Merezitako baino zigor handiagoa jaso du Kanpanzar Arrasate-Ordiziak

0
238

Testua: Isei Barbero. Argazkia: Marijo Simon.

Larunbat honetan jarri da martxan Euskal Ligako 1. Mailako bigarren fasea eta, honen baita eta aurreko ligaskan laugarren postuan sailkatu ostean, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek onenekin lehiatuko dute denboraldiko bigarren txanpa honetan.  Estreinaldiko partiduan Sarako Izarra hartu dute Mojategin Julen Barrutiaren mutilek, eta zenbait unetan iparraldeko taldea estu hartu badute ere, azkenean ezin izan du garaipena eskuratu Kanpanzar Arrasate-Ordiziak.  Azken emaitza 20-34 izan da.

Lehenengo zatian zigor kolpeak izan dira protagonista, horrelaxe lortu baititu aurreneko 12 puntuak Sarako Izarrak, zutoinen artera bidalitako lau baloien bitartez, hain justu ere.  Lehenengo kolpea partidua hasi eta gutxira eman dute bisitariek eta, ordu laurdena bete orduko, 0-9ko errenta zuten.  Une horretan Kanpanzar Arrasate-Ordiziaren susperraldia iritsi da.  Hainbat minutuz Barrutiaren mutilak Sarako entsegu eremu inguruan ibili dira erasoan, eta horietako batean Joseba Azkarragak ozta-ozta ez du lortu etxekoen aurreneko entsegua.  

Zoritxarrez, ordu erdia betetzean iparraldekoek hirugarren zigor kolpea bidali dute zutoinen artera, eta bost minutu beranduago euren aldeko zigor-entsegua adierazi du epaileak.  Modu horretan, 0-19koa igo da markagailua.  Barrutiaren mutilek, baina, azkeneko kolpea eman dute atsedenaldira joan aurretik, Beñat Azurmendik lortutako entseguaren bitartez.  Modu horretan, aldageletarako bidea hartu orduko partidua oraindik irekita geratu da (7-19).

Bigarren zatian neurketak ildo beretik jarraitu du, zenbait entsegu eta zigor kolpe ikusi dira eta, kasu honetan ere, bisitariak eraginkorrago aritu dira.  Amaieran Sarako Izarra nagusi 20-34ko emaitzarekin, eta bigarren fasea porrotarekin estreinatu badute ere, etorkizunari begira itxaropentsu egoteko arrazoiak eman ditu gaurkoan Kanpanzar Arrasate-Ordiziak.  Datorren astean berriro ere etxean arituko dira Julen Barrutiaren mutilak, kasu honetan Gernikaren kontra.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen