Gazte Koordinadora Sozialistak deituta, mobilizazio bana egingo da larunbat honetan Iruñea eta Bilbon. Hortaz jardun dugu Arrasateko GKSko Gorka Etxabe ordezkariarekin.
Argazkia: GKS.
-Nola ikusten duzue egungo egoera politikoa oro har?
-Nabaria da azken urteetan krisi ekonomikoan sakontzen ari dela gizartea, eta horrek aldaketa ugari eragiten ditu. Aldaketa horietako bat faxismoaren gorakadarena da, kulturalki gizartea eskumaranzko joeran sartzen ari da, politika tradizionalekiko deskonfiantza asko areagotu da eta alderdi instituzional erreakzionario eta faxistak, kale mailako eskuadra faxistak eta sare sozialetako influencer erreakzionarioak indarra hartzen ari dira. Aldaketa ez da soilik subjektu faxisten gorakadan nabari, estatuen eta oro har instituzio politikoen gorakada autoritarioan ere igartzen da. Hau guztia onartzen dituzten lege antiproletarioetan, eskubide politikoen urraketetan edo subjektu zaurgarrien eta iniziatiba politiko iraultzaileen aurkako kriminalizazioan ikusten dugu. Hau da bizi dugun kontestua, eta ez du itxurarik onera joango denik, kontrara baizik.
-Zein aldarrikapen egingo dira zehazki bi manifestazioetan?
-Urtarrilaren 31ko manifestazioen aldarri zentralak faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren gorakadaren aurkakoa izango da. Esan bezala elkarlotutako fenomenoak dira, bai talde faxisten gorakada eta oro har estatuen eta instituzio politikoen autoritarismoaren gorakada. Arrasaten azken hilebeteetan hainbat adierazpen nazi eta faxista agertu dira, izan Ultra Sur Real Madrileko talde ultraren faxistaren pegatinak, izan Devenir Europeo talde naziaren pegatinak edo Frente Obrero alderdi erreakzionario eta espainolistaren pegatinak. Badakigu oraindik ere faxismoak zailtasunak dituela gure herrira sartzeko, baina horrelako gertakariak geroz eta ohikoagoak dira eta ezin dugu normalizatu. Horretaz gain, autoritarismoaren gorakada ere nabaria da. Gorakada hau estatutik gobernu munizipaletara gertatzen ari da. Horren adibide garbia dugu Arrasaten urtarrilaren 9ko gertakarien harira Udalak zein komunikabideek hartutako jarrera jazartzaile eta kriminalizatzailea.
-Zein eragin izan ditzakete bi mobilizazioek Euskal Herrian?
-Zapatuko manifestazioek, batez ere Euskal Herrian faxismoaren aurkako euste-horma bat eraikitzea dute heburu. Milaka pertsona batuko duen mobilizazioak mezu antifaxista argi bat utzi behar du, faxismoak gurean ez daukala lekurik esatea ozen esan behar dugu. Nazioartean faxismoaren aurkako borrokaren beharra zabaltzea ere beharrezkoa da, munduko beste txoko guztietan borroka honetan sakontzen jarraitu dezaten. Horretaz gain mobilizazioetarako egindako aurretiko lanak ere kontzientzia antifaxistan sakondu du, Euskal Herrian antifaxismoa klabe iraultzaileetan landuz eta zabalduz.
-Arrasatetik autobusik antolatu da?
-Arrasatetik bi autobus aterako dira. Ostiralera arte egongo da autobuseko tiketak erosteko aukera Osorik tabernan 10 euroren truke. Faxismoaren eta gorakada autoritarioaren aurka dagoen oro animatzen dut manifestazioan parte hartzera, izan ere, faxismoaren aurkako borrokan baldintza egokiak eraikitzeko aurrerapauso garrantzitsu bat izango da.
-Zerbait gehitu nahi baduzu, aurrera.
-Garrantzitsua iruditzen zait azpimarratzea gaur egungo alderdi instituzionalek faxismoa interes elektoral hutserako erabiltzen dutela, eta faxismoa kalean borrokatzen dutenak kriminalizatzen eta jazartzen amaitzen dutela. Gurean argi ikus dezakegu hori, izan Falange alderdi faxista Gasteizera edo Vito Quiles agitatzaile faxista Iruñera etorri zirenean alderdi politiko instituzionalek hartu zuten jarrera kriminalizatzailearekin. Horregatik garrantzitsua da antifaxismoa klabe iraultzailean lantzea, eta klaserik gabeko eta injustiziarik gabeko gizarte baten eraikuntzarekin lotzea. Politikari profesionalen, eta batez ere alderdi sozialdemokraten promesa faltsuen bitartez politikarekiko desatxikimendua orokortu da gizartean, eta haserre hau faxismoa ari da kanalizatzen. Gure betebeharra da horri erantzungo dion fronte antifaxista zabalak sortzea. Politika profesionalarekiko haserrea faxismoak kanalizatzetik sozialismoaren aldeko borrokak kanalizatzera pasa behar dugu, faxismoaren gorroto ideologia suntsituz eta klaserik eta injustiziarik gabeko gizarte bat eraikitzeko aurrerapausoak eginez.




