Debagoieneko Kirol Sarietako epaimahaiak eman du aditzera ze hiru kirolari aukeratu dituzten 2019ko kirolari onenaren sarirako. Iaz DKSko kirolari onenaren saria jaso zuen Maialen Axpe finalisten artean dago ostera ere. Berarekin batera Mikel Linzazisoro eskalatzailea eta Euskadi fundazioko ziklista Mikel Aristi daude.
Bestalde, dagoeneko itxi dira Herritarren Sarirako botoa emateko epea. Iaz Martin Perez eskoriatzarrak abantaila handiarekin irabazi zuen, baina aurten oso borroka estua egon da hainbat hautagairen artean. Irabazi duen kirolaria –ekitaldira arte ez da izenik aurreratuko– boto kopuru totalaren %24arekin gailendu da, eta atzetik, bigarrenak %20 jaso du. Guztira 1.600 boto jaso dira.
Gainontzeko sariak:
Talde onenaren saria: Eskoriatza KEko areto futboleko gizonezkoen talde nagusiak jasoko du datorren martitzenean kirol talde onenaren saria. Urteak egin dituzte Euskadiko Txapelketan lehian, maila nazionalera igotzeko amesten, eta iaz lortu zuten helburua.
Kirol ibilbidearen saria: Trek-Segafredo taldeko ziklista ohiak 16 urte egin ditu profesionalismoan. Oñatikoari nazioarteko lider handienendako lan egitea egokitu zaio. Hala ere, Andaluziako itzulia eta Poitou-Charentesko Tourrean erlojupekoa irabazi zituen.
Sari berezia: Antxintxika Triatloi taldeak 15 urte egin ditu Soraluze eta Bergara batzen dituen krosa antolatzen, eta urte hauetan guztietan ahalegina egin dute lasterketa gurpildun aulkian dabiltzanek ere egin dezaten. Aurten kirol egokituko saila sortu dute klubean.