Donostia Zinemaldiari buruz hitzaldia eskaini du Maialen Belokik

0
256

Goienagusik antolatutako hitzaldi zikloaren barruan, gaur goizean Maialen Beloki Berasategi Donostia Zinemaldiko zuzendariordeak hitzaldia eskaini du Kulturateko Areto Nagusian. ‘Donostia Zinemaldiaren nortasuna eraikitzen’ izenburupean, Belokik jaialdiak kultura- eta zinema-ekitaldi baten ikuspegitik eta urteko 365 egunetan lan egiten duen erakunde baten ikuspegitik dituen ezaugarriez hitz egin du.

Maialen Beloki Berasategik Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta doktore-tesia Euskal Herriko Unibertsitatean egin zuen, Antton Oteiza zuzendariari buruz. Mondragon Unibertsitateko irakaslea izan da eta Elias Kerejetaren zinema eskolaren sortzaileetako bat izan zen.

Zinemaldiko zuzendariordea da 2016tik, baina 14 urte daramatza jaialdiaren hainbat sailetan lan egiten. 2020an parte hartu zuen DZ360 martxan jartzen. Unibertsitateko ikasle zela, Zinemaldiko komunikazio sailean lan egin zuen.

Hitzaldiaren hasieran Belokik azaldu duenez, “Zinemaldia ez da soilik jaialdiak irauten duen 9 egunetara mugatzen. Lan hori urteko 365 egunetan egiten da, administrazio-, komunikazio- eta sormen-arloetan lan egiten duten 43 pertsonak, besteak beste. Jaialdiaren egunetan zehar, 600 langile ditu platillak. Jaialdiak 10 milioi euroko aurrekontua du, eta horietatik % 50 administrazioetatik iristen da. Hori dela eta, hainbat erakundetako kideak biltzen dituen administrazio-batzarra du, Donostiako Udaletik Espainiako Gobernuraino. Jaialdi lehiakorra eta espezializatu gabea da. “

Belokik jaialdiaren atal ezberdinen ibilbidea egin du. Jaialdiaren erakusleiho nagusia Sail Ofiziala dela azaldu du. “Egutegiak baldintzatzen du atal honetan parte hartzen duten filmen aukeraketa. Zinemaldia hurrengo hilabeteetan estreinatuko diren filmen plataforma da. Zuzendari beteranoen eta talentu berrien filmak sartzen saiatzen gara beti. Promoziorako ere garrantzitsua da zinemako izarren presentzia, baina aurten, Hollywoodeko grebaren ondorioz, oso zaila izan da. Atal honetan aniztasuna gailentzen da, jatorriari, generoari eta abarri dagokienez. “

Jaialdiak beste lau sail ditu: Zuzendari berriak, “kalitatea ezaugarri duen saila, non emakumeek garrantzi eta aniztasun handia duten”; Horizontes Latinos, “non, jatorria latinoamerikarra duten filmak aurkezten diren, eta jaialdia Europarako atea da”; Zabaltegi-Tabakalera, “sail irekia, non zuzendari aniztasuna eta filmen iraupena gailentzen diren”; Perlak, Donostiako Publikoaren Saria, “sail honetan bi sari banatzen dira, film onenarena eta Europako film onenarena”; eta, amaitzeko, Zinemira, “non euskal zinema den protagonista. Loreak Sail Ofizialerako aukeratu zutenetik, asko izan dira haren atzetik etorri diren euskal filmak. “

Topaketak, hitzaldiak, solasaldiak eta abar ere egiten dira jaialdian zehar. “Azpimarratzekoa da Next Zinema Ikasle Topaketa, zinema eskoletako ikasleek parte hartzen dutena. Eskola magistraletara joan daitezke, edo beren proiektuak aurkeztu ditzakete. “

Halaber, Zinemaldiaren berezitasunak azaldu ditu: publikoari zuzendutako jaialdia da, zinema-mota askotarako erakusleihoa, zinema latinoamerikarrerako sarrera, hizkuntza ez-hegemonikoetarako plataforma, ikusleak zinema-aretoetara erakartzeko jaialdia, talentu berriak bilatzea, Zinemaldia zinema-industriaren tokiko, estatuko eta nazioarteko topaketa bat da, zinema-zirkuitua prestatzeko plataforma bat da, jaialditik haratago joan nahi duen ekimena da, hainbat jarduerarekin, eta urteko 365 egunetan lan egiten duen jaialdia da.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen