Arrasateko ekimen honek haurrei futbolean jokatzeko aukera eman nahi die Mondran edota UDAn tokirik ez dutenentzat. Horretarako, Atxabalpeko zelaia erabiltzeko eskaera egin nahi dio Udalari. Ekimen honen ekipoak Ermuko Liga eta Kopa txapelketak irabazi ditu denboraldi honetan, eta Eibar-Ermuko Superkopako txapeldunordea izan da.
Gizonezko talde honek zenbait urte daramatza futbolean jokatzen, eta fitxa ofiziala duela urte bi lortu zuen.
“Hastapen haietan Mondragón izena jarri genion taldeari, baina gai burokratikoen ondorioz, ez ziguten utzi izen hori erabiltzen jarraitzea, eta egun Inter Mondra FC deitzen gara”.
Aurreko denboraldian afizionatuen mailako Ermuko txapelketan 3. postua lortu zuten, eta denboraldi honetan bertako Ligaz gain, Kopa ere irabazi egin dute.
Ondorioz, Superkopa jokatzeko txartela eskuratu dute, baina tamalez finala Eibarko Malape tabernak irabazi zuen. Hala ere, denboraldi bikaina izan da Mondra Interrentzat, eta horrenbestez zorionak!
Ekipoko jokalari ia guztiak Arrasatekoak dira, eta Eskoriatzako, Eibarko zein Ermuko jokalari bana ere baditu.

Jatorriari dagokionez, oro har Kolonbia, Venezuela, Nikaragua, Honduras, Bolivia, Ekuatore Ginea eta Euskal Herriko jatorriko jokalariak dira. “Hortik datorkio Inter izena taldeari”.
Orokorrean, “latinar komunitateak ere garaipenak lor ditzakeela erakutsi nahi dugu, nahiz eta gure taldea ez den Mondra edota Mondrate bezain ofiziala, baina bidean gabiltza”.
Bide honetan, zenbait babesle ekonomiko bidelagun dituzte: “Denetik Garbiketak, Arrasate Berria ehorztetxea, Itxaso taberna, Urretxu taberna, Pinturas Leniz eta lehen Arrasate taberna ere”.
Gainera “pertsona batzuk ere prest agertu dira gu diruz laguntzeko edota ekipazioak oparitzeko. Izan ere, ikusi dute gure proiektua serioa dela, eta gainera txapelketak irabazi ditugula”.
Ermuko lehiaketa APFE deitzen da, afizionatu mailako taldeei dago zuzenduta, “bertako Udalaren babesa dauka, araudi zorrotza du eta zenbait babesle ekonomiko”.
Inter Mondrak “Arrasateko jokalariz osatutako ekipoa da, baina beste fitxa ofizial bat lortu nahi dugu, ekimena handitzeko”.

Izan ere, ekimen honek, gizonezkoen taldeaz gain, “proiektu sozial bat ere badu, eta Arrasateko Udalarekin hitz egin nahi dugu, Atxabalpe erabili ahal izateko, orain hutsik dagoena”.
Izan ere, alternatiba bat izan gura du “Mondran eta UDAn tokia ez duten haurrentzat, bi klubeko plaza kopuruak murritzak izaten direlako. Mutiko asko jokatu barik geratzen dira”.
“Udalari ez diogu dirurik eskatu nahi, bakarrik Atxabalpe zelaia erabili ahal izatea, eta gu arduratuko ginateke belarra mozteaz eta bestelako mantentze-lanez”. Halaber, “babesle ekonomikoak bilatu nahi ditugu, eurek hiru baloi eta lau kamiseta oparitzeko”.
“Proiektu hau soziala da, klubeko taldekide batzuek martxan daukaguna, ez dugulako nahi haurrak etorkizunean drogaren kontsumoan erortzea, eta horretarako kirola baliatu nahi dugu”.
“Horren truke ez dugu dirurik eskatuko, bakarrik gurasoek haurrak Atxabalpera eramatea”. Asmoa da entrenameduak “astean behin edo bitan egitea”.
“Nahi genuke aurrerago talde federatu bat sortzea, eta Mondrarekin edota Udarekin lagunarteko partiduak jokatzea”.
“Orain beste talde bat sortu nahi dugu, eta klub bat sortu, ez lehiaketara bideratuta, lan soziala egiteko baizik, haurrei zuzenduta”.
“Gu prest gaude etorkizunean balizko haurren talde horretako haur batekiko Mondrak interesa agertuz gero, Mondrarekin hitz egiteko prest gaude”.
“Prest gaude ere, Mondrako haurren bat Mondran gustura egongo ez balitz, haurrari Mondra Interren jokatzeko aukera emateko”.
Proiektu sozialarekin aurrera egiten nahi dute eta “espero dugu gure proiektua epe motzera edo luzera lortu ahal izatea, haurrak etorkizunean drogaren kontsumoan eror ez daitezen”.




