Mondra 3-1 irabazi dio Elgoibarri, denboraldiko laugarren jardunaldian, eta garaipenarekin gora egin du sailkapenean. Jorge Davilaren taldeak, aurreko hiru partidetan garaipen, berdinketa eta porrot bana izan ondoren, etxeko zaleei joko ona eta garaipena eskaini dizkie.
Lehen zatia bizi hasi da, eta 12. minutuan Bittor Urteagak zuri-moreak aurretik jarri ditu markagailuan. Taldeak joko oso ona erakutsi du, baina 39. minutuan Elgoibarrek berdinketa lortu du akats baten ondoren. Atsedenaldira joan aurretik Oxel Luegok izan du bigarrena egiteko aukera, baina atezainaren geldiketak gola eragotzi du.
Bigarren zatian Mondra nagusi izan da. Iker Perezek 48. minutuan taldea berriro aurretik jarri du, eta minutu gutxiren buruan, Marcok 54. minutuan abantaila handitu du, 3-1. Hortik aurrera, arrasatearrek partidua kontrolatu dute eta aukera gehiago sortu dituzte, baina markagailuak ez du mugimendu gehiagorik izan. Elgoibarrek, aldiz, ez du bigarren zatian ia aukerarik izan.









