Goienagusik antolatuta, hitzaldia goiburu osoa ondokoa da: ‘Makina autonomoak zer diren. Gizarteari dakarzkioten erronkak. Baita zuri ere’. Ekitaldia datorren astelehenean izango da (urtarrilak 24) Kulturaten.
Testua: Ikerlan – Goienagusi.
Garapen teknologikoak gero eta azkarrago doaz, eta gure gizartean gero eta eragin haundiagoa dute. Aldaketa konstante bakarra bihurtzen da. Dagoeneko iraultza teknologikoak ez dira hainbat belaunalditan zehar gertatzen, baizik eta gure bizitzan hainbat iraultza teknologiko bizitzeko prestatu behar gara.
Hitzaldi honetan makina autonomoak zer diren eta gizarteari dakarzkioten hainbat erronka azalduko ditugu.
Hitzaldia didaktikoa da, makina autonomoak ikustarazteko eta ulertzeko, baina batez ere bere garapena eta gure bizitzetan edukiko duen eragina kontzienteki bizi ahal izateko.
Zer dira makina autonomoak? Euren kabuz ikasteko eta lanak euren kabuz egiteko kapaz diren makinak, gizakien gainbegiratze beharrik gabe. Gurekin eta gure artean elkarlanean egongo direnak. Adibidez: auto autonomoak eta gizakiekin batera elkarlana egingo duten robotak.
Inoiz makina autonomo bat erosten edo erabiltzen ez badut, niretzat ere interesgarria izango da? Baietz esango nuke. Adibidez: auto berriak eta etorkizuneko autonomoak euren kabuz erabakiak hartzen dituzte, eta erabaki horien ondorioak autoan barruan eta kanpoan daudenentzako dira. Beraz, istripu bat ezin bada ekiditu: nortzuk babestuko ditu lehenengo (barrukoak ala kanpokoak)? Nork erabakitzen du hori? Nork erakutsiko dio hori autoari? Zein da erabaki etikoa? Zein da fabrikatzailearen ardura? Zer esango du legeak? Ze erabaki dira onargarriak gure gizartean?
Jon Perez Ikerlango ikertzaile nagusia da, sistema adimendun fidagarrien arloan. Bertan, elektronika, fidagarritasuna, adimen artifiziala eta zibersegurtasun teknologiak konbinatzen dira.
Hamabost urte baino gehiagoko esperientzia zabala du segurtasun sistema kritikoen garapenean sektore industrial ezberdinentzako (trenak, automobilak, aerosorgailuak, makina industrialak, igogailuak eta txip-ak).
Austriako TU Wien Unibertsitatean informatikan doktorea, Glasgow-ko Unibertsitatean Elektronikako masterra eta Mondragon Unibertsitatean Ingenieritza Industriala ikasi zituen.
Ikerlanen hogei urte ikertzaile eta arlo buru moduan lana egin du. Eta aurretik Mondragon Unibertsitatean ikusmen artifizialaren arloan eta Motorola Semiconductors-en (Erresuma Batuan) software garatzaile gisa lan egin du.
Arlo akademikoan, Estatuko eta Europako hainbat ikerketa proiektutan parte hartu du, 50 argitalpen zientifiko baino gehiago egin ditu, ARTEMIS batzorde zientifikoko kidea da, IIIA-CSIC-ekin lankidetzan aritzen da adimen artifizial fidagarriaren arloan eta UPV/EHU-rekin ere lankidetzan aritzen da ‘Sistema Fidagarrien’ irakasle bisitari gisa (MISE Masterra).
Hitzaldia datorren astelehenean izango da, urtarrilak 24, Kulturateko areto nagusian, goizeko 10:00etan.
