Mojategiko aldagela eta komunek itxita jarraitzeari buruz debatitu da Plenoan

0
1085

EH Bilduk azaldu du entrenamenduetako neska-mutilek ezin dituztela oraindik erabili. Udal-gobernuak erantzun du orain “helburua poliki-poliki zabaltzen hastea dela, protokoloa jarraituz”. Amaia Antzokiko zine zerbitzua, abuztuko funtzionamendua,… ere hizpide izan dituzte Udalbatzan.

Aste honetako Udalbatzarrean EH Bilduk mahai gainean jarri du udal-sail batzuen azken hilabeteetako funtzionamendua.

Ander Garayk, Kirolak, Pertsonal eta Zerbitzu Ekonomikoak sailetako zinegotzia, aitatasun-baja hartu behar izan zuen.

Ondorioz, alkateak sail horietako zinegotziaren funtzioak bere gain hartu behar izan zituen, behin-behinean. EH Bilduk asteartean Plenoan jakitera eman zuen, hiru sail horiek ez dutela batzorderik egin aitatasun-baja hartu zuentik. Ondorioz “kudeaketa errenka ibili da”, Amaia Antzokiko zinearena esaterako:

“Hilabete eta erdian ez da zine emanaldirik izan, Udal-gobernuak ez duelako aurreikusi horretan diharduten bi langilek aitatasun-baja hartu behar zutela. Ondorioz, presaka ibili behar izan duzue bi langile aldi baterako kontratatzeko”.

Udal-gobernuak erantzun du “uztailetik aurreikusi zela, eta Pertsonal Sailak horretan jardun zuela. Lan-poltsa bat sortu zen, baina lan-poltsa horretako pertsonak beste lan batzuk aurkituak zituztenez, presazko deialdi bat egin behar izan zen”.

Kirolei dagokienez, EH Bilduko Maider Morrasek adierazi du “Mojategiko entrenamenduak aspaldi hasi ziren arren, oraindik bertako komunek eta aldagelek itxita jarraitzen dutela, nahiz eta beste kirol-zerbitzu batzuk beste aldagela eta komun batzuk erabil ditzazketen”.

“Ondorioz, entrenamenduetako neska-mutilek ezin dira bertan aldatu, eta batzuetan txiza izkina batean egin behar izaten dute”.

Udal-gobernuak azaldu du “kirol-teknikariak ekainetik gai hau lantzen dabilela kirol-elkarteekin, eta iritsitako protokoloaren funtzionatzeko erak azaldu zizkien”, “guztion adostasunarekin”.

Ander Garayk azaldu duenez klubek “onartu zuten baldintza hauetan Mojategi erabiltzen hastea, eta teknikariak klubekin bilerak egiten jarraitzen du. Orain helburua da itxita dauden instalazioak poliki-poliki zabaltzen hastea, protokoloari jarraituta”.

Kudeaketaren inguruan ere, EH Bilduk azaldu du azoka plazan abuztuan atzerapen bat egon zela, baina “saltzaileei ez zitzaiela Udaletik inolako azalpenik eman”.

Aurtengo abuztua “abila izan da, baina ez da izapidetze administratiborik egin – EH Bilduk azaldu duenez – Udal-gobernuaren aurreikuspen faltagatik”.

Udal-gobernuak erantzun du “abuztu ezberdinetan Udalak funtzionatzeko era ezberdinak izan dituela. Gai hau Batzordean landu zen, sindikatuekin landu zen, eta adostasun batera iritsi zen”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen