Iturripeko denboraldia amaitu da dagoeneko Smartlog Ointxeko neskentzat eta moreek amore eman behar izan dute aurten Arrasatetik pasa den talderik onenaren aurka. Sailkapenak gutxitan esaten du gezurrik, are gutxiago denboraldiko azken aurreko partidan eta Maristas Coruñak argi utzi du zergatik den sailkapeneko lehena eta zergatik irabazi dituen jokatutako hogeita bost partidetatik hogeita bi. David Peñarenek bikain ekin diote partidari eta lehen zatian ondo eutsi diete galiziarrei, baina hortik aurrera amore eman behar izan dute talde handi baten aurka (59-85).
Defentsa handiko taldea da Maristas eta erasoan ezinean aritu dira arrasatearrak. Joana Domingasek eta Izar Delgadok, hamabosna puntu sartuta, eutsi diote nolabait, erasoko lanei, baina taldekideen laguntza gutxi izan dute aurkarien saskia topatzerakoan. Uxue Etxarte (9) eta Oihane Sarasti (6), izan dira lan horietan esku bat bota duten apurrak. Jaurtiketetan(%31), batez ere bikoetan, eraginkortasun oso eskasa izan dute Smartlog Ointxeko neskek 43/16 eta horrela ia ezinezkoa da partidak irabaztea, nahiz eta erreboteetan galiziarrak baino hobeto aritu.
Gaurkoan aurkariak baino gutxiago izan diren arren, denboraldia ona izan da Ointxeko neskentzat, oraintxe hamargarrenak dira sailkapenean eta iazko sufrimendurik gabe eutsi baitiote mailari, izen eta egitura handiagoko taldeen aurka. Nolabait, FEB2 maila honetan egonkortzen ari direla esan genezake eta hori asko da Arrasatekoa bezalako talde batentzat. Denboraldia Galizian amaituko dute arrasatearrek datorren larunbatean, Villagarcia de Arousan Cortegadaren aurka.
Juniorrek ezin Gernikan
Bestalde, Euskal Federazioaren junior mailako Final Fourrari egin diote aurre Ointxeko neskek Gernikako Malosten, baina finalerdietan amore eman behar izan dute etxekoen aurka, 77-61 galduta, baina EAE-ko lau talderik onenen artean sartzea ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.




