Mikel Lasa: “Ironman-ean txapeldunordea izatea urteetako esfortzuaren emaitza da”

0
960

Triatleta arrasatearrak zenbait Ironman egin ditu, eta besteak beste, Alpe d’Huez-eko lasterketa menditsua osotu du. Orain arteko azken proban, Galiziakoan, txapeldunordea izatea lortu du beteranoen artean.

Argazkiak: Mikelen familia.

Mikel Lasa Erlek bere kirol-ibilbidea txirrindularitzan hasi zuen, baina triatloian urte ugari daramatza. “Triatloiak erakarri ninduen eta poliki-poliki praktikatzen hasi nintzen. Adibidez, Senpereko eta Hondarribiako triatloietan parte hartu nuen”.

Gero eta distantzia luzeagoak egiten hasi zen eta “niretzat mugarria Zarautzeko Triatloia egitea izan zen, nire txikitako amets bat bete bainuen”.

“Ondoren distantzia luzeagoko probak egin nituen, Ironmanak deitutakoak, eta orain arte lau egin ditut: Gasteizen, Lanzaroten, Katalunian eta Galizian”.

Distantzia luzeagoko bat “Alpe d’Huez-en egin nuen, Frantzian, proba oso menditsua. Izan ere, Alpe d’Huez igotzeaz gain beste bi mendate igo behar ziren, baita goialdean mendi-lasterketa bat egin ere”.

Orain arteko azken froga Galiziakoa izan da, ekainaren 27koa. “Aurreikusten nuen goiko postuetan ibiltzea, izan ere, apirilean Euskadiko Duatloi Txapelketan hirugarren helmugaratu nintzen”.

Galiziako Ironmanean, igeriketaren ostean “uretatik erdialdeko postuetan irten nintzen, eta bizikletan ez ninduen inor aurreratu. Bizikleta nire indarguneetako bat da, eta bizikletatik jaistean 33. postuan nindoan. Gero, korrika egitean, 8 lasterkari aurreratu nituen”.

Hau guztia lortzeko “liburuek azaltzen duten bezala, hasieran %90a fisikoa da eta %10 burua, eta amaieran ordea %90a burua da eta %10a fisikoa. Beraz, bukaeran buruak agintzen du”.

Antxintxika Debagoiena Arrasateko Triatloi Kirol Elkarteko lagun hau sasoiko dago eta Galiziako lasterketan “ez nuen ahuleziarik sufritu, nire Ironmanik onena izan da, ez denborari dagokionez, baina bai gozamen eta errendimenduari dagokienez. Badirudi distantziari neurria hartu diodala”.

Horri guztiorri esker, beteranoen artean txapeldunordea izatea lortu zuen. “Lorpen hau urteetako esfortzuaren emaitza da, nik behintzat hala ikusten dut”.

“Kirolari asko distantzia luzeetara pasatzen dira, eta entrenamendu hain exijenteen ondorioz, ‘erre’ egiten da. Nik uste lorpen hau urteetako kostantziaren emaitza dela”.

Bidenabar, “eskerrak ematen dizkiot nire familiari, horrelakoetan hau esatea topiko bat izan daiteke, baina familiak beti lagundu nau. Holako lasterketa bat prestatzeak izugarrizko esfortzua suposatzen digu etxeko denoi”.

Orain “atseden hartzen nabil eta udazkenerako Sevillako Ironman erdi baterako izena eman dut”. Hori da sasoia Mikel! Ondo jarraitu eta zorionak!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen