Mende erdia betetzeak beti sortu ohi du halako inflexio puntu bat. Belaunak ez badira, bista, bista ez bada artrosia… gorputza bizitako guztiaren ordaina pasatzen hasi ohi da, lehenago edo beranduago. Maritxu Kajoi eta bere fededunik fidelenek, ordea, sasoiko jarraitzen dute. Egon da bidean baja historikoren bat, gaur etorri ezingo duen besteren bat, kalera irteteko zailtasunak izango dituen besteren bat. Baina duela 50 urte inor gutxik esperoko zukeen, urriko lehen ostiral honetako jaiak gaur egun duen dimentsioa hartuko zukeenik. Arazoak arazo eta oztopoak oztopo, hastapen horietako izpirituak bizirik, oso bizirik jarraitzen duela konturatuko zen gaur Arrasatetik pasa den edonor.

Eguerdia baino pixka bat lehenago horren faltan dugun euriak mehatxuren bat egin badu ere, eguraldiak ateri eutsi dio eta pixkanaka-pixkanaka traje ederki plantxatu eta soineko ezin dotoreagoz betetzen hasi dira Arrasate erdialdeko karrikak.

Festa guztiek bezala, Maritxu Kajoik ere baditu bere protokolo eta tradizioak eta lehenengoa eskapularioa erostearena izan da. Grinatsuenek ezin izan dute itxaron eta hamabiak jo aurretik ilara luze xamar bat egin da Arbolapetan, baina ez dute askorik itxaron behar izan aurten 50 zenbakia duen eskapularioa kolkotik zintzilikatzeko.

Segidan, txarangak lagunduta, Maritxuk eta bere segizioak euren «prozesioa» egin dute Arrasateko alde zaharreko kale eta taberna laguntzaileetan barne. Mirarira arte, badago zertaz gozatu herriko kaleetan, biharko ajeari beldurrik izan gabe.








