Mankomunitateak erreketen kalte ekologikoez abisatu du, eta 30 edukiontzi metaliko jarri ditu

0
665

Taula eta beheko testua: Debagoieneko Mankomunitatea.

Debagoieneko Mankomunitateak edukiontzien erreketen inguruko informazioa eman du ezagutzera, ekintza hauek albo kalteak argitara emanez. Kalte ekonomikoez gain, “ingurumena, bizilagunak, eskualde osoko herritarrak… denok gara kaltetu hondakinen edukiontziak erretzen direnean” azaldu du Dorleta Elkorobarrutiak.

Kalte ekonomikoak eta ekologikoak

2025eko lehenengo hiru hilabete honetan 35 edukiontzi erre dituzte Debagoieneko puntu ezberdinetan. Hauek dira datu gordinak:

Erreketa hauek 43.773,38 euroko kalte ekonomikoa sortu dute. “Ekonomikoki daukan kostu itzela etortzen zaigu burura hasiera baten horrelako gertakariren bat jasaten dugunean, baina… zer ondorio ditu ingurumenarentzat? Gertu bizi diren biztanleentzat? Erreta dagoen edukiontzi hori batzea tokatzen zaien langileentzat? Zer hausnartu badugu komunitate
bezala, kalte ekonomikoez harago” azaldu du Elkorobarrutiak.

Suak berak eragiten dituen arriskuez gain, edukiontziak plastiko, metala zein beste hainbat material dituzte eta hauek erretzean substantzia toxikoak aireratzen dira eta horrek zuzen-zuzenen eragiten dio ingurumenari, gertu egon daitezkeen pertsonei.

“Beraz ekonomikoki eman ditugun datuez gain ezin ahaztu gaitezke edukiontzi erre baten inguruan etxeak, parkeak… pertsonak daudela. Pertsonen osasun eta segurtasuna lehenesten dugu eta horrelako ekintzen aurrean, ahal den heinean, ondorio eta kalteak gutxitzen saiatzen ari gara, horregatik azken urteotan suteek eraginda sortu daitezkeen arriskua murriztu guran zenbait egokitzapen egin ditugu”.

Hainbat aldaketa azken urteetan

Prebentzio neurri bezala, Mankomunitatetik azken urteotan hainbat neurri hartu dira kalteak ahalik eta txikienak izateko. Besteak beste, honako esku hartzeak egin dira:

● Edukiontzi guneak lekuz aldatzea.
● Edukiontzi guneetako edukiontzien ordena aldatzea, suaren propagazioa ekiditeko.
● Plastikozko edukiontzien ordezkapenak edukiontzi metalikoengatik.

Azken 4 urteotan guztira 42 edukiontzi metaliko berri erosi dira, eta horietako 30 plastikozko edukiontzien ordez jarri dira. Beste 12 erosi berriak noiz jaso zain dago Mankomunitatea, 12ak ere kalean jartzeko. Edukiontzi metaliko guztien erosketari dagokion kostu ekonomikoa 70.186,05 eurokoa izan da.

“Edukiontzi metalikoek sute baten aurrean abantailak dituela esan dezakegun arren, badituzte ingurumenarekiko, egunerokotasunean gertu bizi diren biztanleekiko eta zerbitzuarekiko desabantailak, adibidez zarata handiagoa, beraz, aldaketak egin ahal izateko kasuan kasu azterketa sakona egin beharra egoten da”.

Foku aldaketa ardura kolektibora

Mankomunitateko Lehendakaria foku aldaketaren beharra adierazi du. “Uste dugu fokua aldatu beharra dagoela. Konponbidea ez baita metalezko edukiontziak jartzea bakarrik, erreketak ekiditea baizik. Horretarako ezinbestekoa dela uste dugu ikerketa sakonagoak egitea eta ardura kolektiboan sakontzea, denon betebeharra baita ingurumenarekin eta inguruko elkarbizitzarekin arduratsu jokatzea”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen