Dendariak aurre egin zion, eta establezimendutik aterarazi zuen. Ezezagunak lasterka ihes egin zuen, eta bi herritarrek korrikan bere atzetik jarraitu zioten. Ertzaintzak ikerketa zabalik dauka.
Ostiralean arratsaldeko 19:50 aldera, denda ixteko minutu gutxi falta zirela, ezezagun gazte bat arropa dendara sartu zen.
“Zerbait erosi edo galdetu nahi zuen pertsona bat zela uste nuen hasieran, baina mostradorera gerturatzean labana bat atera zuen (sukaldeko labana baten tamainakoa) eta berarekin mehatxu egin zidan” azaldu digu BCko dendariak.
“Broma bat izan zitekeela pentsatu nuen, baina berehala ohartu nintzen benetan zebilela. Esan zidan dirua eman ezean, hil egingo ninduela, eta dirua ostu ezean, bera hilko zutela”.
“Lasaitu zedila eskatu nion, eta pentsatu barik berarengana hurbildu nintzen. Labana ebatu nion eta laguntza eskatu nuen oihuka, baina gu bakarrik geunden dendan, eta kaleko atea itxita zegoen”.
“Nola edo hala, kaleko aterantz eraman nuen, labana nigandik ahalik eta urrunen mantenduz, eta kalera botatzea lortu nuen. Labana dendaren kanpoaldeko zoruan geratu zen”.
“Kimetz tabernako terrazan zeuden bi pertsona ezezagunaren atzetik korrikan hasi ziren, bera harrapatzeko asmoz, eta Seber Altubera jarraitu zuten, baina gero Ferixaleku inguruan bere arrastoa galdu zuten”.
Dendariak zauri txiki bat izan zuen eskuan, eta gertaeraren ondorioz salaketa jarri behar izan du Ertzaintzan. Ertzaintzak azaldu digu ikerketa zabalik dagoela. Animo Arrasateko lagun honi!