Mondragon Goi Eskola Politeknikoko ikasle- eta langile-kontseiluek 21.000 euro eman dizkiete dohaintzan Elikagaien Bankuari eta Mundukide GKEari

0
296

Gipuzkoako Elikagaien Bankuari eta garatzeko bidean dauden hegoaldeko herrialdeei laguntzen dien Mundukide GKEari eman diete aurten Mondragon Goi Eskola Politeknikoko ikasle- eta langile-kontseiluek COVID-19a dela eta erabiltzerik izan ez duten gizarte-, kultura- eta kirol-jardueretarako dirua. Bi kontseiluek guztira 20.900 euro eman dizkiete dohaintzan erakunde solidario horiei.

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, ikasturte honetarako programaturiko jarduera asko, Mondragon Goi Eskola Politeknikoak urtero gauzatu ohi dituenak, bertan behera geratu dira. Ondorioz, aurreztu egin dute horietarako bideratutako aurrekontua. Horrela gertatu da, adibidez, fakultateko ikasleek urtero ospatu ohi duten jaiarekin edo langileek uztailean egin ohi duten kultura-txangoarekin. Batzuek eta besteek, ikasle eta langileek, partida horietan aurreztutako dirua helburu solidarioetara eta desberdintasun sozialen nahiz pobreziaren aurkako borrokara bideratzea erabaki dute aurten, euren kontseiluen bidez. Izan ere, COVID-19aren ondorioz, aurten izugarri hazi dira arazo horiek.


Pobrezia-indizea goraka
Egindako kalkuluen arabera, Espainiako biztanleen % 26 inguru (ia 12 milioi lagun) pobrezia-arriskuan bizi da. Eta kopuru hori askoz handiagoa da mundu zabaleko herrialderik pobreenetan. Koronabirusaren pandemiak eragindako krisialdi ekonomiko eta sozialak larritu egin du egoera. Hortaz, GKEak aspalditik ari dira ohartarazten familia askok oinarrizko gastuei aurre egiteko dituzten eta izango dituzten arazoez. Espainian bertan % 50 handitu da laguntza-eskaria iaztik hona, erakunde horiek artatzen dituzten ohiko premiei erantsi egin zaizkielako pandemiak eragindako egoera ekonomikoaren ondorioz lehen aldiz gizarte-laguntzak eskatu behar izan dituzten familien eskaerak. Hori dela eta, familia eta herrialde askoren egoera ahula ikusita, garrantzi are handiagoa du bi kontseiluen dohaintzak, eta, horren bidez, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak eta unibertsitateak berak agerian jarri nahi izan dute beren konpromiso soziala, beraien identitate korporatiboaren eta ingurunearekiko eta gizartearekiko loturaren erakusgarri dena.


Ikasle Kontseiluak 15.900 euro eman dizkio Mundukideri. Garatzeko bidean dauden herrialdeetan lankidetza-proiektuak egiten dituen gobernuz kanpoko erakundea (GKEa) da Mundukide, eta MONDRAGON Taldeko kooperatiben laguntza du eginkizun horretan.


Kooperatibako langileak ordezkatzen dituen Kontseilu Sozialak, bere aldetik, Gipuzkoako Elikagaien Bankuari eman dizkio jarduera sozial eta kulturaletarako erabili ohi duen dirua. Herrialdean pobrezia- eta ahulezia-egoeran bizi diren familien elikadura-beharrak asetzen lagunduko dute diru horrekin.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen