Maite Urzain: “Doluan, hildako pertsona galtzeaz gain, berarekiko harremana ere galtzen da”

0
693

San Felipe Elkarlaguntzak antolaturik, aditu arrasatearrak azaldu ditu doluak Covid-19aren testuinguruan dituen zenbait bereizgarri. Kulturaten emandako hitzaldian azpimarratu du “deskonektatzeko uneak ere behar ditugula”.

Goiko argazkia: MB artxiboa / Bideoa: TUlankide.

San Felipe Elkarlaguntzak antolatuta, ‘In Memoriam’ oroitzapen ekitaldia egin zen asteartean, segurtasun-neurriak harturik.

Kulturateko ekitaldian Maite Urzain arrasatearrak, San Felipeko bazkide eta dolu egoeratan adituak, bere ezagutzak partekatu zituen.

Bizi dugun egoera “pentsaezina litzateke orain dela urtebete, koronabirusak gure bizitzeko modua baldintzatu du zeharo”.

Eragiten duen testuinguruak lau gakotan laburtu daitezke: “Egoera egunetik egunera testuingurua aldakorra, ziurgabea, konplexua eta zalantzagarria da”. “Buru-osasun eta osasun fisikoan ez ezik, bizitzaren hainbat esparrutan eragiten gaitu”.

“Lanarekiko kezkak, kutsatua izatearen beldurra, beste norbait kutsatzeko beldurra, ezjakintasuna, orokorrean eguneroko ezinegonetatik distraitzea zailagoa egiten zaigu. Horrek eragiten digu etengabean alerta egoeran izatea”. Doluan daudenei ere, testuinguru horrek eragiten die, eta Maite Urzainek ondoko adibidea aipatu zuen:

“Etxeetan konfinatuta geundenean telefono arreta eman nuen, dolu gogorrak eta traumatikoak bizi zuten batzuendako, hasiera baten, lagungarria zitzaien etxetik ez ateratzea. Zaila egiten zitzaielako erruki hitzak eta begiradak jasotzea, ordea, badakigu egoera hau luzaroan ematen denean, hautematen den bakardade maila handituz doala eta dolua korapilatu daitekeela”.

Zalantzagarritasunaz ere hitz egin zen: “Ohiturak eta errutinak gure bizitza estrukturatzen laguntzen gaitu, testuinguru honek gure bizitzako dinamikak etengabe aldatzera behartzen gaitu”. Beraz “egoera hau oso nekeza izan daiteke batzuendako”.

Doluan “oreka txiki bat lortzea sekulako aurrera pausoa da. Egoera honek dinamikak egunero asmatzera eramaten gaitu, nortasunaren arabera, malguagoak direnak errazago egingo diote aurre, beste batzuendako aldiz, estres maila areagotu egingo du”.

Maite Urzain dolu traumatikoen bereizgarriez ere mintzatu zen, Covid-aren eragina nabarmena izan bada, “batez ere pandemiaren hasieran, dolu traumatikoak sortzen dituzten baldintzak bestela ere eman daitezke. Zein dira dolu traumatikoaren eragileak?”

· Berriaren bizkortasuna, asimilatzeko denbora eza.
· Ustekabean harrapatzen gaituenean.
· Heriotza bat-batekoa izan bada.
· Ezintasuna, gertatu denaren aurrean ezin izan dugunean ezer egin.
· Gertatu dena, ezin dugunean ulertu. Informazio falta egon denean.
· Heriotza gertatu denean bakarrik bageunden, kontaktu falta.
· Heriotzaren ostean, sostengua eta babesa ematen dituzten harremanak ez daudenean.
· Emozioak gainezka egiten digunean momentu oro.

Halako doluetan “gure gorputzaren erantzuna handiagoa eta bortitzagoa izaten da; nahigabeko izerdiak, bihotz taupadak sumatzea, arnasa hartzeko zailtasunak, amets gaiztoak izatea, lo egiteko arazoak, nahigabeko irudi edo pentsamenduak izatea ohikoa eta normala da, doluaren parte dira”.

Aldez aurretik ez dugu pentsatu behar dolu hauek “okerrago joango direnik, baina bai momentu horretan arreta handiagoa beharko dutela, eta gure burua zaintzea lehentasuna izango dela”.

Doluaren hasiera “latz horietan erraza da pertsonek mina kentzea eta ahaztearen arteko nahasketa egitea, batzuetan kanpoko mezuek, hobe beharrez badira ere, hori berresten dute”.

Kanpoko mezu horiek izan ohi dira ‘Orain egin behar duzuna lehenbailehen ahaztea da’, ‘Gertatu zaizuna oso gogorra da hobeto pastillak hartu’, ‘Arropak etxetik atera lehenbailehen’ …

Maite Urzainek azpimarratzen du “non dagoen koska, neurri batean: konektatzeko eta deskonektatzeko uneak behar ditugu”. Deskonektatzeko “beste gauza batzuez hitz egin behar dugu, entretenitzen gaituzten gauzak egin, etab …”.

Batzuetan “medikazioa beharrezkoa da, baina medikazioa soilik ez da doluaren irtenbidea, gure gorputzari alternatibak eman behar dizkiogu, eta aukeran ahalik eta osasungarrienak”.

Edonola ere, “min horri erreparatzen ez badiogu, eta mina anulatzea bada gure helburu bakarra, gorputza sobornatzeko egiten ditugun ekintzak eta hartzen ditugun erabakiak, kaltegarriak izan daitezke epe luzean”.

Dolua modu osasungarriaren helburu nagusia “bizitzarekin konektatuta jarraitzea da, gurekin jarraitzen duten haiengatik eta hil diren eta maite ditugunen omenez”.

Maite Urzainek gomendio txiki bat ematen du, lagunen zerrendak zehaztea: “Kafea hartzeko lagunak, ibiltzera joateko lagunak, dibertitzeko eta deskonektatzeko pertsonak, … eta une intimoak partekatzeko pertsonak bereiztea, entzunak eta babestuak sentitzen zaren horiekin”.

Azkenik, “osasungarria ez den ekintza edo pentsamendu baten fijazio bat sumatzen baduzu, arreta berezia jartzea komeni da. Gainezka egin baino lehen galdera hauxe egin diezaiokezu zure buruari: Zein egoeratan ez zenuke zure burua ikusi nahi? Eremu horretara heldu baino lehen kanpo-laguntza eskatzeko momentua izango litzateke”.

Hitzaldi-ekitaldiaren amaieran, pertsona batek bere testigantza eman zuen, galdutako senarrari bihotzetik idatzitako hitz batzuk irakurriz.

Ostean Sagra Lopezen ‘In Memorian’ poesia bildumatik ‘Ama’ olerkia irakurri zen, zendutako pertsona nagusiak gogoratuz.

Eta azkenik ‘Recordamor Vos. Gogoan zaituztegu’ abestiaren goxotasunean, ekitaldiari amaiera eman zitzaion, entzuleek bertaratutako argazki eta oroigarriak mahai batean partekatuz, hil diren pertsonak gogoratuz eta merezitako omenaldia eskainiz.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen