” dela.
2025eko balantzea: hazkundea, enplegua eta inpaktu soziala
Korporazioak ekainean argitaratutako datuei erreparatuta, Mondragonek 2025ean “11.322 milioi euroko salmentak lortu zituen, aurreko urtean baino %1 gehiago. Guztira 71.415 langile zituen, eta ekitaldian 1.346 enplegu berri sortu ziren”.
Lan horri guztiari esker, “Mondragon sendotu egin zen Euskadiko lehen enplegatzaile, Nafarroako bigarren
eta Estatuko bosgarren enplegatzaile pribatu gisa”.
Urtean zehar egindako inbertsioak “406 milioi eurora iritsi ziren (%7,8ko hazkundea), eta azken bost urteetan 1.800 milioi euro baino gehiago bideratu dira negozioen lehiakortasuna, berrikuntza eta eraldaketa teknologikoa sustatzera”.
Testuinguru geopolitiko “konplexua eta nazioarteko merkatuetako ziurgabetasuna gorabehera, Mondragonek 618,8 milioi euroko emaitza garbi agregatua lortu zuen”.
Mondragonen “konpromiso soziala”
Rodriguezen esanetan, 2025eko emaitzek berresten dute Mondragonen “eredu kooperatiboaren sendotasuna”: “2025a urte ona izan da. Mondragon ez da negozioa bakarrik, nola eta zertarako lan egiten dugun ere bada”.
Izan ere, “aberastasuna enpleguaren bidez eta irabazien banaketaren bidez sortzea da Mondragon bereizten duen ezaugarrietako bat”.
Jokabide “kooperatibo hori gizarte-konpromisoan ere islatzen da. 2025ean, kooperatibek eta Mondragon Fundazioak 49 milioi euro baino gehiago bideratu zituzten gizarte-ekintzara, pobrezia eta inklusioa, hezkuntza, euskara, kultura, osasuna, kirola eta klima edo bioaniztasuna bezalako arloetan lan egiten duten mila erakunde ingururekin
elkarlanean”.
Horrez gain, “kolektibo zaurgarrien laneratzea, belaunaldi-erreleboa sustatzeko ekimenak eta Arizmendiarrieta Social Economy Think Tank (ASETT) bezalako proiektu estrategikoak garatzen jarraitu da, ekonomia sozialaren nazioarteko erreferente izateko bokazioarekin”.
Udazkenean gainera, Mondragonen “proiektu kolektiboaren indarra islatuko duen ataria jarriko da martxan. Bertan, Mondragoneko kooperatibek, elkarrekin eta elkarlanean daukaten gaitasun eraldatzailea esplikatuko da, adibide eta datu zehatzekin”.
“Urte luzetan gauzatu dugun eragin soziala esplikatzeko tresna bikaina izango da”, iragarri du Mugerzak, Kongresuaren lehendakariak.
Mondragonen Kongresua “etorkizuna elkarrekin eraikitzeko topagunea”
Mondragonen Kongresua Korporazioaren “gobernantza-organo gorena da. Bertan onartzen dira interes komuneko politika eta jarduera-ildo nagusiak, eta kooperatiba guztietako ordezkariek Korporazioaren etorkizunerako garrantzitsuak diren erabaki estrategikoak hartzen dituzte”.
Erabakiak hartzeko organoa izateaz gain, Kongresua “hausnarketarako, elkarrizketarako eta ikuspegi partekatua eraikitzeko gune nagusia ere bada”.
‘Indartu eta Sortu’ goiburupean, aurtengo Kongresuak Mondragonen “etorkizuna elkarrekin eraikitzeko konpromisoa berritu du: gaur egungo proiektu kooperatiboa indartuz eta etorkizuneko aukerak sortuz”.




