Mezu positiboak, gomendioak,… izan dira Akordeoi Lehiaketen ongietorrian

0
719

Ohorezko aurreskuaren ostean, alkateak, Hauspozeko ordezkariak eta Finlandiako Heidi Luosujärvi epaimahaikideak hitzartzeak egin dituzte.

Ekitaldiaren hasieran, ohi denez, udaletxearen atarian, Udalaxpeko txistulariek eta bi dantzarik ohorezko aurreskua eskaini diete lehiaketetako lagunei.

Ondoren, soinujoleak, epaimahaikideak, udal-ordezkariak eta bestelako lagunak pleno-aretora igo dira, eta hitzartzeak izan dira. Maider Morras Azpiazu alkateak euskaraz, ingelesez eta gazteleraz ongietorria eman die eta, mundu nahastu eta bereiztu honetan, mezu bateratzailea adierazi du.

Hauspoz elkartea aurten ere antolatzailea izan da, eta Hauspozeko Arantza Aguirre Barcena ordezkariak ere ongietorria eman die lehiaketetako parte-hartzaileei.

Hauspozek azpimarratu du lehiaketa hauek “hilabete askotako lanaren fruituak direla, bai Hauspoz antolatzailearen aldetik, baita parte-hartzaileen aldetik ere, batez ere kategoria gorenetan”.

Izan ere, Arrasate Hiriko eta senior kategoriako parte-hartzaileek “programa oso exijentea landu behar izaten duzue, eta oso zaila da gero jendeari erakustea”.

Ildo beretik jarraitu du Finlandiako Heidi Luosujärvi epaimahaikideak, hain zuzen, duela 18 urte Arrasateko lehiaketan parte hartu zuena.

Halaber, finlandiarrak baloratu ditu Arrasateko txapelketetako “giro atsegina, berotasuna eta parte-hartzaileen arteko gertuko harremanak. Niretzat hori oso garrantzitsua da”.

Era berean, Arrasate Hiriako aurtengo soinujoleei “zorionak dagoeneko lan handia egin duzuelako lehiaketa zail hau prestatzen”. Gainera euren ausardia baloratu du, eta “puntuazioak puntuazio, espero dut zuek hemen ere ikastea eta garatzea musikari gisa”.

Halaber, bere nahia agertu du Arrasateko esperientziak “zuen ibilbidean lagungarri izateko”, eta gomendatu die “beste parte-hartzaileak ezagutzeko denbora hartzea”.

Hitzartzeen ostean, lunch bat izan da udaletxean bertan Gureak catering zerbitzuaren bitartez, Udalak antolatuta.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen