Mikel Etxebeste arrasatearra (Lezaungo alkate): “Sutea elkartasunarekin gerarazi dugu”

0
1287

Mikel egun Lizarrako merindadeko herri honetan bizi da eta lan egiten du, eta baso nahiz mendietan sutearen aurka jardun du auzolanean.

Argazkiak: Mikel Etxebeste.

Suteak Nafarroako hegoaldea eta erdialdean astintzen dabiltza azken egunetan, eta Mikelek bertatik bertara bizi izan du kinka larria.

Berarekin hitz egiteko aukera izan dugu gaur (asteartea) eta erantzun digu “gaur hobeto nagoela, txarrena pasatu baita”. Azken egunetako gorabeherak azaldu dizkigu:

“Domeka goizean aurre-alertan ginen, baina gero maila hori bertan behera utzi zuten, ikusten baitzen sutea Lezaunera iristeko arriskurik ez zegoela”.

Alabaina, ondoko herri batzuetan arriskua zegoen eta “alkate batzuek laguntza eske deitu ziguten. Nik laguntza deia jendartean zabaldu nuen, eta laguntzera joan ginen”.

Sutea gerarazteko, ‘cortafuegos’ edo suebakiak egin behar zituzten, eta ondorioz “traktore batekin, eskabadora batekin eta motozerra pare batekin”.

Garrak aurrez egindako suebaki bateraino iritsi zen, “eta ia itzalita zegoen arren, kontrolatu egin behar zen, eta suebaki hori eskabadorarekin garbitu genuen. Eskabadorarekin hartutako lurra suaren gainera botatzen genuen, berau itzaltzeko”.

Helburu hori lortuta, “mendiaren bestaldera igaro behar izan ginen, bide batera joan ginen, suebaki bezala erabiltzen zena, eta bidearen bi ertzetako zuhaitzak botatzen ibili behar izan ginen, sutea geldiarazteko, nolabait esateko, suari ‘erregaia’ kentzeko”.

Lan horretan “ilundu arte jardun genuen, eta inguru hartan geratu ginen eboluzioari begira. Sua suebaki horretaraino iritsi zen, eta han geratzea lortu genuen. Pilatutako tentsioarekin ez ginen ohartu, baina gero lana eta emaitza baloratzean, poza sentitu genuen”.

Arratsaldeko 16:00etatik ilundu arte mendi-lanetan ibili ziren etengabean. Inguru hori Arzotz herrixkaren goialdean dago eta “herrixkara jaitsi ginenean, jendearen aurpegiak ikustean, negargurea eragin zigun. Bertan eta inguruan biztanle gehienak adinekoak dira, eta adinekoek begirada galduak zituzten”.

Gero “ohera joatean, ezin nituen begirada horiek burutik kendu. Gainera herrien arteko elkartasunak hunkitu egiten zaitu. Kontuan hartzekoa da gure inguruan suhiltzaile kamioi bat bakarrik lan egin zuela”.

Izan ere, “Nafarroan orduan sute asko zeuden han eta hemen. Beraz, nekazarien traktoreekin, motozerrekin eta norberak lagungarri zuenarekin ibili ginen suari aurre egiten”.

“Helburua lortu genuen, sutea geraraztea, baina une batzuetan egoera oso larria izan zen: haizeak bat-batean norabidez aldatu zuen eta sugarrak oso handiak ziren”.

Ondorioz, sutea geldiarazteko “suhiltzaileek erabaki zuten kontrako norabidean mendiari su ematea. Horrela suhiltzaileek piztutako suak bestearen aurka egin zuen, eta erabaki eraginkorra izan zen”.

Atzo (astelehena) goizean ere “belarriak tente genituen. Arzotz Gesalatz bailaran dago, eta hango alkatearekin hitz egin nuen. Bazirudien su txikiak baino ez zirela geratzen, baina kontrolatu behar ziren”.

Atzo arratsaldean “pixka bat bizitu ziren baina helikoptero pare batek berehala itzali zituzten. Mendi horren bestaldean, beste bailara bat dago, eta hangoak ere ezagunak ditugu. Eurek ere ezinegon handia sentitzen zuten”.

Horrelako kinka larrietan “begibistakoa da zein garrantzitsua den auzolana. Hainbat ordutan suhiltzailerik gabe lan egin behar izan genuen, eta auzolanik ezean, ziur Arzotz herria kiskaliko litzatekeela”.

Kontuan hartzekoa da Arzotzen “kasualitatez lurzoruen arduradunak ez dira bertan bizi. Herrian ez da nekazaritzako gazterik bizitzen geratu, eta ondorioz suebakiak egiteko traktorerik ez dago”.

Ondorioz, “ondoko herrietako traktoreak eraman genituen Arzotzera. Elkartasuna ere oso garrantzitsua izan da Los Arcos inguruko sutean, nekazariek traktoreekin geratu baitzuten sua”.

“Han uzta gehiena bilduta zegoen, eta ondorioz sutearen aurkako lanak errazagoak izan dira hemen baino. Izan ere, gure inguruan oraindik berde dago eta uzta jaso barik zegoen. Beraz, hemen traktoreek pasada egin behar zituzten toki berean”.

Beste elkartasun keinu bat izan zen “ondoko herrietatik bokatak ekarri zituztela, eta gose ez ginen arren, suhiltzaileek jateko aholkatzen, agintzen ziguten. Bestela, hurrengo egunean pot eginda egongo ginateke”.

Suhiltzaileei kasu egin zieten, eta akituta ez egon arren, “ikaragarrizko agujetak izan genituen, nahiz eta motozerrakin ibiltzeko ohitura izan. Izan ere, tentsioa eta lan-erritmoa ere ohi baino handiagoak izan ziren”.

Gaur “kontrolatutzat eman dute egoera, herritarrak euren etxebizitzetara itzultzen hasi dira, eta aipatzekoa da Arzotz ez zutela desalojatu behar izan, kea ez baitzen herrirantza bideratzen”.

Ordea, “lanean ibili ginen beste aldean, Artazu eta Girgillao desalojatuta zeuden. Gaur goizean bertako biztanleak euren etxeetara itzuli ahal izan dira”.

Oro har, kinka larri hauetan “elkartasuna da garrantzitsuena. Esaerak dioen bezala: ‘Herriak soilik salba dezake Herria’. Herri txikiak gara eta askotan gauzak elkarlanean egin ditzakegu. Garrantzitsua da horrelako hondamendien aurrean batuta izatea”.

Ildo honetan, Mikelek Twitterren bidez ondorengo mezua adierazi zuen: “Gaur audio bat jasotzean negarrari ezin eutsi: ‘muchas gracias, con el cortafuegos q hicisteis salvasteis el pellejo, gracias Mikel'”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen