Mondragoeko toponimoen etimologiak

3
2016

Ramon Ugalderen artikulua.

Nondik datoz, edo nola sortu ziren Arrasateko leku izen batzuk?

Galdera hori erantzutera dator Gipuzkoako izenak liburuak. Gipuzkoako Diputazioa eta Euskaltzaidiaren babespean argitaratutako liburuan konkretuki Mondragón, Arrasate, Udala, Bedoña, Uribarri, Garagartza, eta Gesalibar izenak jorratu dituzte. Zazpi izen.

Jarraitzen duten metodoa, harrigarria egiten zait: Izen bakoitza dokumentu zaharretan agertutako lekukotasun guztia edo gehienen bilduma egiten dute, grafia desberdinekin, noiz jaso zuten eta abar…Papel zaharretan izena jasota ager daiteke baina horrekin ez digute argitzen izen hori nola sortu zen. Leku izen bertsuak jasotzen dituzte, batez ere Nafarroako dokumentu zaharretan, baina nire ustez akats larri bat egiten dute eta zera da izen horiek leku konkretu eta zehatz batekin ez dutela identifikatzen eta orduan ezin ondorio ganorazkora iritsi: Izen bera leku askotan azaltzen bada, eta ez bada azaltzen ere berdin, leku horiek aztertu behar dira, bere ezaugarri geografiko, botaniko, hidrolojikoarekin, funtsean naturaren zantzuak irakurri, antzekotasunak aurkitu eta ondorio lojikoetara iristeko.

Beste ezaugarri bat, harrigarria ez zaidana egin baina irakurtzea eta ulertzea zailtzen duena zera da, aditz forma “arraroak” erabiltzeko daukaten aierkundea: dukegu, dateke, zatekeen…Oso ohikoa da Euskal Filologiako irakasleen artean, gehien bat Hegoaldekoetan. Niretzat Espaniako unibertsitateko erdera perifrastikotik eratorriko neohizkuntza berri bat , euskara berri bat asmatu dutela. Uste dut ez dela horrelako gaiak lantzeko hizkuntza egokiena baina beude horretan nahi badute.

Aztertu ditzagun liburu honetan eskainitako proposamenak

Mondragon

Diote estilo edo moda kontu bat izan zela holako izenak jartzea. Eta parekatzen dute Belmonte, Miranda, Salvatierra eta holakoekin. Baina nik uste dut MontDragon zertxobait aldatzen dela joera hortatik. Nafarroako Erresumak ordea latinezko izenak jartzeko ohitura jarraitu zuen hasiera batean, Sant Sebastianis, Nova Victoria, Oligitum…

Liburugileek “erdal izena” dela diote, bai euskara ez den edozein hizkuntza erdara da. Baina izen hori ez da gaztelera, niretzat proventzala dela, horregatik da Montdragon eta ez Monte Dragón. Berehala galduko zuen kontsonanteen arteko T hori eta euskara “kultoan” Mondragoe bihurtu da.

Castillako Alfontso Xak jarritako izena da Montdragon. Baina ez zion Villa bati ezarri Puebla bati baizik. La Puebla de Mondragon, polita benetan

Arrasate

Lehenengo aldiz Arressate moduan azaltzen da. Ez dute zehazten Arrasate hori zehazki zer den, ez da erraza hori ere onartu egin behar da. Zer da Arrasate? Santa Barbara menditxoa? Alde Zaharra kokatuta dagoen lekua? Santa Barbara eta Lauaxetaren arteko pasabidea (Bolintxoko biribila)?

Azalpenak ematerakoan ESATE-arekin lotzen dute baina esatea zer da? Goiko mendietan dagoen pasabide naturala edo horma artean irekitako atea? Eta hasierako AR horrek zer esan nahi du? Ez digute argitzen.

Hiri gutunean, edo Carta Pueblan azaltzen denez Arresate “lugar” bat zen. Kontestu honetan lugar herri koskor gisa ulertu daiteke.

Gesalibar

Gesal= ur gazia eta gatza duen lurra, eta Ibar= harana.

Ibar harana izan daiteke beste kontestu batzuetan baina gure inguruan ibar gehiago da erreka ondoko eremua, normalean lur nahiko lauak baina ez beti. Izatekotan haranaren parte bat, erderazko rivera edo vegaren parekoa. Horren lekukoak gure inguruko beste leku izen batzuk dira: Muxibar, Altzibar, Añibar, Esteibar,

Uribarri

Kasu honetan Uri= población eta Barri= nueva, Población nueva dela diote. Agian Uri ez da “población” leku okupatua edo baizik. Garai bateko erderazko lugar (herri koskor bat) izan daiteke? Geografian bereiztu egiten da Populazioa eta Populatzea. Autore batzuentzat Uri, bidea edo lur jabetza izan daiteke.

Garagartza

Garagarrarekin lotzen dute; garagarra eta tza, ugaritasun atzizkia.

Udala

Udalaz ere ganorazko ezer ez digute esaten. Udara-rekin lotura bat egon daitekela diote. Eta beraz udan abereak eramateko bazkalekua izan zitekeela. Bukaerako LA hori ez dute azaltzen. Santander aldeko Udalla batekin erlazionatzen hasten dira baina konturatu dira itasotik 47 metrora dagoela eta lotura hori desgokitzat jotzen dute.

Bedoña

Izen honen inguruan sekulako aukerak ematen dizkigute.

1.- Izen zeltiarra: Bedus; karkaba, erreka edo lubakia esan nahiko lukeena, eta oina funtzio zehatzik ez duen atzizkiaz sortutako hitza izango litzateke.

2.- Izen latinoa edo erromatarra, bi bertsio edo aldaerekin:

A- Vedonius izeneko erromatar jauntxo baten jabetza izango litzateke:

( Villa )Vedoniana. Hau da autoreei gehien guztatzen zaien azalpena.

B- Villa Vedonia. Kasu honetan vedonia adjektibo bat dela dioskue. Ez digute argitzen vedonia hori zer den eta nik ere ez dut ezer aurkitu

3.- Izen akitaniarra: Bedus jaun akitano batek edo jaun horren omenez emandako izena izango litzateke. Eta oina, jabegoa azpimarratzen duen atzizkia. Bedusoinatik Bedoña etorriko litzateke.

Serioak dira planteatzen dizkiguten hipotesi hauek eta serioa da toponimia aztertzeko metodo hau?

3 IRUZKIN

  1. Arrasate non dagoen gure aiton-amonek bazekiten. Arrasate pasealekuak antzinako Arrasatera eramaten du. Bolintxo inguru hori, Santa Barbara azpia Uribarri aldera, Iturripe barne. Behintzat nagusiek halaxe azaltzen dute. Edo zuten, esan beharko. Beraientzat Arrasate zonalde hori da, eta herria Mondraue.

    Bedoñari buruz, etimologia ofizialaren ideia guztiak adar jotze bat dira. Irain bat da euskaldunontzat latinezko etimologia bat proposatzea. Bedoña-ren oña hori Oñatiko berdina da. Oña ‘peña’ da. Bedoña altueran dagoelako. Adibidez, Oñate-Oñati biak dira euskeraz. Lehenengoak Oña-ren atea (Aloña, altu oña), eta bigarrenak Oñati (oña ti. Ti, ugaria. Oñati oñaz beteta dago, Araotz-tik aurrera). Bedoña ere hortik joango da ziur.

  2. Dokumentuetan “colina de Arrasate” eta castillo de Arrasate ere azaltzen da, eta agian Ertaroan Santa Barbara ere Arrasate izan zitekeen, eta baita Alde zaharra ere.
    Orain dela gutxia arte Arrasate eta Mondragoe ondo bereizten ziren, arrazoia daukazu hortan.
    Toponimian “oña” gailur laua daukan erliebea da, “peña” baino gehiago. Mandoña eta Bedoña, horrelakoak dira gutxi gora behera. Bedoñabe da toponimo arraroa, kokapenagatik Mandoñabe lojikoago izango litzateke baina..
    Eta Bedoñari buruzko proposamen ofizialak ere ez dakit “adar jotzera” iristen diren baina harrigarriak badira. Ez dakit noiz eta non kokatzen dituzten Vedonius erromatarra edo Bedus akitaniarra…agian Bedoñara ez dakit nondik etorritako euskaldunak baino lehenagokoak dira eta beraz “euskalduntze berantiarraren” lekuko izango litzateke Bedoña hori.

  3. Bai, arrazoi, gailur laua daukan erliebea. Ikusi argazki hau.

    https://www.flickr.com/photos/54989697@N02/42802088990 Honegaz bakarrik ‘Bedoña’ hitza uler daitekeela uste dut.

    Ni harritzen nauena zera da. Zergatik jotzen den beti euskera ez den hizkuntza batera erantzunak bilatzeko, hemen euskera besterik egin ez denean. Benetan, ez dut ezer ulertzen. Hemengo toponimia argi eta garbi “vascofono”a da.

    Gainera, orain dela gutxi publikatutako ADN ikerketek euskaldunak 3.000 urtez ZEHARO isolatuta egon direla argitzen dute.

    https://www.lavanguardia.com/ciencia/20190315/461027807456/origen-adn-vasco-edad-hierro.html

    Beraz, nondik hainbeste latin eta hainbeste gauza? Ez ote gaituzte engainatu? Ez dut latinaren presentzia ukatzen Euskal Herrian, noski, baina derrigor esparru murritz bati buruz hitz egiten aritu beharko ginateke. Bere eragina ezin heldu zatekeen toponimia aldatzeraino, edo euskeraren hiztegia hainbeste eragiteraino, bere erroraino. Ez du logikaren testa pasatzen. Eta berdina gaztelerarekin. Horretarako biztanleri nahasketa sendo bat egon beharko zatekeen, eta genetikak argi uzten du ezetz, hori ez zela gertatu.

    Eta ez hori bakarrik. Kasu honetan zalantza barik ikerketa hauek “euskalduntze berantiarra” guztiz lurperatzen dute. Baina batzuek nahiago dute ez ikusiarena egin.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen