Lur kutsatuen garbiketak Zerrajerako etxeen eraikuntzan “atzerapena dakar”

0
971

Etxebizitza Sailak ziurtatu du “atzerapen hori beharrezkotzat jotzen dela kutsadura kentzeko lanak araudiaren arabera egiteko eta pertsonen osasuna babesteko”.

Visesak gaur azaldu bezala, “2020ko irailean” hasi zituen Zerrajeran 184 etxebizitza gehiago eraikitzeko obrak.

Zehazki, 121 alokairurako babes ofizialeko etxebizitzak izango dira, eta beste 63ak erosketarako babes ofizialekoak.

Alabaina “2021eko martxoan, kutsatutako lurrak eta berariazko tratamendua behar izan duten hondakinak aurkitu ziren”.

Udalak aurtengo abuztuan ohartarazi zuen Zerrajera kaleko errepide zati bat itxiko zela, bertan “kata batzuk egiteko”. Ordutik ere itxita daude errepide horretako aparkatzeko plazak.

Visesak gaur ziurtatu du “kutsatutako eremu osoa garbitzeko lanean ari” dela. “Urriaren 1ean berriro ekin zaie eraikuntza-lanei, deskontaminazio-lanek aldi berean aurrera egiten duten bitartean”.

Halaber, Etxebizitza Sailak azaldu du lan hauek “baimendutako kudeatzaile baten ikuskapenarekin egiten ari” direla, “hondakinak biltzeko eta lekualdatzeko protokoloei eta araudiari jarraituz”.

Etxebizitza Sailak gehitu du lur kutsatuen garbiketak “atzerapena dakarrela etxebizitzak eraikitzeko epeetan”, baina ziurtatu du “atzerapen hori beharrezkotzat jotzen dela kutsadura kentzeko lanak araudiaren arabera egiteko eta pertsonen osasuna babesteko”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen