M8 Asanblada Feministak igandeko egitaraua aurkeztu du borroka feminista jarraitzeko asmoarekin

0
1047

Martxoak 8 igandea izanik manifestazioa eguerdiko 12:30ean egingo da Seber Altube plazatik hasita.

M8 Asanblada Feministak  igandeko egitaraua aurkeztu du Biteri plazan eskaini duen prentsaurrekoan. Euriari aurre eginez, borroka feministarekin jarraitzeko asmoa ozen eta garbi azaldu dute asanbladako partaideek. Hona hemen irakurritako testua:

“Azken bi urtetan mobilizatzeko eta antolatzeko gaitasuna erakutsi dugu Greba Fenimistetan, sare indartsua sortu dugu Arrasaten ere eta egun oso arrakastatsuak izan dira. Euskal Herrian V. Jardunaldi Feministak antolatu dira eta Arrasateko feministok ere bertan hartu genuen.

2018 eta 2019ko grebek milaka emakumeren inplikazioa bultzatu dute feminismo antolatuan, eta grebaren kontzeptua bera zabaltzeko eta birdefinitzeko balio izan digu, orokorrean emakumeok egiten dugun soldatarik gabeko lan ikusezina hedatuz. Guztion artean gogoeta egiteko ere balio izan digute, baita indarrak metatu eta estrategia berriak pentsatzeko ere.

Aurten berriro ere Arrasateko kaleak beteko ditugu, eta ozen eta garbi esango dugu: jendarte eredu hau bizi-gaitza dela pertsona gehienontzat, batez ere emakume eta genero disidenteontzat, eta jasanezina planetarentzat, amalurrarentzat. Aurten Euskal Herrian ez dugunez grebara deitu, gure aldetik ezintasun bat edo su-eten bat dagoela ikusarazi nahi izan  dute batzuek. Ez bata ez bestea.

Borroka feminista beharrezkoa da oraindik, gaur duela urtebete bezala, horregatik joan ginen Hego Euskal Herrian urtarrilaren 30ean graba orokorrera, baita Arrasaten ere. Greba feminista emakume langileak antolatzeko bitarteko bat gehiago da, ez da helburu bat, beste eredu sozial eta produktibo bat aldarrikatzeko tresna bat baizik, eta ahalegin eraldatzaile horretan jarraitzen dugu.

Guk ez dugu berdintasun formalik nahi, ezta mugarik gab3e kontsumitzeko edo pertsonak eta lurraldeak esplotatzeko berdintasunik ere, ez dugu munduko beste leku batzuetan eta gure inguruan emakume askoren esplotazioa sakontzen duten errezeta neoliberalik nahi. Tokian-toki jarduten dugu, planeta osoko gure ahizpa feministekin konektatuta egoteak ematen digun ikuspegi global eta aberatsarekin.

Beraz, martxoaren 8 honetan suntsitzen gaituen kapitalismoa basatiari aurre egingo dion feminismoa aldarrikatuko dugu. Gure feminismoak eredu zurrunetan eta errealitaterik urrun itotzen gaituen gorputzen merkantilizazioa eta binarismoa borrokatzen ditu, norberaren gorputzerako eskubidea, sexu askatasuna defendatuz. Eta, azkenik, gaur eta beti, eskuin mutur zaharkitu, misogino eta homofoboari aurre egiten dion feminismo antifaxista defendatzen jarraituko dugu.

Berriz ere errepikatuko dugu eta ozen diogu, aurrean gaituzue eta izango gaituzue!

Antolatu, indarrak batu borroka feministara!

Euskal Herriko mugimendu feministaren deialdi eta aldarrikapenekin bat eginaz, Arrasaten ere, martxoaren 8rako egitaraua antolatu dugu herriko emakumeok elkarlanean. Egun ahaztezina izango da! Animatu zure lagun, ahizpa, ama, alabak, eta bizilagunak eta denok elkarrekin egun ahaztezina egongo dugu!

Aurten ere borrokan jarraitzen dugu! Gora borroka feminista!”

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen