‘Mendian hil, hirian hil’ dokumentala eskainiko da Amaia antzokian urtarrilaren 12an

0
810

Datorren asteartean, urtarrilaren 12an, Iñaki Peña medikuak zuzendutako ‘Mendian hil, hirian hil’ dokumentala proiektatuko da arratsaldeko 19:00etan Amaia antzokian. Proiekzioaren ostean solasalditxo bat egongo da Iñaki Peñarekin. Dokumental honek euskarazko film onenaren saria jaso zuen abenduan ospatutako Mendi Film festibalean.

Mendi tontor elurtuan edo eta ospitale bateko logela batean hildako senide bat gogora ekar dezakegu bihotzean minik sentitu gabe? Maite dugun pertsonaren heriotza, galerak eragindako mina eta sufrimenduaren gainditzea nola bizi ditugu. Iraganean errotutako etorkizunak eragiten duen itxaropen, joan zirenak gogora ekartzea… Horiexek dira Iñaki Peñaren dokumental berriaren hari-muturrak. Iñaki Peña Debagoienako Ospitaleko Zainketa Aringarrietako medikua da. Eta honako hau da bere ikus-entzunezko hirugarren lana; heriotza, dolu prozesua eta gainditze fasearen inguruko trilogia bati amaiera ematen diona.

“Zergatik neurtu mendiak metrotan? Zergatik ez neurtu gugan eragindako bizi-pozagatik?”. Hausnarketa Felipe Uriarte alpinistarena da. Uriarte erreferentea da Himalayazale askoren artean. Euskal Herrian mendizale askoren artean oso ezaguna. Honako adierazpenok Mendian Hil, Hirian Hil dokumentalean plazaratzen ditu. Iñaki Peñaren dokumental berriak bizitzaren eta heriotzaren arteko hari finetik egiten du bidea eta ikusleari oroitzapenaren eta itxaropenaren aldeko mezua helarazten dio.

“hildako pertsona horien senideen adierazpenak, gertatutakoaren onarpena, oroimen mingarria gainditzeko itxaropena…”, hori guztia adieraztea da Iñaki Peñarentzat, dokumentalaren helburuetako bat. “Transmititu nahi izan dut badela itxaropena horrelako heriotza mingarrien ondoren, eta oroimen hori da erakutsi nahi izan duguna. Hala, mendian hil diren zenbait pertsonaren historiak jaso ditugu”. Besteak beste, 2017an Pirinioetan hildako Mikel Cresporen senideen hitzak, edo eta Xabier Ormazabalen senideenak adierazpenak jaso dituzte, Cho Oyun 2014an hildako mendizalea.

2001ean Pumorin hildako Beñat Arrue, 22 urteko gaztea, eta beste zenbait senide eta profesionalen adierazpenak ere jasotzen ditu filmak. Era zainduan landu du gaia, emoziotik gertu eta morbotik urrunduz. “Gure artean dagoeneko ez dauden pertsona horien senideak biluztu egin dira kameraren aurrean eta egoera mingarria nola bizi izan zuten eta bizi duten kontatzen digute”.

Jorge Nagore kazetari nafarra ere protagonisten artean dago. Jorgek oso gertutik bizi izan zuen Iñaki Otxoa de Olzaren heriotza. Era berean, beste bi mendizale ospetsu eta esperientziadun ere aurkituko ditu ikusleak: Juanjo San Sebastian eta Felipe Uriarte. Dolu prozesuetan aditua den Izaskun Andonegik eta Donostia Ospitaleko Zainketa Aringarrietako zenbait medikuk ere adierazpen eta hausnarketa interesgarriak eskaintzen dituzte.

Estreinaldia Bilbao Mendi Film Festival-en

Dokumentalak 58 minutuko iraupena du eta Peñaren zuzendaritzapean, Arteman Komunikazioa aritu da, bereziki Eider Ballina eta Josu Txintxurreta editore eta post-produktoreak, lanaren muntaian buru-belarri. Estreinaldia Bilbao Mendi Film Festival-eko Sekzio Ofizialean izan zen.

Mendian Hil, Hirian Hil da Artemanek ekoiztutako lehen dokumentala horren lehiaketa ospetsuko sekzio ofizialera iristen dena. Euskal Herrian grabatu da bere osotasunean eta Himalayako irudiak EITBk emandakoak dira. Dokumentalak Irizar autobus eta autokar iraunkorren enpresaren babesa izan du, baita LABORAL Kutxarena ere. Heriotzari buruzko solasaldia da, mendia kalearekin konektatzen duena, eta kalea mendiarekin. Oroimenaren aldeko aldarrikapena. Itxaropenaren aldeko kantua. Doluari buruzko trilogia bat borobiltzen duen dokumentala. ”Emango baziguten aukeran non hil, hil nahiko genuke bizitza gehien maite dugun lekuan”. 20 eta gutxi urterekin edo 100 urterekin ondo beteta. 7.000 metrotan edo itsas mailan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen