Maristas Coruña liderra izango da Iturripeko azken bisitaria Smartlog Ointxeko neskentzat

0
2591

Arrasateko kirol talde nagusiek Udaberriko Oporrez gozatzen jarraitzen dute, baina Smartlog Ointxeko neskei iritsi zaie lehiaketara itzultzeko garaia, ez nolanahiko partidarekin gainera. Izan ere, Maristas Coruña, sailkapeneko liderrari egin beharko diote aurre Iturripen, larunbat honetan, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Gainera, denboraldiko azken partida izango da Iturripen, azken partida Pontevedran jokatuko baitute datorren larunbatean.

Ezbairik gabe, galiziarrak FEB2 mailako B multzoko talderik indartsuena dira, jokatutako 24 partidetan hiru baino ez baitituzte galdu, azkena otsailaren 21ean eta, esaterako, azken jardunaldian 36 puntutan utzi zuten Galdakaoko Ibaizabal taldea.

Beraz, David Peñaren taldeak lan zaila izango du aurrean, baina denboraldia aho zapore ezin hobearekin amaitzeko modua litzateke liderra garaitzea, azken hiru postuetara jausteko inolako arriskurik gabe. Zaleek ere, neskek aurten egindako txapelketa txukuna eskertzeko modua izango dute Iturripen.

Ander Murua, Oñatin

Gainerako Arrasateko kirolariei dagokionean, Ander Muruak ere partida garrantzitsua izango du larunbatean bertan, etxetik oso gertu, Oñatiko Zubikoa pilotalekuan. Binakako B serieko txapela buruan, Buruz Buruko txapelketako final laurdenetako ligaxkari ekin beharko dio aurrelari arrasatearrak eta honek ere izan lezakeen partidarik zailenetako bati egin beharko dio aurre, Beñat Senarren aurka jokatuko beharko baitu. Ataundarra oso manomanista da, iaz lehen mailan aritu zen eta aurten tanto bakarraz galdu zuen errepikatzeko aukera Joanes Bakaikoaren aurka, partida esku-eskura izan ostean.

Beste talde nagusi gehienek hurrengo asteburuan itzuliko dira lehiaketara, baina Mondrako mutilek asteazkenean jokatuko dute euren partida, asteburuan jokatzekoak ziren partidak aurreratu egin baitira, Realak jokatu beharreko Kopako finala dela eta. Zubietan jokatuko dute arrasatearrek, gaueko 21.00etan, sailkapeneko azken postuan den Deustoren aurka.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen