Miren Agur Meabe – Eider Rodriguez elkarrizketan: “Lehen amatasuna atzerakoitzat hartzen zen”

0
143

Emakume Txokoak antolatuta, 10 urte egin ditu ‘Emakumeak protagonista’ elkarrizketa saioak. “Nire lehenengo liburuetan – azaldu du idazle bizkaitarrak – kristalezko emakumea izan nahi dut, gardena, baina aldi berean, norbaitek zapaltzen badu, odolaren ordaina emango diona”.

Idazle lekeitiarrak estatu mailako Poesia Saria jaso zuen iaz ‘Nola gorde errautsa kolkoan’ poesia liburuagatik. Hortaz gain, Euskaltzain Oso dihardu.

Elkarrizketatzaile lanetan Eider Rodriguez Martin idazlea aritu zen. Ipuin liburuez gain, literatur arlo ezberdinak ere jorratu ditu. 2021ean argitaratu du bere lehen eleberria,‘Eraikuntzarako materiala’ da eta liburua aurkezten dihardu oraindik ere.

Idazle oreretarrak bi Euskadi Sari lortu zituen 2018an: bata, Euskarazko Literatura kategorian, ‘Bihotz handiegia’ lanagatik, eta bestea, Haur eta Gazte Literaturarenean, ‘Santa Familia’ lanagatik (Julen Ribas arrasatearrarekin sortua).

Kulturateko elkarrizketan Miren Agur Meabe Plazak azaldu zuen bere lehen liburuetan “agertzen den poeta gaztea eta idealista dela, bere burua ia-ia fantasma hetereo baten moduan aurkezten du eta nahiko lukeena kristalezkoa izan”.

Esaterako, bere lehenengo poema liburuan “kristalezko emakumea izan nahi dut, gardena izateko, mezu zintzoa emango duena, baina aldi berean, norbaitek zapaltzen badu, odolaren ordaina emango diona”.

Alabaina, “gardentasun hori eboluzionatuz joan da, eta hurrengo liburuan adibidez (‘Bitsa eskuetan’) autoerretratua beste era batera ematen da, kaierdun emakumea naiz”.

Amatasunari dagokionez, “bere inguruko pertzepzioa asko aldatu da, adibidez Leire Bilbaoren poema liburu zoragarria da (‘Etxeko urak’), amatasunaren inguruko gogoeta bat da”.

Izan ere, “orain ez da amatasuna epaitzen lehengo betaurrekoekin, orain amatasuna eta ama zarela erakustea progreak dira. Lehen atzerakoia zen”.

Eiderrek zenbait galdera labur egin zizkion Miren Agurrek labur erantzun zitzan, esaterako: Zein da gehien gomendatu edo oparitu duzun liburua?

“Bat baino gehiago, ‘Esnearen kolorekoa’ Nell Leyshon idazlearena, zoragarria da, eta Margaret Atwood-en ‘Ojo de gato’. Biak ala biak niretzat irakurri beharrekoak dira”.

Zuri bakarrik gustatzen zaizun liburu bat? “Sasoi batean asko gustatu zitzaidan Saramagoren ‘El Evangelio según Jesucristo’. Agian orain ez nuke irakurriko, liburu bitxia da”.

Euskarazko liburuetan faltan sumatzen duzun zerbait? “Argumentua eta egitura miretsi arren, batzuetan iruditzen zait hizkuntzaren kalitatea ez dela lar zaintzen”.

Gure literatur sisteman sobran atzematen duzun zerbait? “Sobran? Kritikari askorik ez dago, kritika gutxi dago, kritika oso kualifikatua dago, baina baita beste azaleko bat. Zerbait sobran egotekotan, azalekoa-edo”.

Gomendatzea gustuko duzun idazle bat? “Zeu [Eider Rodriguez]”.

Apokalipsiaren bezperarako plan bat? “Lekeitioko hondartzan, goizeko 09:00etan, inor ez dagoenean, niri ordu horretan jaistea gustatzen zait, nire aulkian itsasoari begira, itsasbehera dagoela, nire koadernoarekin, eta ondoan maite-laguna, baldin badaukat. Bestela, ondoan katua, nahiz eta hondarra gustuko ez duten [barreak]”.

Utopia lortu ondorengo biharamunerako plan bat? “Gauza bera, baina nire semearekin”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen