Martxoaren 17an greba orokorra egitera deitzen du ELAk

0
1874

Sindikatu honek prentsaurrekoa egin zuen aurreko ostiralean Maiatzaren Lehena plazan.

Argazkia: ELA.

Izan ere, martxoaren 17rako greba orokorra deitzen ari da LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuekin batera.

“2008ko krisialdia langile klasearen bizkarretan jarri zuten” salatu du ELAk “eta ordutik aberastasunaren banaketa gero eta modu bidegabeagoan egiten ari da”.

Gainera, “krisiak biderkatu egin dira; krisi ekologikoa, zaintzarena, soziala, ekonomikoa, politikoa edota eskuin muturraren oldartzea. Etxebizitza eta oinarrizko produktuen prezioen gorakada ere eman da, eta horrek prekarizatu eta pobretu egiten gaitu”.

Horrenbestez, “bizitza garestitu egin da, soldatak ez dira neurri berean igo eta ondorioz, langileok erosahalmena galdu dugu. Horrek ageriko ondorioak ditu gure herri eta auzoetan”.

“Izan ere, egungo soldatek ez dute oinarrizko gastuei aurre egiteko aukera ematen eta horrek gure herrikide eta auzokide askoren bizitza soziala mugatzen du”.

Lanaren truke langile klaseak jasotzen duen soldata, “lanean gogor jardun arren, ez da nahikoa bizitzaren garestitzeari aurre egiteko eta bizitza duin bat eramateko. 1500€-ko gutxieneko soldatak egoera horri frenoa jartzen lagunduko liguke. Horregatik ari gara lantzen martxoaren 17ko greba”.

Euskal Herriko errealitatera “egokitutako gutxieneko soldata behar dugu hemen. Izan ere, gaur egun Madriletik ezartzen diguten LGS-ak gero eta gehiago pobretzen gaitu; bereziki, emakumeak, gazteak eta pertsona migratuak”.

Bien bitartean, “oso ezagunak diren gutxi batzuk irabazi errekorrak izan dituzte. Egoera hau ez da justua eta horregatik goaz grebara. Zertarako?”:

– CONFEBASK eta CEN presionatzeko, negoziatzera eseri eta 1500 euroko gutxieneko soldata ezartzeko.

– Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gutxieneko soldataren eskumenak eskuratzeko.

– Gutxieneko soldata hemen erabakitzeko eta eskumena geureganatzeko

– Euskal alderdiek LGS propioaren hautua egiteko

– Gutxieneko pentsioak eta prestazioak igotzeko

– Arrakala matxista eta arrazistak murrizteko- Sortzen den aberastasuna modu justuagoan banatzeko

– Burujabetza sendoagoa edukitzeko eta kohesio soziala indartzeko

Azken asteetan “buru-belarri gabiltza sindikatuan greba ondo atera dadin. Honetarako, ikastaroak, pankartadak, prentsaurrekoak, asanbladak egiten gabiltza eskualdean”.

Azken aste horretan “enpresa eta lantoki guztietan asanbladak egiten hasi gara. Adibidez, aste honetan Hijos de Juan de Garay enpresan asanblada orokorra egin dugu eta Martxoak 17an produkzio etengo da, plantillaren %70ak baiezkoa bozkatu duelako”.

ELAko kideak bihar, Martxoaren 3an, Bergaran bilduko dira eta Deba eskualdeko ordezkari guztien asanblada orokorra egingo dute.

Greba egunari dagokionez, Euskal Herriko hiriburuetan manifak egongo dira, baita Eibarren ere. Eibarreko manifestazioa 12:30ean izango da Untzagatik hasita.

Hori dela eta, “eskualdean bizi garen guztiok gonbidatu nahi zaituztegu bertan parte hartzera. Ondoren, arratsaldean herri bakoitzeko greba batzordeek antolatutako manifestazioak egingo dira herrian bertan”.

“Posible da eta irabaziko dugu, erakutsi dezagun kolektiboki daukagun indarra!”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen