Malenek Eneko elkarrizketatu du, eta Enekok Malen

0
102

Estatuko txapelketa absolutuko urrea lortu du Malen Ruiz de Azua pertika-jauzian, eta zilarra Eneko Carrasacalek jauzi hirukoitzean.

Elite mailako bi atleta arrasatearrei proposatu diegu bata besteari zenbait galdera egitea, eta Mojategin egin dugu hitzordua. Hona hemen bien arteko elkarrizketa:

Malen: Ze abesti edo talde gustuko duzu lehiatu baino lehen entzutea?

Eneko: Sasoiaren araberakoa da, eta egunerokoan entzuten dudanaren araberakoa, baina gehien entzuten dudan taldea Non Servium da.

Eneko: Salto garrantzitsu bat egin aurretik, ze irudi bururatzen zaizu?

Malen: Saiatzen nire jauzi on bat irudikatzen. Gure salto guztiak grabatu ohi ditugu teknika lantzen dugun entrenamenduetan. Nik badauzkat ‘Favoritos’ karpetan nire jauzi onenak, eta lehiaketetan ahalegintzen naiz salto horiek bisualizatzen, gero gauzatu ahal izateko.

Malen: Zein kirolarirekin lehiatzea nahiko zenuke?

Eneko: Lehengo atletetatik Jonathan Edwardsekin lehiatzea nahiko nuke. Munduko errekorra berea da eta Europako erreferente nagusiena izan da. Egungo atletetatik Christian Taylor-ekin. Beste batzuekin lehiatzeko eta hitz egiteko aukera izan dut, eta Christian Taylor aukeratuko nuke.

Eneko: Zeri ematen diozu garrantzi handiagoa: denboraldi on bati ala txar bati?

Malen: Nik uste askotan gogoan geratzen zaizkigunak batez ere denboraldi txarrak direla. Pentsatzen duzu, “joe akats hau egin izan ez banu…” edo “joe hau egin izan banu…”. Gure denboraldiak baloratzen dira txapelketa garrantzitsuenetan lortutako emaitzen arabera. Posible da denboraldi bateko marka lortzea, baina denboraldi berean Espainiako bi txapelketa garrantzitsuenetan emaitzak txarrak izatea, eta horren ondorioz zapore txarrakin geratzea.

Orokorrean, nik uste emaitza txarrei garrantzi gehiago ematen zaiela, eta buruari eragiten diozu. Emaitza onak, ordea, unean euforia sentitzen duzu, une gozoak dira, baina berehala ahazten dira.

Malen: Zelan definitzen zara kirolari gisa?

Eneko: Nik ustez kirolari motibatua naizela. Telebistan nire burua lehiatzen ikusten dudanean, oso motibatuta ikusten naiz. Inguruko pertsonek gauza bera esaten didate. Bakoitzak baditu bere burua motibatzeko erak.

Malen: Nire ustez Eneko txapelketetan hazi egiten da: lehiaketetara sasoian heltzen da eta gainera lehiaketetan daukana baino gehiago ematen du, edo behintzat hala ematen du.

Adibidez, Espainiako Txapelketa 15’80 metroko markarekin iristen da, baina txapelketan bere marka pertsonala ontzen du. Lehiaketetan ezusteko atseginak ematen ditu.

Eneko: Nik uste Malenek ere gauza bera lortzen duela. Emaitza onak lortzen ditugu buru nahiko ona daukagulako. Kirolari batzuek ez dute lehiaketetako presioa gustuko, eta nahiago dute lehiatzea imajinatuz entrenamendu normal batean egongo balira bezala.

Guk, ordea, uste dut lehiaketetako une hori bizitzea gustuko dugula, eta emozio hori guztia jauzian islatzea.

Malen: Hori islatzen du biok txapelketa nagusienetan emaitza onak lortu izanak. Areago, gure marka pertsonal onenak holako lehiaketetan lortu ditugu.

Eneko: Pertika-jauzia egingo ez bazenu, atletismoko zein beste proba nahiko zenuke egitea?

Malen: 3.000 metro oztopoak edo ibilketa atletikoa… [barreak]

Eneko: Bai zera…! [barreak]

Malen: Bromak aparte, beste bat aukeratu beharko banu, pista estaliko proba konbinadak izango lirateke. Nik pertika-jauzilari bezala, ez dut nire burua ikusten sufrimendu handiko proba bat egiten, 400 metroko lasterketa, 1.000 metrokoa, fondoko lasterketa bat egiten edo jauriketak egiten.

Nire burua hobetu ikusten dut eta hobeto pasatu dut 60 metro hezietan, luzera jauzian, altuera jauzian, pisu jaurtiketan eta 800 metro lasterketa

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen