Martin Villa epaitu, frankismoa epaitu [Testua: Julia Monge]

0
316

Kereila argentinarra deiturikoa da laurogei urtean frankismo eta bere krimenen aurka irekitako akzio penal bakarra. Espainiako Estatuaren gobernuak beti horri buruzko ekimen oro irekitzearen kontra jarri dira. Orain arte, erabateko zigorgabetasuna lagun izan dute krimen haien erantzuleek.

Horregatik, Servini epaileak irekitako prozesuari gure sostengua aitortzen diogu, biziki aitortu ere. Diktadura hark gauzaturiko krimen gaitzesgarriek jadanik egia, justizia eta ordaina erdiestea galdegiten dute, gerorako utzi gabe: erailketak, desagertzeak, ondare espoliazioak, lan esklaboa, torturak, gehiegizko lan esplotazioa, umeen lapurretak, sexu nortasunagatiko jazarpenak, misoginia zibil, sozial eta penala, totalitarismo nazional, kultural eta erlijiosoa… Frankismoa erruztatuen aulkian jarrarazten ez dugun bitartean, gaurko erregimenaren zutabeek lohi horietan oinarritzen jarraituko dute.

Heldu den irailaren 3an Maria de Servini epaile argentinarrak Martin Villa ministro ohia deklaratzera deitu du. Izan ere, frankismoak gizateriaren aurka gauzaturiko krimenen parte diren hainbat jardun polizialen ustezko erantzule gisa dago inputaturik. Besteak beste, honako hauek egozten zaizkio: martxoaren 3ko sarraskia, Gasteizen; 1978ko sanferminetan izandako eraso kriminala; Amnistiaren aldeko II. astean gauzaturiko erailketak, bai eta Madrilen, Bartzelonan, Alacanten, Tenerifen, Malagan gauzaturiko antzeko batzuk ere.

Inputatuak eta bere abokatuek behin eta berriz Justizia laguntzeko adierazi duten prestasunaren inguruko adierazpen harroputzen ondoren, aitorpena hartzeko laugarren saioa da oraingoa. Lehendabizikoa, 2019ko irailaren 9rako aurreikusia, bertan behera gelditu zen urte hartako urrian Argentinako hauteskundeak egin behar zirelako, Servini epailea, lurralde hartako hauteskunde eremuan, agintari judizial gorenena baita. Bigarrena, joan den martxoaren 20rako aurreikusia, atzeratu egin zen Espainiako Estatuan koronabirusagatik zegoen konfinamendua zela eta. Orduan maiatzaren 26ra arte gibelatu zen. Eta hori ere etenik gelditu zen, Argentinako Errepublikan bertan orduan bizi zen pandemia egoera zela kausa. Arrazoi berberagatik, orain, bideokonferentzia bidez hartuko dio aitorpena Martin Villari, Argentinak Madrilen duen enbaxadako egoitzatik.

Gure esperantza da ezen, gaur bizirik dagoen hierarka frankista nagusia (SEUko buru nazionala, Sindikatu Bertikaleko idazkari nagusia, Gorteetako prokuradorea, Bartzelonako gobernari zibila, Harreman sindikaletarako ministroa eta Barne ministroa) inputatu izatetik modu formalean auzipetu izatera pasa dadila, arestian aipaturiko krimenetan parte hartu izanagatik. Horrela, epaitua, eta ondoren, kondenatua izateko ateak zabalduko dira. Martin Villa erruztatuen aulkian jarrita ikusi nahi dugu bere biktimek eta horien ahaideek egindako akusazioei erantzun diezaien. Hori dela eta, heldu den irailaren 3ko aitorpena garrantzi handikoa da. Izan ere, beste inputatu frankista batzuek deklaratu behar izateari bidea ireki eta beste biktima aunitzek krimen berriak salatzea ekartzen ahalko baitu. Orobat, justizia espainiarra bera frankismoaren krimen guztiak ikertzeko prozesuak irekitzera behartzeko.

Euskal Herrian udal ugarik eman diote sostengua kereila argentinarrari eta Martin Villa “pertsona non grata” ere deklaratu dute. Halaber, justizia galdatze horrekin bat egin dute Araba eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Nafarroako Parlamentuak, berezko kereilak jarriz edo krimen frankisten biktimen ahaideek aurkeztutakoei sostengua emanez. Azpimarratu behar da, intentsitate maila gora behera, ekimen horiei sostengua eman dioten alderdi politikoek gure herriaren indar politiko demokratiko eta ezkerreko gehienak ordezkatzen dituztela: EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-PSN, EB-IU, Podemos-Ahal Dugu, Geroa Bai,… Ehunka erakunde sozialek ere antzeko adierazpenak egin dituzte: memoria historikoaren inguruko taldeak, sindikatuak, kolektibo feministak, ekologistak, gazte erakundeak… Frankismoa epaitzeko eskakizuna gehienen aldarria da Euskal Herrian.

Horregatik, irailaren 3an, Argentinak Madrilen duen enbaxadaren aurrean egonen gara, Servini epaileak tramitaturiko kereilari sostengua emateko eta Martin Villaren eta hark ordezkatzen duen frankismoaren epaiketa galdatzeko. Memoria historikoaren inguruko hamaika erakunderekin batera eta, batez ere Kereila Argentinarrari sostengua emateko estatuko koordinadoraren inguruan (CEAQUA) bildutakoekin batera izanen gara. Madrilez gain, Pais Valencian, Asturiasen…. ere eginen dira antzeko ekitaldi eta elkarrarazteak.

Hemen, Euskal Herrian, Iruñean egin dugu elkarretaratzea, hiri honetako epaitegien aurrean. Bertan, urte hauetan krimen frankistengatiko justizia galdatzeari sostengua eman dioten udaletako eta udal-taldeetako ordezkariek hartu dute parte.

Diktaduran sortu, Trantsizioa zeharkatu eta gaur arte iritsi den inpunitate lotsakor eta gaizkidea bukatzea nahi dugu jada. Irekitako kereilak aitzina egiten badu, konbentziturik gaude gaurko erregimenak berarekin daramakien bizio handiak eta gutxitasun demokratikoak, zeinei, gutxi izan balitz, azken urteotan, askatasun demokratiko, zigor legedi eta espetxeetako politikaren eremuetan murrizketa eskandaluzkoak gehitu baitzaizkie, sakon onbideratzeko balioko duela.

Julia Monge (Intxorta 1937 kultur elkartea)
Fermín Rodríguez (Sanfermines-78:Gogoan!)
Andoni Txasko (Martxoak 3 Elkartea)
Josu Ibargutxi (Goldatu Elkartea)
Luis Fuentes (CNT Euskadi)
Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataforma

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen