PSOE-PSEren taldeak mozio alternatibo bat aurkeztu du estatu espainiarreko Gobernuak “Afrika iparraldeko herrialdeen parte-hartzearekin, elkarrizketa prozesuarekin jarrai dezaten”, “pertsona migratzaileen giza eskubideak arriskuan ez jartzeko”. Elkarrekin Arrasate-Ezker Anitza-IUk ere hiru taldeekin bat egin du.
Argazkia: AMDH Nador / Bideoa: Udala.
Ekainaren 24an gutxienez 37 pertsona hil ziren eta dozenaka zauritu ziren Melillara iristen saiatzean, Gobernuz Kanpoko Erakundeek jakitera eman bezala.
Erakunde hauek salatu egin zituzten “indarkeria basatia, beroan itzulketak eta migrazio-agintarien aldetik Giza Eskubideen urraketa larriak”.
Horiek jakinik, espainiar Gobernuko presidenteak adierazpen “onartezinak” egin zituen, EAJ-PNV, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-ek salatu zutenez.
Izan ere, jarduerak “ulertu eta babestu” zituen Sanchezek, hiru alderdiek gaitzetsi zutenez, eta gehitu zuen “Espainiako eta Marokoko segurtasun-kidegoek egoera ondo konpondu zutela”.
Horren aurrean, Arrasateko Osoko Bilkurak, mozio bidez, Gasteizko Parlamentuko EAJ-PNV, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUren adierazpena babestu egin zuen astearteko Plenoan.
Zentzu berean, Elkarrekin Arrasate – Ezker Anitza – IUk ere ekimen bat aurkeztu zuen Udalean, eta hiru udal-taldeekin bat egin zuen. Lau indar politiko hauek babestutako mozioak honela dio:
1.- Gure atsekabea eta salaketa irmoa adierazten dugu joan den ekainaren 25ean Melillako mugan gertatutakoengatik, eta elkartasun osoa adierazten diegu poliziaren jardun basatiaren ondorioz hildako edo zauritutako Saharaz hegoaldeko pertsonen familiei.
2.- Ikerketa berehalakoa eta independentea eskatzen dugu, gertakariak argitzeko, erantzukizunak garbitu eta biktimen erreparaziorako neurriak ezartzeko.
3.- Hildakoen gorpuak berreskuratzea, identifikatzea eta jatorrizko herrialdeetara aberriratzea eskatzen dugu, familien nahiak errespetatuz.
4.- Adierazi nahi dugu, halaber, erabat gaitzesten ditugula migrazioaren eta asiloaren arloan Europak eta Espainiak gaur egun dituzten politikak, mugak militarizatzeari eta kanpora ateratzeari buruzkoak.
5.- Eskatzen dugu legezko bide seguruak ezartzea, migratzaile guztien duintasuna eta giza eskubideekiko errespetua bermatzeko.
6.- Gure ustez, Europar Batasunak migrazio-politika koherente eta bateratua ezarri behar du, eta asilo- eta babes-politika giza eskubideen errespetuan oinarritua.
7.- Mugetara iristen diren migratzaileen erantzukizunak eta kudeaketak EBko kideen artean komuna, arduratsua eta solidarioa izan behar duela uste dugu.
8.- Azkenik, Arrasateko Udalak berretsi egiten du giza eskubideetan oinarritutako migrazio-politikak bultzatzea, eskuin muturreko ideologiek bultzatutako diskurtso xenofoboen eta praktika autoritarioen aurrean.
Lehen mozio honen bozketaren emaitzak ondokoak izan ziren:
- Aldeko botoak: 18 (EAJ-PNV, EH Bildu eta Podemos Arrasate)
- Aurkako botoak: 3 (PSOE-PSE)
Arrasateko PSOEk mozio alternatibo bat aurkeztu zuen, eta Aritz Murua zinegotziak adierazi zuenez “ondorioz ez dugu babestuko” beste mozioa.
PSEk bere “atsekabea” agertu zuen, eta hildakoen nahiz zaurituen familiei “elkartasun osoa” adierazi nahi izan zien.
Dei egin zuen estatu espainiarreko Gobernuak “Europar Batasunaren baitan, eta Afrika iparraldeko herrialdeen parte-hartzearekin, elkarrizketa prozesuarekin jarrai dezaten”.
Prozesu horrek helburu izango luke “pertsona migratzaileen giza eskubideak arriskuan ez jartzea”. Bere hitzetan, Melillako muga “seguruenik Europako desorekatuena da”.
PSEko zinegotziek Sanchezen Gobernuari eta Bruselari eskatu zieten migrazioaren Afrikako jatorrizko herrialdeekiko “laguntza handitu dezatela, herrialde hauetan baldintza duinak izan daitezen”.
Halaber, Madrili dei egin zioten “pertsona migratzaileen erregularizazioan eta gizarteratzean lan egiten jarrai dezan”.
Podemos Arrasatek adierazi zuen “gure ustez kontramozio hau aurpegia zuritzera dator”, eta aurka bozkatu zuen. EAJ-PNVk PSEren mozioa “hankamotz” ikusi zuen, eta abstenitu zen. Bozketaren emaitzak:
- Abstentzioak: 9 (EAJ-PNV)
- Aurkako botoak: 8 (EH Bildu eta Podemos Arrasate)
- Mozioaren alde: 3 (PSE)
Eta hiru alderdi horiek Ukrainari emandako armekin eragindako hildakoak ez dituzte ikertuko?