Mankomunitaterako bi lan-poltsa berri

0
1558

Helburua bi lan-poltsa eratzea da: Turismo teknikariena eta Garbiguneko zaintzaileena.
Hautaketa-prozesuetara aurkezteko epea abuztuaren 6an amaituko da.

Debagoieneko Mankomunitateak bi lan-poltsa eratzeko prozesuak hasi ditu: Turismoko teknikariena eta Garbiguneko zaintzaileena, eta hautaketa-prozesua bukatutakoan hasiko dira plantilla berrian sartzen. Helburua da ahalik eta eperik laburrenean betetzea bi zerbitzuetan sor daitezkeen hutsune eta behar bereziak. Horrela, gainera, etorkizunean lan horietan sor daitezkeen beharrei erantzun nahi zaie.

Turismoko teknikarien lan-poltsara aurkeztu ahal izateko, beharrezkoa da erdi-mailako unibertsitate-titulua, ingeleseko First edo frantseseko DELF B2 titulua edo ingeleseko edo frantseseko Hizkuntza Eskola Ofizialaren oinarrizko zikloa izatea. Hizkuntzekin jarraituz, euskararen 3. hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea izatea ere eskatzen da. Gainera, B gidabaimena eduki beharko da Garbiguneko zaintzaileen lan-poltsarako, eta eskatzen da eskola-graduatua, lehen mailako lanbide-heziketa edo titulazio baliokidea izatea, bai eta euskararen 2. hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea egiaztatzen duen ziurtagiria izatea ere.

Lan-poltsak oposizio-lehiaketa bidez eratuko dira. Izangaiek azterketa bakarra gainditu beharko dute oposizio-aldian; Garbiguneko zaintzaileentzat aurkezten direnek ariketa praktikoa izango dute, eta turismo-teknikarientzat aurkezten direnek, berriz, ariketa teoriko-praktikoa. Lehiaketa-aldian, lan-esperientzia eta prestakuntza osagarria baloratuko dira. Eskabidearekin batera, lan-poltsetara aurkezteko baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, bai eta ondoren baloratuko diren lan-esperientziaren eta prestakuntzaren ziurtagiriak ere.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen