Beheko testua eta artxiboko argazkia: Berdintasun Saila.
Martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna da. Arrasateko Udaleko Berdintasun saila motorrak berotzen hasi da eta XXV. Kartel Lehiaketa jarri du abian.
Aurtengo edizioaren goiburua liburu honetan oinarritu da: “Feminismoa denon kontua da: politika pasio”, bellhooks ezizenarekin ezagutzen den Gloria Jean Watkins, idazle eta aktibista ezagunarena. Feminism is for Everybody: PassionatePolitics (2000).
“bellhooks” 2021eko abenduan hil zen, eta lehiaketaren edizio honetan aitortu gura da mundu guztiarentzako feminismoaren alde zer lan eta borroka egin zuen.
Idazle eta aktibista estatubatuarrak hainbat gai lantzen ditu liburu honetan: hezkuntza, ugalketa eskubideak, klase borrokak, arrazakeria, maitasuna eta sexua besteak beste. Gai horien lanketatik abiatuta eta arraza, klasea eta sexuaren aurrean norberaren posizioa aztertu eta gero, mundu guztia feminismoarekin bat egitera gonbidatzen du.
Izan ere, aktibistak idatzi bezala, “Ausardia izan behar dugu iraganetik ikasteko eta printzipio feministak gure bizitzako eremu publiko eta pribatu guztietan nagusi izango diren etorkizunaren alde lan egiteko”.
Lanak aurkezteko epea otsailaren 14ra bitartekoa izango da, astelehena, Arrasateko BAZen. 450 eurokoa izango da saria.
Oinarriak bere osotasunean www.arrasate.eus web atarian kontsulta daitezke. Edozein zalantza argitzeko Emakume Txokoarekin jarri harremanetan 943 79 41 39 edo 618 206 233 telefonoen bitartez edota emakumetxokoa@arrasate.eus helbide elektronikoan.