Maiatzean eta ekainean ere Arrasate ezagutzeko bisita historiko eta mendi ibilbide andana aukeran

0
942

Testua: Arrasateko Udala.

Uda sasoiaren atarian, Arrasateko Udalak jada aurkeztu du maiatza eta ekaina bitarteko turismo eskaintza, herritarrei zein kanpotik herrira hurbiltzen direnei Arrasate sakontasunean ezagutzeko bisita historiko zein mendi ibilbidez osaturiko egitarauarekin.

Horri jarraiki, “Arrasate, gertuko turismoa” lelo-pean, hain zuzen 6 mendi ibilaldi eta 6 bisita historiko prestatu ditu Udalak maiatzaren 16tik ekainaren 26ra bitartean. Helburua da herriko ondare historiko zein naturala balioan jarri eta ezagutzera ematea, baina, aldi berean, baita herriko garapen ekonomikoari bultzada ematea. “Turismo eskaintza honen bitartez, herritarrei zein bisitariei Arrasate ezagutzeko plan desberdinak eskaini nahi dizkiegu, herrian bertan egiteko aukera desberdinak, alegia. Horren bitartez, gure asmoa edo nahia da tokian tokiko kontsumoa bultzatzea, hau da herritarrek zein bisitariek Arrasaten kontsumitzea, besteak beste, herriko merkataritza, ostalaritza edota ostatuetan. Eta guzti horretarako, turismo eskaintza erakargarria osatu dugu”, azaldu du Udalak.

Izen emateak, halaber, zabalik daude dagoeneko eta interesdunek BAZen, 943 25 20 00 telefonora deituz edota www.arrasate.eus/ezagutu webgunearen bitartez eman ahal izango dute izena. Antolatutako ekintzetan izena emateko azken eguna irteera aurreko ostiralean izango da, goizeko 12:00ak arte.

Azpimarratu, noski, bisita edota ibilbide guztiak prebentzio, segurtasun eta higiene neurri guztiak hartuz eta errespetatuz egingo direla, betiere, herritarren zein bisitarien osasuna eta ongizatea bermatzeko.

Honakoa da, maiatza zein ekainerako antolatutako turismo eskaintza:

Bisita historikoak

  • Maiatzak 15, larunbata, “Historiaurrea : Lezetxiki”. Lezetxiki izan zen euskal lurretako lehen giza kokagunea; Atapuercan bizi izan zen giza espezie bera.
    • 09:30 euskaraz
    • 10:30 gazteleraz
    • Abiapuntua: Garagartzako plaza

*Oharra: Automobilez gerturatu nahi izanez gero, goran aparkaleku txiki bat dago. Ordutegia, 10:00etan euskaraz eta 11:00etan gazteleraz.

  • Maiatzak 22, larunbata, “Arrasateko udaletxea”: pasarte historiko eta politikoen lekuko izan den eraikina ezagutzen.
    • 10:00 euskaraz
    • 11:00 gazteleraz
    • Abiapuntua: Herriko plaza
  • Maiatzak 29, larunbata, “Burdin Aroa-Erdi Aroa: San Balerio meatzarien kofradia”: 1434an, meatzarien gremioak, bere lehen ordenantzak idatzi zituen eta horietatik abiatuta bidaia bat egitea da proposamena.
    • Bisita euskaraz:
      • 09:45 oinez Herriko plazatik
      • 10:30 San Balerio ermitan
    • Bisita gazteleraz:
      • 12:00etan San Balerio ermitan
  • Ekainak 5, larunbata, “Burdin Aroa-Erdi Aroa: Arrasate Erdi Aroko hiribildua”: Alfontso X jakitunak Hiri Gutuna eman zuen 1260ko maiatzaren 15ean, Jaenen, San Esteban del Puerto herrian.
    • 10:30 euskaraz
    • 12:30 gazteleraz
    • Abiapuntua: Herriko plaza
  • Ekainak 12, larunbata “Aro modernoa: Arrasateko ilustrazio garaia”: Aire berriak Arrasaten. Erdi Aroko gatazkak alde batera utzi eta humanismoak hartu zuen protagonismoa, Aro Modernoan, herria mundura irekiz.
    • 10:30 euskaraz
    • 12:30 gazteleraz
    • Abiapuntua: Herriko plaza
  • Ekainak 26, larunbata, “Industrializazioa: Industria ondarea eta Vasco-Navarro trena”: 1919an “Vasco-Navarro” trena iritsi zen Arrasatera eta bidaiarien zein merkantzien trafikoa haztea ekarri zuen. Mekolalde eta Arrasate arten tren misto bi ari ziren eta merkatu egunetan Gasteizeraino heltzen ziren.
    • 10:30 euskaraz
    • 12:30 gazteleraz
    • Abiapuntua: Herriko plaza

Mendi ibilbideak:

  • Maiatzak 16, igandea, “Ipar martxa (Nordic walking) Garagartza-Gesalibar”.
    • 10:00
    • Abiapuntua: Herriko plaza

*Oharra: Nordic Wlaking-eko makilak eraman beharko dira. Material hau ez duenari utzi egingo zaio.

  • Maiatzak 23, igandea, “Gongetako meatzeak eta Udalatxeko karsta”.
    • 09:00
    • Abiapuntua: Udalan, San Esteban elizan.

*Oharra: mendiko oinetako zein arropak eta hamarretakoa eta ura eramatea gomendatzen da.

  • Maiatzak 30, igandea, “Galarrako koba”.
    • 09:00 euskaraz
    • 11:00 gazteleraz
    • Abiapuntua: Meatzerreka elkarteko aparkalekua

*Oharra: mendi ibilbide hau egiteko ezinbestekoa izango da kaskoa (bizikletakoa, adibidez) eta eskuko linterna zein linterna frontala eramatea. Horrekin batera, mendiko oinetako zein arropa aproposa eramatea gomendatzen da (tarte motz batean lurrean arrastaka ibili beharko da).

  • Ekainak 6, igandea, “PR-GI 205 Anporreta bira, burdinaren bidea”.
    • 10:00
    • Abiapuntua: Herriko plaza

*Oharra: mendiko oinetako zein arropak eta hamarretakoa eta ura eramatea gomendatzen da.

  • Ekainak 13, igandea, Ipar Martxa (Nordic Walking) Bedoña-Kurtzetxiki.
    • 10:00
    • Abiapuntua: Herriko plaza.

*Oharra: gomendagarria da Nordic Wlaking-eko makilak eramatea. Material hau ez duenari utzi egingo zaio.

  • Ekainak 20, igandea, “PR-GI 206 Murugain, dragoiaren bidetik”.
    • 10:00
    • Abiapuntua: Herriko plaza.

*Oharra: mendiko oinetako zein arropak eta hamarretakoa eta ura eramatea gomendatzen da

Arrasate zure kasa:

Aukera horiez haratago, Arrasate norberak bere kabuz eta bere kasara ezagutzea nahiago izango balu, Udalak erdigunean dauden ibilbideak gomendatzen ditu, hala nola Erdi Aroko ibilbidea, arnasguneak eta industria ondarearen ibilbidea.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen