Maila bikaina emanda, zazpigarren postuan amaitu du Ointxe Arrasatek Azerbaijaneko 3×3 Women´s Series txapelketa

0
2577

Argazkiak: FIBA 3×3 women´s series

Etekin ederra atera dio Ointxe Arrasateren emakumezkoen 3x3ko taldeak azken unean jasotako FIBA 3×3 Women´s Series txapelketan parte hartzeko gonbidapenari. Nazioarteko talderik indartsuenekin lehiatzearen esperientziaz harago, arrasatearrek edonorekin lehiatzeko maila dutela berretsi dute eta meritu handiko zazpigarren postuan amaitu dute, partida bat irabazi eta bi galduz. Hamasei taldek parte hartu duten lehiaketako txapela Herbeheretako taldeak irabazi du, finalean Madrilgo taldeari nagusituta.

Irene Muruak, Izar Bediak, Mama Dembelek eta Lara Gonzalezek osatutako taldeak hasiera zaila izan zuen, etxean aritu zen Neftchi Socar talde indartsuaren aurka –5. postuan amaitu zuten– jokatu baitzuen lehen partida eta gauzak oso zail ipini zizkieten arren, azkenean 12-10 eman behar izan zuten amore.

Dena dela, arrasatearrek ederki eman zioten buelta eta bigarren fasera sailkatu ahal izan zuten Txinako Yanjing taldeari nagusitasunez gailendu baitzitzaion 18-9.

Final laurdenetan beste goi mailako talde bat izan zuten parean Ointxeko neskek, azken sailkapenean hirugarren amaitu zuten Austria, eta aurrera egiterik izan ez bazuten ere, euren mailaren berri eman zuten, partida borrokatu batean 18-13 galduta.

Burua tente dutela itzultzeko moduko txapelketa osatu dute Ointxeko neskek, egun batzuetan Arrasateren izena mundu zabalera zabalduz eta planetako talde eta jokalari onenen aurka lehiatu ostean. 3×3 hau gurean kirol berri xamarra izanda, Ointxeko neskek txapela kentzeko moduko denboraldia osatzen ari dira.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen