Talde honek 2010etik Kooltur Ostegunak antolatzen ditu Arrasateko Gaztetxean, eta omenaldia Nobenaixuan egingo dio, irailaren 26an.
MKJ Komisiñuak jakitera eman du gaur, osteguna, zeinek jasoko duen enbutu preziatua, ondorengoa baloratuz:
“Ze dau gaur gaztetxian? Zenbat aldittan entzun ote dan hau Arrasateko kalietan eguakotx bezperatan. Eta hori Kooltur Ekintzak inddako lanan frutua da”.
Izan ere, Kooltur Ekintzak 2010etik Kooltur Ostegunak izeneko kontzertuak eta bestelako kultura-adierazpenen ekitaldiak antolatu ditu. Eta horretan darrai.
Horregatik guztiagatik, MKJ Komisiñuak publikoki esker ona agertu dio: “Eskerrik asko 2010etik herrixai horrenbeste doinu emutiagatik, eta kultura sold-out bat baino gehixau dala aldarrikatziagatik”.
Omenaldia ohi denez Nobenaixuan egingo da, aurten irailaren 26an, Maritxu Kajoiren azpian, hots, Herriko plazan. Ekitaldi irekia arratsaldeko 18:30ean hasiko da.
Hortaz, “hurrengo eguakotxian zuen alde ingo dogu topa!”. Zorionak Kooltur Ekintza!




