Gaur hasi, eta otsail amaiera bitartean egongo da zabalik Mintzalagun egitasmoetan izena emateko aukera.
Ikasturte honetan, bigarrenez, euskaltzaleei TÚtik GUra. Ongi etorri Mintzalagunon Mundura salto egiteko gonbidapena luzatzen diegu euskaraz lagunartean, modu eraginkorrean eta giro ezin hobean aritzeko. Izan ere, gaur hasi eta otsail amaiera bitartean egongo da zabalik Mintzalagun egitasmoetan izena emateko aukera.
Irailean ikasturtea hastearekin batera, Mintzalagun talde berriak sortu ziren. Bidelariak eta Bidelagunak astero hartu-emanean daude, elkarrekin esperientzia aberasgarriak bizitzeko gogoz. Komunitatea sendotzeko bigarren izen emate deialdia abiatu da oraingoan, etengabe ehuntzen doan sarearen parte izateko aukera paregabea. Mintzalagunak ditu izen emate honek protagonista, beraiek direlako Mintzalagunen Mundua osatzen dutenak.
Bestetik, izen ematearen baitan, Postalaren jolasa ere martxan dugu otsailaren amaiera arte. Mintzalagunek, banatu zaien postala inguruko pertsona bati bidali eta hau Mintzalagun izatera gonbidatuz landetxe batean asteburu pasa baten zozketan sartuko dira; postala bidali duen Mintzalaguna eta postala jaso duen pertsona. Zozketan parte hartzeko, bidalitako eta jasotako postalarekin argazkia atera eta mintzalaguna@topagunea.eus helbidera mezu bat bidali behar da. Zozketa otsailaren 29an egingo da, Mintzalagunek burutuko duten Mintzatxotx Sagardotegira irteeran. Ekimen honetan parte hartzeko azken eguna otsailaren 28a izango da.
Euskaraz bizi nahi dutelako, beldurrei aurre egin nahi dietelako, ahaztutakoak berriz gogorarazteko, euskara maila hobetzeko edota euskaraz gozatzeko apuntatzen dira. Izena eman, erronka berriari heldu eta komunitatearen parte sentitzen dira; harreman sarea sendoa eta iraunkorra da. Gaur egun 22 herrialde desberdinetan 7.000 lagun baino gehiagok hartzen dute parte Mintzapraktika egitasmotan, Mintzalagun egitasmoak barne, eta euskaltzale guztiak mintzalagunon mundura ongi etorriak dira.
Nondik norakoak
Mintzalaguna euskaraz hitz egin ohi duten pertsonak euskaraz egin nahi duten pertsonekin euskaraz aritzeko elkartzen dituen programa da. Funtzionamenduari dagokionez, parte hartzaileen artean talde txikiak egiten dira eta astean behin ordu betez beraien aisialdi garaian elkartuko dira paseoan, kafetegian, parkean… euskaraz aritzeko, euskaraz bizitzeko. Bi modutara parte har daiteke, euskara praktikatuz (bidelaria) eta euskara praktikatzen lagunduz (bidelaguna). Berbalagun bihurtzeko baldintza bakarrak, 16 urtetik gorakoa izatea, euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea dira.
Mintzapraktika egitasmoetan izena emateko aukera eta eskualdeko euskara elkartean, euskaltegian, Udalean edo www.mintzalaguna.eus gunean duzu eskura.