Arrasate Hiria Txapelketako lehen jardunaldian, harrobiko zenbait jokalari zuri-more aritu dira: Arizaga, Aitzol, Durana, Estrella, Iker Perez,… Ekipoak txalotzeko lanak egin du. Biharko finala Bergara-Elgoibar izango da.
Mondra klubak antolatuta, Arrasate Hiria Txapelketako XXXVIII. (38.) edizioa hasi da gaur arratsaldean Mojategin.


Urtebete oso bat publiko barik jokatu behar izan ostean, ikus-entzule ugari Mojategiko harmailetara itzuli dira, Covidaren aurkako neurriekin. Izan ere, egun 360 ikusle har ditzakete, klub zuri-moreko Zuzendaritzak azaldu bezala.
Txapelketako lehen partiduan Bergara UDAri nagusitu zaio, eta ondorioz bergararrek jokatuko dute biharko finala.


Arratsaldeko bigarren partiduan Mondrak Elgoibarren aurka neurtu ditu indarrak. Cristian Levis entrenatzaile berriak agindu izan duen bezala, harrobiko jokalariei tokia egin die. Lehen zatian denboraldiari ekiteko hamaikakoa izan daitekeena zelairatu du:
- Gaizka atean
- Aiti, Aritz, Durana eta Danel defentsan
- Jokin Mujika, Arripu eta Iñigo erdialdean
- Iker Pavon, Jontxu eta Arizaga erasoan
Lehen zatian ez da aparteko gol aukerarik izan baina aipatzekoa da Xabi Arrizabalaga ‘Arripu’ urruneko jaurtiketa batekin gola sartzear izan dela lehen zatiaren luzapenean.
Azpimarratzekoa da ere adibidez Danel Menak egindako partidua, ezkerreko hegalean gora eta behera aritu da.


Bigarren zatirako Cristian Levisek taldea gazteagotu du: Aitor Marco, Aitzol Bengoa, Unai Estrella edota Iker Perez zelairatu ditu, baita esperientzia handiagoko Valle eta Josu Arizmendiarrieta ere.
Elgoibarrek gola egin du, eta etxeko taldeak ahaleginak egin ditu partidua irabazteko edota behintzat berdintzeko. Partidua amaitzear zela, Mondrak gol aukera on bat zuenean, marrazainak jokoz kanpokoa adierazi du. Erabaki okerra:
Marrazainak berak Cristian Levisi onartu dio erratu egin dela, zelaitik kanpo zegoen jokalari batek jokoz kanpokoa ezer ezean uzten baitzuen.


Azkenean Elgoibarrek 0 eta 1 irabazi du, eta partidua galdu arren, gure entrenatzaileak norgehiagoka baliatu du probak egiteko eta taldeak bere erritmoa bizitzeko.
Bihar finala Bergarak eta Elgoibarrek jokatuko dute, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Mondrak eta UDAk 3. eta 4. postuak argitzeko partidua izango dute 16:00etan. Aupa Mondra!

