“Mondra martxan dago, 2020/21eko txapelketa formatua edozein dela”

0
1281

Klub zuri-moreak Batzar Orokorra egin du, eta Junta zabalik dago bertan laguntzeko prest dauden pertsonentzat. Xabi Etxeberria lehendakariak azaldu digu Leintz Arizmendiri omenalditxo bat egitekoak zirela, 2019/20 igoeraren harira.

Argazkiak: Mondragon CF.

Mondragon C.F. klubak Ohiko Batzar Orokorra egin zuen herenegun Kulturaten, Covid-19aren aurkako neurriak hartuta.

Xabi Etxeberria lehendakari duen Zuzendaritzak aurrera jarraitzen du. Izan ere, Junta 4 urtean behin berritzen da, baina denbora tarte horretan “beste plataforma bat aurkezten bada, lehendakaria bozka bidez erabakiko da”.

Herenegungo Batzar Orokorrak jakitera eman zuen egungo Juntako bi kidek Zuzendaritza utziko dutela. Izan ere, “urte dezente daramatzate bertan – azaldu du Xabi Etxeberria lehendakariak – eta adierazi dute beste pertsona batzuek lekukoa hartu behar dutela”.

Iñaki Arizmendiarrieta eta Ana Murillori lekukoa hartzeko bi pertsona “momentuz ez ditugu lortu, baina Zuzendaritza horretan ere bagabiltza, ate asko jo behar dira pertsonak lortzeko”.

“Behin pertsonak lortuta, Zuzendaritzako denak gustura aritzen gara” konpartitu du Xabi Etxeberriak. Beraz, Juntaren ateak zabalik daude laguntzeko prest dauden pertsonendako”.

Kirol esparruari berari dagokionean, besteak beste, batzarrak Ohorezko Erregionaleko taldearen denboraldiaren balorazioa egin zuen:

“Hasiera pixka bat xelebrea izan zen, nahiz eta bai ekipoa baita entrenatzailea ere iazko berberak ziren. Aurreikusi zitekeen iazkoaren jarraipena izango zela, baina denboraldi hasiera ez zen holakoa izan”.

Hamargarren jardunaldian “Zuzendaritzak erabaki zuen zerbait egin behar zela, eta errazena egin zen: entrenatzailea aldatzea, jokalari denak ezin direlako aldatu”.

“Jorgeri eskertu genion atzoko Batzar Orokorrean ere lehen taldearekin eta harrobiarekin egindako lan guztia”.

Ondoren, Asier Olaizola fitxatu zen eta taldea “zulotik atera zuen, sailkapenaren erdialdean jarri ginen, baina Covid-19a iritsi zen eta txapelketa eten egin zen”.

Ohorezko Erregionaleko taldeak lau baja izan ditu: Mikel Gonzalez ‘Gonzo’, Gorka Eraña ‘Tibu’ eta Julen Aranbarri ‘Bak’ek taldea utzi dute, eta Danel Mena Realera itzuliko da.

Euren hutsuneak betetzeko, 2010/21erako lehen taldera igo dira iaz Preferenten jokatutako Iker Perez eta Markel Gonzalez. Gainera, Xabier Olano atezaina Mondrara itzuli da.

Josu Durana ere fitxatu du klub zuri-moreak: “Jokalari hau Murgiakoa da eta 3. mailan jokatu du Araban, besteak bestea”.

Ohorezko Erregionaleko mailan, koronabirusaren ondorioz, ez da talderik jaitsi Preferentera. Ordea, Preferentetik Aloña-Mendi Ohorezko Erregionalera igo da, eta ondorioz datorren denboraldian “Ohorezko Erregionaleko talde kopurua bakoitia izango da, ikusteko dago zein formatutan jokatuko den”.

“Baliteke lehiaketa bi multzotan banatzea, edo agian itzuli bat soilik jokatuko da, ikusteko dago”. Hori oraingoz airean dagoen arren, taldeak martxan jarri behar dira:

Ohorezko Erregionaleko taldea abuztuaren 31n hasiko du denboraldiaurrea, eta Preferentekoak aste berean, “dena ondo bidean”.

Arrasate Hiria Torneoa irailaren bukaerako asteburuan egitea aurreikusten da. “Baliteke Arrasate Hiriaren aurtengo formatua ezberdina izatea: Partidu bat zapatuan jokatzea eta bestea domekan”.

Mondrak ere parte hartzen du Leintz Arizmendi taldean, eta “aipamen berezi bat egin genion taldeari, ondo merezitakoa: Arizmendiko neskatilek Ohorezko Kadete maila lortu dute, eta seniorrek denboraldi izugarri ona eginda, Euskal Ligara zuzenean igotzea lortu dute”.

Batzar Orokorrak zoriondu egin zituen, eta aipatzekoa da “taldeko neska gehienak arrasatearrak direla. Gure asmoa zen, martxoaren 14an, etxeko azken partiduan, seniorrei omenalditxo bat egitea, baina txapelketa eten egin zen. Pena eman zigun ezin egiteak”.

Kuotei dagokienean, “iazko denboraldia koronabirusaren ondorioz berezia izan zenez, erabaki da klubak bazkideei kuotaren %20 itzultzea. Diru hori ez da itzuliko kontutik era automatiko batean”:

“Datorren urtean bazkide direnak eta %20 hori errekuperatu gura dutenek, Mojategira etorri beharko dira, Mojategin jokatuko diren lehen lau partiduetan. Zenbateko hori eskura itzuliko diegu”.

Horretarako “karneta erakutsi beharko dute, eta gura dutenei bueltatuko zaie. Neurri hau hartu dugu jende askok kalean komentatzen digulako eurek ez dutela nahi tokatzen zaizkien 10-16 € inguru horiek. Nahiago dute diru hori klubarentzat izatea”.

Izan ere, “bazkide guztiei diru kopuru hori bueltatzen bazaie, jendeak gero ez du itzuliko, azken finean molestia bat izan daitekeelako Mojategira etortzea”.

Jokalarien kuotei dagokienean, “eurek azken kuota ordaindua zuten txapelketa bertan behera utzi zenean. Batzar Orokorrak erabaki du azken kuota horren %20 itzultzea jokalariei, datorren urteko lehen kuotan %20 murrizketarekin. Jokalariei zenbateko hori zuzenean aplikatuko zaie”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen