Marixol Iparragirre askatzea eskatu dute eskualdeko hainbat pertsona esanguratsuk

0
1711

Eskoriatzako presoa 70. hamarkadan sartu zen ETAn, eta buruzagitzan jardun ostean, erakundea desegiteko erabakiari ahotsa jarri zion. “Herri honek ez du epaiketa gehiago behar” adierazi dute, “zubiak eraikitzeko garaia” da.

Argazkia: Juan Carlos Ruiz/Foku.

Marixol Iparragirre Genetxea (Eskoriatza, 1961) ETAn 1970. hamarkadan sartu zen, eta erakundearen buruzagi jardun zuen XXI. mendearen hasieran.

Frantziar poliziak 2004ean atxilotu zuen, Mikel Albisu bikotekidearekin batera. Marixol Iparragirrek jarri zion ahotsa ETAk bere burua desegiteko erabakia iragartzeko agiriari.

Horren harira, dozenaka euskal herritarrek adierazi dute “ezinbesteko ekarpena” egin diola Euskal Herria “bake bidean” jartzeko prozesuari. “Beharbada, ez diote jardun hori barkatu nahi iraganeko logikara kateatuta segi nahi dutenek”.

Bere askatasunaren aldeko prentsaurrekoa Donostian egin zuten ostiralean. Izan ere, uztailaren 8an eta 9an epaituko dute espainiar estatuan. “Hemen gaudenok ozen exijitzen dugu Marixolen askatasuna”.

Hainbat pertsona ezagun izan dira agerraldian: Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoa; David Pla, Mikel Orbegozo, Mikel Albisu eta Iñaki Pikabea preso ohiak, Jon Enparantza abokatua; Joseba Alvarez, Xabier Alegria… eta bertze hainbat eta hainbat herritar.

Prentsaurrekoaren mezua Ino Galparsoro Arrasateko alkate ohiak eta Olatz Albisu senideak irakurri dute. Adierazi dute, ordea, ez direla “altxatu diren bakarrak”: “Debagoieneko, Euskal Herriko zein munduko hainbat pertsona esanguratsuk izenpetu dute gurekin batera aldarrikapen hau, bidegabea delako, arduragabekeria delako gatazkara kateatuta segitzea”.

Azaldu dute Marixol Iparragirrek “ia lau hamarkada” daramatzala “etxetik kanpo”, eta horietatik 16 urte preso. Frantziar estatuko espetxeetan zigorra bete zuen 2019ko abuztuan, baina irailean Espainiaratu zuten.

Salatu dute “lehen graduan modu ankerrean” eduki dutela, “inolako epaiketarik egin gabe”. Aste honetan egingo dioten epaiketa “sobera” dagoela salatu dute agerraldian:

“Herri honek ez du epaiketa gehiago behar, are gutxiago kartzela zigorrak ekar ditzaketenak”. Aldiz, “zubiak eraikitzeko garaia” da, “gure herri honek bake, bizikidetza eta askatasunean aurrera egin dezan. Gizalege kontua da”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen