Teknologia honek ahalbidetzen du maskara “hirutan erabiltzea”, Aldundiak azaldu duenez. Ekimen honen helburuetako bat da “materiala berme guztiekin berrerabili ahal izatea”.
Gipuzkoako Foru Aldundiak prentsaurreko egin berri du, eta lehenengo “doluminak eta elkartasuna” helarazi nahi izan dizkie hildako pertsonen familiei. Halaber, “gure indarra eta arnasa gaixo daudenei” bidali dizkiete.
Aldundiak azpimarratu du egoitzetako egoera “gure lehentasun nagusia” dela, guztira 240 egoitza kudeatzen dituelarik. Denera 7.000 pertsona artatzen dituzte.
Ildo horretan “zaintzaileekin, medikuekin,… buru-belarri elkarlanean” ari da, besteak beste materialaren beharra ezagutzeko.
Alde horretatik, Aldundiak maskarak esterilizatzeko makina bat erosia du, eta egun “Aita Menni Ospitalean dago.
Teknologia honek ahalbidetzen du maskara “hirutan erabiltzea”, eta ekimen honen helburuetako bat da “materiala berme guztiekin berrerabili ahal izatea”.
Aldundiak beharrezko materiala asetzeko, “material bila gure kasa ere ibili gara batak, txanoak, buzoak, eskularruak,… lortzeko”, hain zuzen, Osakidetzaren materiala osotzeko asmoz.
Txoke plan horretan Aldundiak Matia kaleko egoitza egokitu du, 120 plaza eskainiz. Lan-poltsak sortu ditu plantilak sendotzeko, eta alojamenduak eskaini dizkie langileei.
“Ikuskaritzak indartu ditugu egoitza guztietan, publiko nahiz pribatua izan”, eta orain desinfekzioak 4 egunean behin egiten dituzte suhiltzaileek eta DYAko taldeak. Gainera, “enpresa espezializatuak lana osotzen du, logelak desinfektatuz”.
Langileentzako formakuntza abiatu du Matia Fundazioaren eskutik eta Osakidetzak osaturik. Baita senideentzako eta langileentzako arreta psikologoa eskaini ere.
“Gardenak izaten saiatzen ari gara, horrek konfiantza eskaintzen baitu. Egoitza batean positibo bat agertzean, informazio hori lehenengo familia guztiei komunikatzen diegu, ez dezaten horren berri hedabideen bitartez izan”.
“Besarkada birtualaren” ekimena abian dago eta “3 bideodei astean egitea da helburua”.
Eider Mendoza bozeramaileak eskertu dizkie langileei eta familiei euren lan eta jarrera, baita gipuzkoar gizartearena orokorrean ere.