Juan Leibar eta Jose Letonaren ‘Mondragón’ liburuan kontatzen denez Elorrioko errementari bat Rafael de Amezola izan zen udaletxeko balkoietako barandillak eta gainerako burdinazko lanak egin zituena, XVIII mendearen erdialdeean.
Testua eta argazkiak: Ramon Ugalde.
Rafael Ametzolako ospe handiko errementaria izan zen eta askotan bere anaia Gasparrekin batera aipatzen dute, eta egia esan kalitate handiko lanak utzi zituzten Nafarroan eta Gaztelan.
Nafarroan, 1760 urtean Lukingo Erremedioko Ama birjinaren kaperako erreja edo burdin-hesi monumentala egin zuen bere anaia Gasparrekin batera.
Gaztelako erresuman Cuencako katedralean bi burdin-hesi eta Valladolidekoan beste bat. Valladolideko katedraleko burdin hesi hau gaur egun New Yorkeko Museo Metropolitanoan dago.
Burdin-hesiaren funtzioa elizako kaperaren bat edo presbiterioa babtestea izaten zen, horregatik izaten dute halako izaera monumentala.
XVIII. mendeko jauntxoak, Arrasateko udaleko kontrola izan zutenak, argi ibili ziren trebezia handiko errementariak kontratatzeko orduan. Urruti joan beharrik ere ez zuten izan, Ametzolatarrak Elorriokoak ziren eta bertan zuten lantegia.
Dena dela gure iritziz estiloaren aldetik eraikin erlijiosoetrako egiten zituzten lanetan eredu bat jarraitzen dute eta edifizio zibilean, Arrasateko udaletxean adibidez beste bat.
Arrazoia ez dakigu zein izan daitekeen, baina tenpluetako errejetan estilo “serioagoa” darabilte, eta Arrasateko udaletxean ostera “jostariagoa”. Ia ia esan daiteke egile eta aldi desberdinekoak, diferentekoak direla. Elizetan estilo zurruna eta tradizionalagoa eta udaletxean errokoko alaia. Inpresio pertsonala da, burdina eta errementari lanez, eta are gutxiago XVIII mendeko artisautzaz oso gutxi dakien amateur batena alegia.
Ametzola anaiak ( beste dokumentu batzuetan Amezúa moduan aipatzen dituzte) prestijio handiko errementariak izan ziren eta lan inportanteak egiteko enkarguak jaso zituzten.
Burdineriarena, edo zehazkiago esanda burdinazko elementu arkitektonikoen azterketak ez du espezialista askoren arreta piztu. Badaude burdinazko lanak eta aztertu dituzten lan akademikoak baina ez dira oso ugariak. Maisu errementarien gaineko informazioa ere urria da. Ez da asko beraz Ametzolatarrei buruz dakiguna, baina esan dezakegu kalitate handiko maisu forjariak izan zirela.
Arrasateko kasuan Rafael Ametzolaren aipamen soil bat baino ez da egiten Arrasateko udaletxearen eraikuntza kontatzen denean.
Burdinagintza artistikoa aztertu duten ikertzaileek esaten dute, arte mota hau nahiko tradizionala dela, askotan XVIII. mendearen hasieran errenazimenduko ereduak erabiltzen direla eta Espainiako Erresuman eredu eskorialensea erepikatzen dela behin eta berriro. Berrikuntza erret dinastiaren aldaketarekin etorri omen zen.
Borbondarrek Italia eta Frantziako burdineria estilo berria ekarri zuten. Badirudi estilo aldaketa hori Gortean gertatuko zela, gehien bat borbondarrek Madrilen, Aranjuezen eta La Granjan eraikitako jauregietako hesi eta balkoietan eta gero estilo berria zabaltzen joango zen.
Rafael Ametzolak estilo berria, errokokoa erabili zuen Arrasateko udaletxeko burdinazko elementu arkitektoniko gehienak egiteko. Eraikinaren alboetako balkoiak ere berak egindakoak izango dira baina estilo tradizionalago batean burutu zituen.
Udaletxeko estilo errokokoan egindako burdineria lanak komentatzeko (Auñamendi Entziklopediaren arabera) hiru multzotan antolatuko ditugu:
Sarrerako ateak
Udaletxeko arkupetan bi ate kokatzen dira, bata, handiena sarrera nagusia egiten duena eta erdian kokatzen dena eta beste bat txikiagoa ezkerraldean. Ate nagusia bi ‘orrikoa’ da, eta txikiagoa bakarrekoa. Burdinazko barra estuekin lortzen diren formak oso konplexuak dira: kiribilak, uhinak, bihotzak. Forma zuzenak ere erabiltzen dira noski ateak dira eta bere funtzioa bete behar dute. Beste apaindurak ere badaude, balaustreak, bolatxoak, mutur bihurrituak (torsionatuak) eta loreak (tulipanak izan daitezkeenak?).
Ateak bere gainkaldean erremate moduko bat daukate: friso bat, bi barra horizontalen gainean. Frisoan erronboak eta oboloak txandakatzen dira, eta tarteetan bolatxoak. Gainean “tinpanoa” betetzeko modu simetrikoan antolatu da apaindura eta hemen kiribilak, korapiloak, uhinak eta uhin gandordunak agertzen zaizkigu.
Eskailerako barandilak
Eskailera nagusia estilo inperialekoa da, hau da bi tramotan banatzen da, atseden leku batekin. Lehenengo tramoa bakarra da eta bigarrena bikoiztu egiten da. Barandilek soilik bigarren tramoa babesten dute eta solairu noblean balkoi moduko batekin elkartzen dira, planoan U moduko bat osatuz.
Eraikin barruko multzo honetan Rafael Ametzola oparoago ibil zen: errosetoiak, kiribilak, uhinak, uhin gandordunak (macareados), loratxoak, botoiak…Sekulako artista izan behar zuen Ametzola, bere ofizioa ondo menperatzen zuela erakusten digu eta burdinarekin forma dotoreak lortzen zituela ere.
Fatxada nagusiko balkoiak
Balkoiek asko edertzen dute udaletxeko aurrekaldea. Baina badute beste funtzio bat, plazara ematen duenez plazako ospakizunak ikusteko leku pribilejiatuak dira eta alde horretatik agintari politikoen statusaren erakusgarri ere badira. Herritarren begiradak ere erakarriko zituzten, beraz balkoiena da ondo burutu behar den elementu arkitektonikoa. Eta nire iritzian lortu zuten.
Bost balkoi daude: hiru lehen solairuan eta besteak bigarren plantan. Balkoiak fatxadatik irteten dira piska bat, lehen solairukoak mensulatan eusten dira eta bigarrenekoak aingerutxuen buru hegaldunetan.
Balkoietan erabili zituen apaindurak ohikoak dira: balaustreak, kiribilak, uhinak, loratxoak, bolatxoak baina kasu honetan ere elementu horiekin egiten dituen konbinazioak orijinalak dira, azkenean multzo apaingarriak ez dira errepikatzen.
Laburbilduz, elorrioarrak kategoria handiko maisu lan bat burutu zuen Arrasateko udaletxean. Beste ohartxo bat: aldi bakoitzean arte lanak modu desberdinetan baloratu izan dute: joan zen mendeko argazki zaharretan ikusten da balkoia zuriz pintatuta zegoela (niretzat bete-betean asmatu zuten garai hartako agintariek) eta gaur egun balkoiak “edertzeko” plastikozko mazetak jarri dituzte. Hala beharko du.