Maite Iturbek EITB-ko zuzendari orokorra izateari utziko dio

0
1612

Arrasatearra 2013an kargu horretarako izendatu zuen Legebiltzarrak, eta ordutik lan horretan jardun du. Lekukoa Andoni Aldekoa de la Torrek hartuko dio, EAJ-PNVri loturikoa.

Argazkia: EITB.

Maite Iturbe Mendialdua (Arrasate, 1959) Enpresa Zientzien ikasketak eta Enpresen Zuzendaritza eta Administrazio master bat egin zituen UPVn eta ETEOn.

Wikipediak azaltzen duenez, 1981ean Jaurlaritzako Euskara Sailburuordetzan lan egiten hasi zen, eta ondoren Hezkuntza Sailean. 1984an ETBko Produkzio sailean lan egiteari ekin zion.

1986an Programen Produkzioko nagusi izendatu zuten, eta hiru urte geroago Produkzioko koordinatzailea. 1991n Produkzio zuzendaria izendatu zuten, baita 1999tik Miramongo ETBren Produkzio Zentroarena ere.

2013an EAJ-PNVren eta PSEren aldeko botoekin, eta PPren abstentzioarekin, Legebiltzarrak EITBko zuzendari nagusi izendatu zuen. Horrela, Alberto Suriori lekukoa hartu zion, eta ordutik lan horretan jardun du.

Gaur (osteguna) Jaurlaritzak iragarri egin du asteartean Andoni Aldekoa de la Torre ofizialki proposatuko duela kargu hori bete dezan. Litekeena da Legebiltzarrak proposamen hori onartzea, seguruenik EAJ-PNV eta PSEren aldeko botoak izango dituelako.

Laudioko gizon horrek 51 urte ditu, eta EAJ-PNVra lotua egon da bere ibilbidean: Bilboko alkate Iñaki Azkunaren taldean parte hartu zuen, eta Lehendakaritzako Komunikazioa zuzendu zuen 2015etik 2017ra, besteak beste.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen