Maialen Axpek ‘BAT To Tokio’ saioaren aste honetako atalean parte hartuko du

0
282

Axperekin batera, Tobalinak, Morenok eta Jainagak atletismoko jaurtiketak eta jauziak erakutsiko dizkigute.

Akhonmedia ekoiztetxeak Basque Team Fundazioarentzat egindako saioak atletismoaren zati bat ekarriko digu aste honetan, Carlos Tobalina, Odei Jainaga eta Arantza Moreno jaurtitzaileen eta Maialen Axpe pertika jauzilariaren istorioa, hain zuzen ere. ‘Pazientzia’ izeneko atala maiatzaren 2an izango da ikusgai, 11:30ean, ETB 1eko ‘Helmuga’ programan. Ondoren, atal guztiak ikusi ahal izango dira (euskaraz eta gaztelaniaz) Basque Team Fundazioaren youtubeko kanalean.

Aste honetako kapituluaren protagonista guztiek pazienteak izateko beharra dute, bakoitzak bere diziplinan aurrera egiteko; izan ere, pertika jauziek eta xabalina edo pisu jaurtiketek oso lan espezifikoa eta teknikoa eskatzen dute.

Odei Jainaga eta Arantza Moreno xabalina jaurtitzaileek gutxieneko marka lortu behar dute, 85 metro gizonezkoen kasuan eta 64 metro emakumezkoen kasuan, edo, bestela, Munduko zerrendaren barruan sartu behar dute Japoniako hitzordu handirako txartela erdiesteko. Carlos Tobalinaren kasuan gutxieneko marka 21.10 metrokoa da eta Maialen Axperen kasuan 4.70 metrokoa.

Carlos Tobalinarentzat Tokiokoak bere bigarren Jokoak izango lirateke Rio de Janeirokoak jokatu ondoren, eta gainerakoentzat 2021ekoa bere debut olinpikoa izango litzateke.

‘Bat To Tokio’

Tokioko Joko Olinpikoetan eta Paralinpikoetan lehiatzeko borrokatu diren euskal kirolarien ahalegina islatzen da apirileko lehen asteburutik Euskal Telebistan astero emango den erreportaje sortan. ‘BAT to Tokio’ programak ‘BAT To Rio’ eta ‘BAT To Pyeongchang’ saioen txanda hartuko du. Horietan antzeko formularekin aurkeztu ziren udako eta neguko hitzordu olinpikoetan eta paralinpikoetan parte hartu zuten euskal kirolariak.

Erreportaje sorta honek ikus-entzunezko istorio handien osagaiak biltzen ditu, kirolarien ametsak, erronkak eta gainditzeko irrikak kontatzen baititu. Programak pertsonen profil hori du ardatz, ikuslea bere borrokan eta helburuetan inplikatzeko.

‘BAT to Tokio’ astero emitituko da pantaila txikian, igandeetan, ETB 1eko ‘Helmuga’ saioaren barruan. Atal bakoitzak 10 minutuko erreportajea izango du, eta, beraz, Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak baino hilabete batzuk lehenago, Japoniako hirian lehiatzeko sailkapena lortzeko borrokan aritu diren euskal kirolari asko ezagutzeko aukera izango dute ikus-entzuleek.

Akhonmedia ekoiztetxeak egindako saioak irudi ikusgarriak eskainiko ditu eta ikus-entzunezko baliabide modernoenak erabiliko ditu.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen