Mondragoeko Udaletxeko markak [Testua: Ramon Ugalde]

0
1234

Mondragoetar gehienok ezagutzen ditugu Udaletxeko aurrealdeko erdiko arkuari eusten dion bi matxoietan dauden markak. Markak matxoien barrualdean daude, arkuen “inpostetan”. Gai hau Juan Jose Fdez. Beobidek landu zuen orain dela urte batzuk 2004ko Estrata izeneko aldizkarian.

Alor hau interesgarria da eta agian ez dugu inoiz gaia guztiz argituko baina saiakeratxo bat egingo dugu. Beste ikuspuntu batetik jorratuko dut gaia, matxoietako irudiak ez ezik baita leihoburuetakoak ere aztertuz.

Honako sailkapena proposatzen dut udaletxeko irudiak aztertzeko: kanak, teilak eta adreilu eta baldosak.

Kanak

Kana da erdarazko “vara” delakoa. Gipuzkoan Burgosko Kana erabiltzen zen normalean. Neurrietan zegoen nahasketarekin bukatzeko eta neurriak zehazteko Felipe IIak 1568an El Eskorialen ateratako dekretu baten bidez erabaki zuen bere Gaztelako Erresumetan Burgosko kana erabili behar zela. Burgosko kanak 83,5 cm.koa da baina hapa ere arau horrekin ez zen bukatu neurrien egoera kaotikoa. Leku batetik bestera kanak zertxobait aldatzen ziren. Gaztelako probintzietan esate baterako kana txikiena 835 cm.koa zen eta handiena berriz 906koa. Gipuzkoako kana ere 836koa omen zen. Kana bakoitza hiru oinetan banatzen zen eta hemen ere diferentzia txiki batzuk atzematen ziren. Esate baterako oin “arruntena” 27,86 cm.koa zen baina Madrilgoa 28,10ekoa.

Eta Arrasateko udaletxeko kanak ze luzera du? Beobidek neurtu zuen, hori bai ohartu araziz ez dela erraza harri gainean egindako ildotxoak edo markak zehaztasunez neurtzea eta eman zuen 836 mm.ko luzera. Nondik hasi behar da neurtzen? Muturretako markatxo perpendikularrak hasten diren lekutik? Zulotxo barrutik?

Arrasateko udaletxeko arkupetan beste pista bat daukagu Mondragoeko kanaren luzera zenbat neurtzen duen jakiteko. Udaletxeko arkupetako barrualdeko horman lau bentana zeuden, lau leiho (izaera monumentala izan arren bi leiho kendu eta ate bihurtu zituzten). Leihoburu bakoitzean harlandu handi bat dago eta bertan marra luze horizontal bat. Guztira lau marka luze: marra hauen luzera 85cm.koa da eta zabalera 35 mm.koa, sakonera ere ia 3 cm.koa da. (Neurriak nik hartutakoak dira). Nire hipotesia da Arrasateko udaletxeko leihoburuetako marka horiek kanak direla. Kana hauek erabiliko zituzten udaletxea eraikitzen ari ziren bitartean materialak kalibratzeko. Makila zati bat moztu eta bitartean sartzen bazen, bazeukaten kana bat: nasaitasun minimo bat behar zuten eta horregatik makila zati hori 85cm.koa baino txikiagoa izango zen: kana estandar bat lortzeko bide erraza. Kontuan hartu behar da Arrasateko udaletxeko eraikuntza lan luze eta konplexua izan zela, kanak horrela markatu ezkero errazago zeukaten materiala neurtzea eta artisau guztien arteko neurriak adostea. Harginek, arotzek … erreferentzia komun bat izango zuten lana hobeto egiteko.

Esan bezala hipotesi bat da, baina leihoburuetako mota horretako ildotxo horiek erabat arraroak dira, apaingarri moduan inon ez dira erabili, ez behintzat Europako tradizio arkitektonikoan. Beraz, bitxikeria baten aurrean gaude. Oso gutxi dira harrian markatutako kanak. Gipuzkoan beste bi daude bata Zegamako elizako horman eta bestea Bergarako udaletxeko matxoi batean. Gaztelako erresuma zaharrean Zafran eta El Almendralen (Badajoz) daude. Aragoiko kana motzagoa da, eta lekuko batzuk daude Jakan eta Sausen (Sos del Rey Católico).

Esan beharra daukat nik egindako neurketekin, matxoiko marraren luzera eta leihoburuetakoak berdintsuak direla. Esan bezala kana zahar hauen harrizko lekukoak oso urriak dira, baina Arrasaten bost dauzkagu. Ontzat hartzen bada hipotesi hau nola deituko genioke kana honi? Karreraren kana edo Arrasateko kana?

Teila markak

Bi teila marka daude udaletxeko matxoietan: teila handiena kana eta baldosen mrakak dauden matxoietan eta irudi hauen pare parean, kontrako matxoian beste irudi bat dago forma trapezoidala duena: teila txiki bikoitzarena.

Irudi hauek aztertu zituen JJ Fdez. Beobiderentzat teila molde bikoitza zen. Baina Arrasaten gehien zabalduta dagoen iritziak dio abarka larruak behar bezala mozteko markak direla. Niretako teila txikien markak dira. Beobidek galdetzen zion bere buruari ea zergatik ote zen irudi bikoitza. Agian teilaginei neurri ahalik eta zorrotzenak emateko?

Teilen marken neurriak honakoak dira

Neurriak nik hartutakoak dira eta agian oso zehatzak ez dira izango.

Nire interpretazioaren arabera teila handiak gailurreko teila handiak gailurrerako izango ziren eta txikiak gainerakoa estaltzeko. Teila handien moduko markak Bergarako udaletxean eta Laguardiakoan daude. Horretan adostasuna dago, teila markak edo teilak egiteko moldeen markak dira.

Teila bikoitzen markak ordea bakarrik Arrasaten daude. Abarkandako larruak ebakitzeko erabil daiteke baina esan behar da abarkagileen moldeak formaz diferenteak direla. Izan ere oin neurri bakarrerako baino ezingo litzateke erabili.

Baldosak eta adreiluak

Irudi hau ere matxoi batean dago, kanarekin eta teila handiarekin batera. Karratu bat da gutxi gorabehera 40 cm.ko luzera alde bakoitzean, eta bere barruan “errektangulo” edo angeluzuzen bikoitza 16×32 cm.koa. Neurriak ezin dira oso zehatzak izan. Baina barruko markak garai hartako adreilu arrunt batenak izan daitezke. Eta kanpokoa baldosa batenak. Maria Isabel Astiazarainek, Arrasateko udaletxeko eraikuntza eta bere egileen lana (Martin Karrera eta bere seme Manuel Martin) aztertu zuena bere doktore tesian, esaten digu arkupetako ganga aristaduna egiteko adreiluak erabili zituztela. Beraz marka hauek izango ziren adreilu eta baldosen neurri egokiak, zabalean eta luzean zehazteko. Baina horrek beste arazo bat gaineratzen digu: matxoietako marra horiek ez digute lodiera ematen. Arazo hori konpontzeko izango ziren leihoburuetako markak.

Izan ere, marka hauek zabalera, sakonera eta luzera konkretu bat daukate: adreilu edo baldosa mutur bat bertan sartzea nahikoa izango zen jakiteko egokia ote zen eraikitzen ari ziren gangan jartzeko. Nire neurketan arabera 3,5 cm.ko zabalera eta ia 3 cm.ko sakonera daukate marka horiek. Hatz bi? Ezin dut zehaztu.

Horrela adreilu trinkoak, eta baita baldosak ere, eta berdintsuak lortuko zituzten udaletxeko eraikuntzan aurrera jarraitzeko. XVIII. mendean nahiko arruntak dira neurri horretako adreilu eta baldosak.

Bestalde, beste ohar bat luzatzeko aprobetxatu nahi dut eta bide batez barkamena eskatzeko. Aurreko batean udaletxeko burdineriaren gaineko lanean idatzita utzi nuen Arrasateko udaletxeko burdinazko ateak Rafael eta Gaspar Amezuak eginikoak zirela. Ez da egia. Horrela azaltzen da Auñamendi Entziklopedian eta nik horrela jaso nuen. Uste nuen Arrasateko udaletxea monumentu nazionala zela eta funtsezko aldaketarik ez ziotela egingo bere arkitekturan. Izan ere, Arrasateko udaletxea, eraikin barroko-rokoko moduan onenetarikoa da Gipuzkoan, Euskal Herrian eta orokorrean Europan. Egia esan harrigarria egiten zitzaidan bere fatxadan hiru ate izatea, oso arraroa da eta baita burdinazko ateak jartzeko modua ere. Gainera ez nuen inondik inora espero horrelako aldaketa bat egiten inor ausartuko zenik. Leihoak kendu eta ate bihurtzeko espedientea ontzak emango zuten goiko instantzietan? Madrilen edo Lakuan ez dakit, nork eman behar zuen baimena horrelako zerbait egiteko. Eta ez dakit noiz egin ziren aldaketa horiek ere, niretzat oso larriak direnak. Francoren garaian? Juan Carlosen garaian? Nortzuk? Nor izan zen arkitektoa?

Dena dela, esan dezadan burdinazko ate horiek gustu handiz eta trebetasunarekin eginak daudela.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen