Cuando Arrasate primero
Por ser leal y guerrero
Llamó el Rey Mondragón
Donde nacen, donde son,
Los hombres fuertes de acero;
Vi un dragón inflamado
Monte y castillo real
Con las cadenas cercado
Del puerto del Muradal
Mondragón liburuan José Letonak eta Juan Leibarrek kontatzen dutenez hori da Mondragoeko armarriaren oinarrian dagoen irakurgaia. Errege-erregina katolikoen kronistaren batek idatzi ei zuena. Uste dut Udaletxeko fatxadako harrizko eskudo ederrean egongo dela idatzi hori. Nik ez dut ikusi. Hala ere, Mondragoeko armarriaren elementuak ulertzeko baliagarria delakoan nago.
Esaten da armarri “parlante” dela, hau da; armarriko elementu batzuk herriaren izena azaltzen dute. Mendi bat eta dragoi bat daudenez Mondragón izan beharko da izena. Hor ez dago desadostasunik. Zein da armarriko mendia? Santa Barbara ala Murugain?
Gaztelua
Dragoiaren mendiaren gainean dagoen gazteluari buruz ordea bi hipotesi daude: bata Letonak eta Leibarrek ematen dutena, eta bestea Jose Maria Urangarena.
Leibarrek eta Letonak neurri batean Juan Carlos Guerraren hipotesia jasotzen dute eta Guerraren azalpenaren arabera armarriko gaztelua Santa Barbarakoa izango litzateke. Jose Mari Urangarentzat aldiz gazteluak El Saladoko (1340) guduari egiten dio aipamena. El Saladoko Tarifa inguruan dago eta bertan musulmanen aurkako gerran beste garaipen erabakigarri bat gertatu zen eta dirudienez Mondragoeko gudarien ekarpena oso inportantea izan zen.

Kataia(k)
Kataiak (kateak) katea Navas de Tolosako (Jaen) guduan, almohadeen aurkako borrokan irabazitakoa. Beraz, Nafarroako Erresumako armarriko kateek eta Mondragoekoek jatorri berbera izango lukete.
Navas de Tolosako bataila erabakigarria izan zen musulman inperialismoa geldiarazteko.
Arestiko poesian aipatzen den Muradaleko mendatea Despeñaperrosen dago, eta dirudienez Arrasateko gudariek mendate hori zeharkatu zuten bataila ospetsu horretan eta garaipena lortu.

Baina zergatik kataiak? Kristau historialariek kontatzen dutenez almohadeen buruzagia jaima batean zegoen gordeta eta bere inguruan katez lotutako esklabo beltzez osatutako giza hesi batekin babestuta zegoen. Nafarroako Antso Azkarra izan zen bertaraino iritsi eta ezpata batekin (edo aizkora batekin) kateak apurtu zituena. Mondragoetarrak ez ziren urrun ibiliko. Kroniketan azaltzen denez mondragoetarrak eta leinztarrak Diego Lopez Harokoaren gudari taldeetan joan ziren gudu horretara. Bataila horretan Europa mendebaldeko kristau erresumetako gudari askok hartu zuten parte.
Arbolak
Bi arbola ere badaude eta horien inguruan ez dut azalpen zehatzik aurkitu. Arrasate bi bailara elkartzen diren lekuan kokatuta dagoenez zuhaitzek Leintz eta Ugaran irudikatu dezakete.
Uhinak edo itsasoko olatuak
Armarriaren oinarrian itsasoaren uhinak edo olatuak azaltzen dira. AZE, Arrasate Zientzia Elkartearentzat uhin horiek Gipuzkoako itsasoa sinbolizatzen dute. Jose Maria Urangarentzat Algezirasko konkista adierazten dute. Izan ere mondragoetarrek parte hartu zuten konkista horretan eta horrela kristauek musulmanei hiri hori kendu ondoren Hegoko Itsasora (Mediterraneora) iritsi ziren.
Jose Maria Urangaren teoriari koherentzia gehiago ikusten diot. Mondragoeko armarriaren hiru elementutan (gaztelua, katea eta olatuak) funtsean bertako gudariek, kontzejuko milizianoek lortutako garaipen militarrak erakutsiko lirateke. Talde moduan lortutakoak eta horregatik kontzeju osoarenak zirenak.
Orain dela urte batzuk Arrasateko Udalak armarri diferente bat erabiltzen hasi da. Hasteko errege koroaren ordez koroa “almenatu” batekin ematen dio gaina armarriari. Betiko armarrian ordea errege koro bat dago. Navas de Tolosako guduan irabazitako kateak ere desagertu egin dira. Gaztelua ere diferentea da: betiko gazteluak hiru dorretxo zituen eta honek ostera lau almena. Mendia, dragoia eta arbolak mantentzen dira, baina gazteluaren alboetan bi pieza bertikalak jarri dituzte, bolardoak modukoak edo nik zer dakit.
Nortzuk izan ziren armarria aldatzea erabaki zutenak? Noiz eta zergatik? Nik ez daukat erantzunik.
