“Mendi-lasterketetan dihardugunok pertsona edota talde bikainen babesa daukagu”

1
917

Aritz Egea, Malen Osa eta Garazi Artola lasterkariek, Julen Elortza filmmakerrak eta Ganix Lasa antolatzaileak kirol honen zenbait alor azaldu dituzte MUn, Xabi Igoa HUHEZIko komunikazio-arduradunaren galderei erantzuten.

Mondragon Unibertsitateak iragarri bezala, solasaldia egin zen asteazkenean “lana eta/edo ikasketak mendiko entrenamenduekin uztartzen dituzten ikasle, ikasle ohi, ikertzaile eta irakasleekin”.

MUko Kirol Zerbitzuak antolatuta, ondorengo lagunek parte hartu zuten Goi-Eskola Politeknikoko mahai-inguruan:

Aritz Egea, Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea eta Domusa Teknik taldeko mendi-korrikalaria.

Malen Osa, Mondragon Unibertsitateko ikaslea eta Salomon taldeko mendi-korrikalaria.

Garazi Artola, Mondragon Unibertsitateko ikasle ohia eta Soronea Ammma taldeko mendi-korrikalaria.

Ganix Lasa, Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea eta Mondraitz mendi-lasterketaren antolatzaile.

Julen Elorza, Mondragon Unibertsitateko ikasle ohia eta mendi-lasterketen filmmakerra.

Xabi Igoak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateko komunikazio-arduraduna eta unibertsitateko ikasle ohiak jarri zituen galderak mahai gainean.

Hain zuzen, Xabik solaskideei ondoko gaiaren inguruan galdetu zien: Nola gogoratzen dituzue Unibertsitate garaiak? Gaur MUn egonda, zein sentsazio dituzue?

Garazi:

Batxilergotik etortzean Unibertsitateko lehen ikasturteetan ‘kolpea’ jaso ohi da. Baina Unibertsitateak ere lagun berriak, (ni usurbildarra izanik) Arrasaten bizitzea, parrandak, plan egiteko aukera ezberdinak,… ekarri zizkidan. Nik Unibertsitate garaia maitasunez dut gogoan.

Gainera nire egungo zaletasun nagusia, korrika egitea, hemen hasi nuen. Beraz, Arrasateri maitasuna diot munduko herri politena ez den arren [barreak].

Julen:

Ni IK05 izan nintzen, hau da, Ikus-entzunezko Komunikazio ikasketak bukatu zituen lehen belaunaldikoa. Orain IK23 hasi dira… Orduko sentsazio txarrak, oso txarrak [barreak] ditut. Duela 18 urte hasi nituen ikasketa haiek, eta egun beste ilusio batzuk dauzkat.

Nola uztartzen dituzue lana edo ikasketak eta kirola?

Malen:

Daukazun denbora ondo aprobetxatzen jakin behar duzu. Nik gustuko dut nire egungo bizimodua, ikasketek eta kirolak duten garrantzia zehaztuta. Orain nire helburu nagusia ikasketak amaitzea da, hori oso argi daukat.

Egia da gero eta zailagoa egiten zaidala biak uztartzea, kirolean entrenamenduez aparte denbora gehiago behar delako, baita orain entrenamenduek eurek denbora luzeagoa eskatzen didatelako ere. Baina pozik, gustura eta behar bezala nabil.

Ganix:

Lasterketen antolakuntza lanaren jarraipen bat da, eta egia da ere mendi-lasterketa antolatzean zeregin gehiago ditudala. Batzuetan ilunpean egin behar izaten ditugu antolakuntzako bilerak, orduz kanpo, asteburuetan. Lana eta antolakuntzaz gain, badira beste alor batzuk ere.

Aritz:

Biak uztartu ditzaket kriston emaztea dudalako. Argi eta garbi. Lana eta korrika egitea garrantzitsuak dira, baina hiru seme-alaba ditut, are garrantziagoak direnak. Oso-oso zaila da uztartzea, batez ere sasoi honetan.

Goi-mailako kirolan aritzeak badu bukaera epe bat, eta argi ikusten dut, nire kasuan esaterako, okupatuta egotea ona dela. Normalean ikasleek, ikasketatik kanpoko jarduera bat egiten badute (musika, kirola,…) errendimendu akademiko hobea izan ohi dute. Agian antolatzeko erraztasuna lortzen dutelako, gauza bakoitzari bere garrantzia ematen diotelako,….

Nik ikasketak eta kirola erraz uztartzen nituen, baliteke pribilejiatua izana, tesia egin bainuen Hawaiko lasterketa prestatzen nuen bitartean. Asko ikasiz eta asko entrenatuz.

Egun jakin badakit nire familiarekin parteka nezakeen denbora asko galtzen ari naizela. Oraingoz konpentsatzen dit edo hala uste dut behintzat. Gogorra da, kanpora joatean familiakoen hutsunea somatzen duzu, eta pentsamendu ezkorrak dituzu. Baina balantze orokorra positiboa da, bestela ez nuke hau egingo”.

Babesle ekonomikoez aparte, zein da zuen inguruko talde babeslea?

Garazi:

Nik duela hiruzpalau urtera arte ez nuen halako talderik, eta dena oso erraza zen. Nire senarra ezagutu nuenetik, bera ere korrikalaria izanik, berak ere entrenatzen zuen, eta elkarri laguntzen genion.

Entrenamenduek kentzen didate berarekin egoteko denbora, baina berarekin korrikaren inguruan hitz egin dezaket. Nik koadrilan ez neukan korrikaren inguruan hitz egiteko inor, ezta familian ere. Beraz, senarra babes handia da. Areago orain familia izan dugunetik. Entrenatu bitartean ezin naiz nire haurrarekin egon. Nik uste nuen zailagoa izango zela, baina korrika gustuko dudanez, ez zait hain zaila egiten. Baloratzen jakin behar da ondoan babesten zaituen pertsona.

Aritz:

Nire emazteak dioen bezala, ‘nik Aritz hala erosi nuen’, izan ere, berarekin harremana hasi nuenerako korrikan buru-belarri ari ari nintzen. Nik triatloia egiten nuenean, bera nirekin egoteko, entrenamenduetan nire ondoan bizikletan etortzen zen.

Ni goizeko 06:00-06:30ean irteten naiz etxetik, eta entrenamenduak bukatu orduko, arratsaldeko 19:00-19:30 dira. Orain ultra lasterketetan nabil eta 5 orduko entrenamenduak egin behar… Ondorioz, arratsaldean ez noa parkera, parkera joangon banintz poste bat bezala egongo nitzatekeelako. Oso gogorra da, baina gauza onak ere baditu, eta ondoan babesten zaituen pertsona hori barik, ez litzateke posible izango.

Momentu politen artean Zegama-Aizkorrin haurrekin helmugaratzea, haurrak zu animatzen ikustea,… daude. Une horiek betirako dira, eta orokorrean oso zaila den arren, gustuko lekuan aldaparik ez.

Malen:

Nik uste oso garrantzitsua dela ulertzen zaituen jendea inguruan edukitzea, jende askok ez baikaitu ulertzen. Oso garrantzitsua batez ere une zailetan, izan ere, kanpotik dena oso polita dirudi baina une batzuetan, babes hori gabe atzera egin zenezake.

Etxean oso kirolariak gara eta izan gara beti. Etxekoak oso pozik daude lortzen ari naizenarekin, eta eurei ezin diet gehiago eskatu.

Ganix:

Antolaketan badago pertsona zirkulu bat baina baita pertsona gehiago ere, boluntarioak esaterako. Mondraitzen sare hori barik, ez litzateke Arrasate-Udalatx posible izango.

Zein lan suposatzen ditu highlights-ak egiteak?

Julen:

Lasterketa bakoitza mundu bat da. Ez dago errepikatzen den patroirik: batzuetan boluntarioekin lan egiten duzu, beste batzuetan 8-9 profesionaleko talde bat daukazu Zegama-Aizkorrin,… Argi dagoena da mendi-lasterketen esparrua oso txikia dela, adibidez txirrindularitzaren edota Ironmanaren aldean.

Mendian grabatzea oso zaila da, ez daukazu motor bat erabilgai, eta horrelakoetan eskarmentua oso garrantzitsua da, horretan datza aldea.

Zer supoasatzen du babesle ekononmiko baten taldekide izateak?

Aritz:

Salomon taldean izatea polita eta aldi berean oso estresantea da. Dena oso mediatizatuta dago, eta urte batean lasterkari batek emaitza onak lortzen baditu, hurrengo urtean beragandik gehiago esperoko da, eta planteatzen dizute bideoak grabatzea, argazkiak egitea,…

Bere alde onak ere baditu: Youtuben dauden nire inguruko bideoak betirako izango dira bertan. Ni soka jasotzen nabil pixkanaka, eta talde berria egitea Domusatik sortutako ideia izan zen. Nik ez nuen ideiaren sorreran parte hartu, eta gerora deitu ninduten, adieraziz taldea sortzekotan ni taldekide izan behar nuela. Horrela planteatuta, oso zaila da ezetz erantzutea.

Horrela hasi zen etapa berri bat, askoz herrikoiagoa, askoz etxekoagoa, eta nire ibilbideari amaiera emateko oso polita. Taldekideak oso motibatuta daude, Euskal Herriko onenetariko hainbat bertan dabiltza, eta emaitza oso onak lortzen ari dira.

Ez dugu idealizatu behar mendi-lasterketa taldeko kirol bezala, oso indibiduala baita. Nik lasterketan nik irabaztea nahi dut, eta nik ezin badut irabazi, nire taldekideak irabaz dezala. Baina nik irabazten badut, hobe.

Nik esango nuke eguneroko entrenamenduak ere oso indibidualak direla, eta entrenamenduen %99 bakarrik egiten ditut, taldekide edota lagunik gabe.

Malen:

Nire esperientzia txikia da, alde batetik, ados nago Aritzekin, baina beste batetik, beste ikuspuntu bat daukat: Taldea oso mediatikoa da, eta hori onartu behar duzu. Nik halako talde batean izatea oparitzat daukat:

Ate asko ireki dizkit, pertsona berriak ezagutzen nabil etengabe, leku eta lasterketa berriak ezagutzen (baliteke nire kabuz ezingo nituzkeenak ezagutu), baita lasterketan babesa ere. Izan ere, kirol oso indibiduala da baina lasterketa taldearekin egitea plus bat da.

Ni gustura nabil eta espero dut estres horrek ni ez jatea. Gutxieneko presio bat sentitzen dut emaitza onak lortzean, jendeak hurrengo lasterketarako zugandik gehiago espero duelako. Baina ni gura dudan kirola egiten nabil.

Garazi:

Bizitzako zein garaitan tokatu zaizunaren araberakoa da. Nik orain ez dut nire burua holako talde batean ikusten, ez diot nire maila holakoa denik, baina agian ez nago prest taldeak jarritako baldintza horiek (bidaiak esaterako) betetzeko.

Nire betiko taldea oso xumea izan da, eta asko eman dit, adibidez lagun oso onen talde bat. Egia da azkenaldian pertsona berriak sartzen ari direla taldean eta eurekin agian ez dudala hainbesteko harremanik. Lasterketan taldekide bat aurreratu, gero berak zu aurreratu, eta helmugan eskutik ebatuta sartzea, kristona da.

Guk ez daukagu lehiatzeko hainbesteko grinarik, baina lasterkarien artean denetarik dago. Nik nahiago dut alde herrikoiagoa.

Zein erronka dituzue egun begiz jota?

Garazi:

Nirea begibistan dago [barreak] aurretik ultra bat daukat, ez da Aritzena bezalakoa, baina bigarrena da eta ezberdina bezala kontsidera dezaket. Badaukat jada haur bat, eta jakin badakit zer den ama izatea. Lehengoan lasterketen mundura azkar bueltatu nintzen, eta itzulera oso ona izan zen.

Lehenengo urtean bi maratoi egin nituen, eta Zegama-Aizkorri egiteko aukera izan nuen. Nire helburu nagusia da lasterketetara horrela itzultzea eta dena ondo gauzatzea.

Malen:

Lehen zatia bukatutzat eman dut, hau da, Innsbruck-eko Mundialerako sailkapena lortzea, erronka polita izan zen, eta oso polita izan zen absolutu gisa plaza lortu nuelako, 20 urte izanda. Hori garrantzitsuena da. Datorren astean izango da Mundiala eta lasterketa ondo gauzatu ezkero, ondo, baina bestela ere, Mundialean parte hartzeko aukera izateak pozten nau. Ondoren hiru lasterketa egingo ditut, Dolomitetan esaterako, eta gero finalerako txartela lortzea bilatuko dut.

Aritz:

Ni astelehenean Austriara joango naiz Mundialean parte hartzeko. Ostiralean izango da lasterketa, 85 kilometro… erronka galanta. Espektatibak ez dira oso altuak, beste urte batzuetan beste espektatiba batzuekin joango nintzateke, baina kirol hau erabat polarizatzen ari da:

Ni gaur lanean aritu naiz, aste osoa daramat lanean eta orain hemen hitzaldia ematen nabil, eta bitartean beste lasterkari batzuek 3 aste daramatzate Innsbrucken edota altueran entrenatzen. Horregatik, euren kontra lehiatzea ez da batere erraza.

Mundialaren ostean, Val d’Aran-eran joango naiz, 100dik gora kilometroko lasterketa batera, eta ondoren CCC bat egingo dut, azken bi urteetan bezala, 100dik gora kilometrokoa. Aurtengo lehenengo helburua. Gozatu behar da, hori beti, gozatzen ez bada emaitzak ez baitira onak izaten.

Nik hau gozatzeko egiten dut, eta ez diot inori ezer erakutsi beharrik. Duela bi urte nahiko gaizki pasatu nuen, iaz ondo, eta espero dut aurten joerari eustea. Espero dut astelehenean hona pozik itzultzea, eta bestela tristeago, baina edonola ere, nekatuta ziur.

Nolakoa da denboraldi bat filmmaker batentzat?

Julen:

Orain korrikalariek lasterketa gutxiago egiten dituzte, lehengo kopurua erokeria bat zen. Duela 7 urte inguru Danilo italiarrak esaten zuen urtean 60 lasterketa egiten zituela. Batez bestekoa astakeria bat zen. Nik uste gero eta lasterketa gutxiago egiten direla, orain errekuperazioa kontuago hartzen delako. Oraingo planifikazioan nabari da ikuspegi oso profesionala aplikatzen dela. Aurten 14 lasterketa grabatzekoak gara, hemendik aurrera Mundialekoak besteak beste. Gutxi gorabehera hilabetean bi lasteketa grabatuko ditugu.

Fisikoaz gain, nola kudeatzen da burua?

Aritz:

Ez da erraza, ni zorionekoa izan naiz, batez ere kirol hau gustuko dudalako, bestela ez nituzke lortutakoak lortuko. Batzuek ‘El Conquistador del fin del mundo’ goizaldeko 01:00 arte ikusten geratzen dira, eta ni gaueko 22:00etarako ohean nago. Beste neurri batzuk ere hartzen ditut.

Egia da emaitzak lortzen direnean, dena oso erraza dela, entrenamenduak esaterako, eta moralki oso goian zaude. Baina emaitzak lortzen ez direnean, horri buelta ematea zaila da, batez ere ziklo ezkor batean sartzen bazara. “Ez nago ondo” pentsatzen duzu, nahiz eta benetan ondo zauden, arazoa da mentalki blokeatu zarela. Hori batzuetan gertatu izan zait.

Aitak gauzak argi esaten dizkit, tontakeriarik gabe, eta nire entrenatzaile Jokin Lizeagak berehala hankak lurrean jartzen dizkizu. Nik uste hori gakoa dela. Gaur egun kiroleko psikologia gero eta zabalduago dago. Nik esango nuke eliteko kirolari gehienek psikologoa dutela.

Malen:

Egia da gero eta mediatikoagoa dela kirol hau, eta denbora kentzen dizuna ez da soilik entrenamendua. Ez dugu ahaztu behar korrikalariak garela, eta ez aktoreak, ez modeloak,… Beti garrantzia osasunari eman behar zaio, bai mentalari baita fisikoari ere. Gaur mahai-inguru honetan parte hartzeak ez digu askorik eskatzen, baina honelako beste gauza asko izaten ditugu agendan, eta estresantea izan daiteke. Gozatzen dugun bitartean, aurrera, osasuna lehenetsiz.

Garazi:

Nik uste batez ere sare sozialek presioa eragiten digutela, taldeek korrikalarioi jarritakoa edo guk gure buruari jarritakoa. Korrikako emaitzen inguruko presioa baino handiagoa da sare sozialena, nire ustez. Era berean, kudeatzen jakin behar da jendeak zutaz zer pentsatzen duen. Nik horren inguruan hausnartu dut, eta garrantzitsua da une bakoitzean egoera mentalki kudeatzen jakitea.

Zein inpaktu dute lasterketek herrian eta mendian (naturan)?

Ganix:

Gakoa orekan datza. Antolakuntzatik lasterkari kopurua mugatu dezakezu, baina ez mendira igotzen den ikus-entzule kopurua. Ikuspuntu positibotik begiratuta, Gipuzkoan Gabonetatik nabari ohi da Behobia-Donostia hurbiltzen ari dela, eta Arrasaten eta bere inguruan Arrasate-Udalatx lasterketarekin hala gertatzen da.

Azpimarratzekoa da bolondresen atxikipena, aurtengo edizioko eguraldi txarreko baldintzetan ere. Ikustekoa da zenbat herritarrek lasterketa aurreko egun eta asteetan antolatzaileak animatzen gaituzten, eta zenbat zorion jasotzen ditugun lasterketaren ostean. Nahiz eta herritar horiek gu pertsonalki ez ezagutu. Lasterketak ekonomikoki ere eragin positiboa dauka herrian.

Bestalde, ingurumen aldetik, badago etiketa berdea izeneko ekimena hemen inguruan. Era berean, zenbait eliteko lasterkari profesionalek mahai gainean jarri dituzte gurutzatu behar ez diren marra gorriak. Gu eraginaz ohartzen gara, eta oreka bat lortzen ahalegintzen gara, gure kontraesanekin.

Aritz:

Batzuetan gai honi buelta gehiegi ematen zaizkiola uste dut. Lasterketa ondo antolatzen bada, eta Arrasate-Udalatx oso ondo antolatzen da, nik uste inpaktua oso-oso txikia dela, besteak beste, eta oker ez banago, antolakuntzak mendian lasterkaren ostean zikin geratutakoa jasotzen duelako. Baliteke igande normal batean Udalatxera igotzen den jendeak lasterketak baino kalte handiagoa eragitea.

Duela hainbat urte antolakuntzako lagun batek esan zidan ikerketa batek lurrazalaren presioa aztertu zuela, eta ondorioztatu zuela 400 pertsonen eragina 2 behiren eragina bezainbestekoa zela. Nik uste kalte gehiago eragiten dutela motodun ibilgailuak mendian ibiltzean. Ni ez naiz sare sozialak askotan erabiltzekoa, baina gai horretaz gustura idatziko nuke.

Nola bizi duzue kirol honen mediatizazioa?

Garazi:

Niri ez didate asko exijitzen, eta taldekide batzuek ez dute sare sozialik. Youtuben badira irudi batzuk ni Zegaman alabarekin helmugaratzen, eta oso politak dira.

Aritz:

Sare sozialak ez ditut bereziki gaizki eramaten. Nik nire modura egiten ditut gauzak, nahiz eta batzuetan badudan nire buruaz “hombre anuncio” sentsazioa, hala exijitzen didatelako. Jakin badakit ordu asko ematen ditudala mugikorra eskuan, nik eta eliteko korrikalari gehienek, tamalez.

Oso argi daukat sare sozialak nire erreminta bat direla, eta ziurrenik lasterketak uztean sare sozialak ere utziko ditut, baina nire ustez oro har positiboak dira. Jakin badakit ere beste batzuek ez dituztela eta ondo dabiltzala. Hater-ak ere hor daude, jende lelo xamarra da, eta oro har bi arrisku nagusi ikusten ditut:

Gazteek jasotzen dituzten hainbat mezu, eta batez ere neskek jasotzen dituzten hainbat mezu. Kezkatzekoak dira, eta niri hala esan didate, eta kezkagarriak dira ere mezu horiek zein ondorio izan ditzaketen neskengan. Hortaz, hausnartu beharra daukagu eta Heziketa aplikatu halakorik gerta ez dadin.

Malen:

Nire ustez, sare sozialak ordaindu beharreko bidesaria dela. Abantaila ugari jasotzen ditugu eta horren truke gutxi eskatzen digute, egin beharrezko zerbait da. Ni ez nintzen inor sare sozialetan duela urtebete, eta orain egoera oso ezberdina den arren, oraingoz eroso sentitzen naiz.

Hala ere, sare sozialetan denetariko erabiltzaileak daude, eta jakin behar da zerri kasu egin eta zerri kasurik ez egin. Ikus-entzunezkoak, argazkiak,… beharrezkoak dira egun. Ni kirol honetako friki bat bihurtu naiz, eta niretzat zoragarria izan zen Zegamako streamminga. Orokorrean komunikazioaren hazkundea onuragarria da.

Niretzat garrantzitsuena da nire inguruko dokumentalak 20 urte barru Youtuben jarraituko duela. Komunikazioko hazkunde barik ezingo nituzke halako irudiak eta montajerik lortuko. Niretzat opari bat izan da. Aldaketa nabaritu dut dokumentala egin denetik, eta nik oraingoz hater gutxi izan ditut, nagusi dira mezu positiboak eta zoriontzeak.

Julen:

Nik esango nuke kirol honek ez dituela jarraitzaile asko, ‘boom’ handi bat izan duen arren, txirrindularitzaren aldean esaterako. Urtean hiru ekitaldi nagusi daude, eta hor zentratzen da streammingetako indarra, baina urtean zehar ez du jarraipenik. Baina nabari da lasterkariek gero eta jarraitzaile gehiago dituztela.

Eta kopuru horiei garrantzi gehiegi ematen ari zaizkie, kontuan hartu barik zein izan diren lasterketako irabazleak. Adibidez sare sozialetako jarraitzaile kopurua irizpidetzat hartzen dute, edota influencer bat izatea, eta horren arabera lasterkarien artean bereizketak egiten dituzte. Bazterketa horrek amorrua eragiten dit. Nik horretan desbideraketa handia ikusten dut.

Ganix:

Aurten ere streamminga egingo dugu, munduko partner onena daukagulako. Antolakuntzako beste alorrak kontrolpean genituenez, streammingari heldu genion. Lehen hiru lasterketa handienen arteko lehia lasterkari onenak erakartzean zetzan, baina baliteke orain lehia izatea ea zein lasterketak duen streammingik txukunena.

Test azkarra:

Lasterketa bat?

  • Ganix: Arrasate-Udalatx
  • Jokin: Zegama
  • Malen: Aloña
  • Aritz: Zegama
  • Garazi: Euskal Herria Mendi Erronka

Distantzia gogokoena?

  • Garazi: aldatzen, baina orain maratoia
  • Aritz: paso [barreak]
  • Malen: maratoia
  • Jokin: 10K
  • Ganix: maratoi erdia (korrikan egiteko eta antolatzeko)

Oporleku bat?

  • Ganix: Eguraldi ona egiten duen toki bat
  • Jokin: Lombardia
  • Malen: Pirinioak
  • Aritz: Alpeak
  • Garazi: Pirinioak

Entrenatzeko leku bat?

  • Garazi: Andatza
  • Aritz: etxean bezala, beste inon ez
  • Malen: Aizkorri
  • Jokin: Muru
  • Ganix: Udalatx

Lasterketa baten aurretik ezinbestekoa?

  • Ganix: mugikorra kargatuta izatea
  • Julen: komunetik pasatzea
  • Malen: jatea
  • Aritz: garagardo bat
  • Garazi: umorea

Eta lasterketaren ostean?

  • Garazi: lasterketa buruz errepasatzea
  • Aritz: garagardo bat
  • Malen: ingurua, jendea
  • Ganix: sare sozialei eskertza mezua

Edari bat?

  • Ganix: ura
  • Jokin: garagardoa
  • Malen: garagardoa
  • Garazi: ura

Iruzkin 1

  1. Gero eta emakume gehiago egon arren, 10etik 1 bakarrik da emakumea mendi lasterketetan. Gainintzekoek, kirolari gizon gehienek (ez denak, noski) duten babesik nagusiena bikoteak eta amak (amamak) etxeko kobertura egitea da. Eta mendi lasterketak horren adibide gerbienetarikoa dugu. Zenbat gizon hasi diren umeak jaiotzerakoan kirol hau praktikatzen. Ez denak, baina asko bai, ezaguna da.
    Artikuluko emakume hauei oihartzuna ematea bide egokia da, erreferenteak sortzea eta batez ere, etxeko ohiturak iraultzea.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen