Maiatzaren 8an Udalatxera eta Kurtzetxikira [Testua: Arrasateko Sare]

0
565

Argazkia: Sare Arrasateren artxibokoa.

Sarek Izan Bidea ekimena martxan jarri zuenetik ekintza ugari egin dira. Saretik urriaren 3an 650 tontor egitea proposatu zen. Arrasateko Saretik bi tontor aukeratu genituen: Udalatx, euren burua indartsu ikusten dutenentzat; eta Kurtzetxiki, tontorra lasaiago egiteko aukera, bakarrik, lagunekin edo familian. Hori bai, tontor batetik zein bestetik elkartasun bera adieraziko diegu presoei eta euren senideei.
Ekintza hori bertan behera gelditu zen une hartan eguraldi txarrarengatik, baina garbi utziz aurrerago egingo genuela eta data ere jarri genuen, maiatzaren 8a.

Hurbiltzen ari da eguna eta motorrak martxan jarri behar ditugu. Arrasaten Udalatxera joateko Aita Menni ospitaletik irtengo gara. Zergatik? Bada, Kepa Arronategi euskal presoa dagoelako bertan eta ekintza xume honekin aldarrikatu nahi dugulako Kepa ez dela Aita Menni ospitalean egon behar, etxean baizik. Legeak dio preso gaixoek etxean egon behar dutela; bete dezatela, beraz, hainbeste aipatzen duten legea eta utz dezatela Kepa etxekoekin aske.

Egia da azken hilabeteetan presoen inguruko mugimendu asko ari direla gertatzen. Gero eta jende gehiago dago Euskal Herritik gertu eta gutxi batzuk bertan ere bai. Arrasateko preso bakarra, Unai, ere Leonera ekarriko dutela iragarri dute. Unaik 31 urte daramatza espetxean eta zigorra beteta du. Kalean egoteko baldintza guztiak betetzen ditu. 2. graduan sailkatu dute eta irteteko baimenak ere izan beharko lituzke. Ea ba, hori ere laster ikusteko aukera dugun.

Dena dela, Madrildik behera dauden presoak oraindik asko dira. Legea betetzea besterik ez dugu eskatzen; lehenik ekar ditzatela Euskal Herrira eta ondoren aske utzi. Gaur egun ez dago inolako arrazoirik pertsona horiek espetxean egoteko, izan ere mendekua eta gorrotoa ez baitira arrazoiak. ETA amaitu zen eta pertsona horiek objetiboki aztertuta, legeak azpimarratzen duen bezala, ez dute suposatzen inolako arriskua gizartearentzat, alderantziz, bizikidetzarako ezinbestekoak dira kalean.

Maiatzaren 8an mendi tontor bat egiteko arrazoi batzuk aipatu ditugu, baina ehunka arrazoi daude; presoak adina arrazoi. Legea betetzeko borondatea baduzue, ekarri preso guztiak Euskal Herrira, atera kalera gaixoak, 3/4ak bete dituztenak, hasi baimenak ematen eta baldintzapeko askatasunak aplikatu.

Denon artean lortuko dugu; ezin gara etxean geratu. Etorri gurekin Udalatxera edo Kurtzetxikira.

Izan bidea presoen kaleratzea lortzeko!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen